Gizarte Justiziarako eta Ekologiarako Idazkaritzaren 50. urteurrena

Gizarte Justiziarako eta Ekologiarako Idazkaritzaren (SJES) 50. urteengatiko Kongresua azaroaren 4tik 8rako astean egin da, Erromako kuria orokorrean. SJES 1969. urtean sortu zen, Pedro Arrupe aitaren ekimenez, eta gizarte-justizia eta bakezkoak sustatzeko misioari 50 urte eman dizkiola ospatu du 2019an.

Espainiak parte-hartze zabala izan du kongresuan, 13 ordezkari bildu baititu bertan. Batetik, aspalditik gizarte-sektorearekin lotura duten bost jesuita: Daniel Villanueva, Higinio Pi, José María Segura, Alberto Ares eta Patxi Alvarez, Adolfo Nicolás aita nagusiaren garaitan idazkaritzaren zuzendari izandakoa. Eta bestetik, zazpi laiko: besteak beste, Luis Arancibia gizarte-sektoreko ordezkaria, eta harekin batera, María del Carmen de la Fuente (SJM), Miguel Ángel Segura (Red Mimbre), Xavier Casanovas (FCJ Zentroak), María del Mar Magallón (SIP), Guillermo Otano (Alboan) eta Ramón Almansa (Entreculturas).

Berrogeita hamargarren urteurrena kairós bat da; hau da, Jesusen Lagundiaren une historiko bat, justizia lortzea eta bakezkoak egitea bilatzen duen fedearen misioan konpromisoa berritzeko. Horrez gain, aukera bikaina da alderdi sozial eta ekologikoa indartzeko. Hain zuzen, 210 parte-hartzaile baino gehiago izan dira nazioarteko kongresu horretan, kontinente guztietako jesuita, aditu eta aktibisten artean. Guztiak ere, Frantzisko aita santuak munduko «periferia» izendatutako eremuekin konprometituta.

Munduak gaur egun aurrean dituen erronkak duela 50 zeudenak baino konplexuagoak dira. Gizadian garai-aldaketa historikoa bizi dugu, Vatikanoko II. Kontzilioak jadanik iragarri bezala.  Horregatik, topaketak hiru helburu ditu: (1) bide honetan Jainkoarekiko leialtasuna ospatzea, (2) gizarte-sektorean Hobespen Apostoliko Unibertsalak (PAU) –hau da, hurrengo hamar urteetan Jesusen Lagundiaren gidari izango diren irizpideak– gauzatzeko bide-orria zehaztea eta (3) elkarlanerako eta besteekin sarean lan egiteko aukerak sortzea.

SJESen iragana gogoratzeko aukera bat izan da: zer lortu den, zer mugarri jarri diren, zer ikasi den. Abagune ona da, halaber, SJESek zer egin dezakeen lantzeko; hau da, zer egin daitekeen mundu osoan lagundu nahi dituen pertsonen giza eskubideak eta funtsezko askatasunak errespeta daitezela lortzeko: Hondurasko ingurumen-ustiaketaren aurka borrokatzeko nahiz Estatu Batuetako gazte pandilleroak birgizarteratzeko; Indian beren lurretatik bota dituzten indigenekin, dalitekin edo ukiezinekin nahiz Afrikako gazteak hezteko erronketan; Europara iristen diren migratzaileekin eta errefuxiatuekin lanean nahiz klima-aldaketarako konpromisoan.

CPALek gidatutako otoitza batekin hasi da lehen jardunaldia, Arruperen hitz profetikoak ekarrita gogora: «justiziaren aldeko konpromisoak, serio hartuta, prezioa izango du»… Hasierako saioa Kuria Orokorreko areto nagusian egin zen, eta bertan izan ziren Arturo Sosa aita jesuita, Jesusen Lagundiaren aita nagusi orokorra; Peter Turkson kardinala, Giza Garapen Osoa Sustatzeko Vatikanoko Dikasterioko Prefektua; Michael Czerny kardinal jesuita, Errefuxiatuen eta Migratzaileen Vatikanoko Atalaren idazkariordea; Pedro Barreto kardinal jesuita, Huancayoko artzapezpikua eta Peruko Apezpiku Batzarraren (CEP) buruordea; eta Xavier Jeyaraj aita jesuita, Gizarte Justiziarako eta Ekologiarako idazkaria.

Aita nagusiak, bere hitzaldian, labur-labur berrikusi zituen 50. urtemuga honetan izandako mugarriak, eta zerbitzatzen dituzten pertsonen aurpegiak, justiziaren kausan izandako martirien aurpegiak, saio hauetara ekartzeko gonbita egin zien bertaratutakoei. Bizitakoa eskertzera gonbidatu zituen, baina, batez ere, mugetan Jesusi eta haren herriari laguntzeko prest egotera: «Aprobetxa dezagun, beraz, hain une berezi hau, Jainkoa berriz ari baitzaigu hitz egiten, eta oroitzera, eskertzera, zehaztera eta erabaki ausartak, kementsuak eta arriskatuak hartzera gonbidatzen, mugako errealitatean Jesusi eta haren herriari lagun egiteko, baztertuenekin, txiroenekin eta ahulenekin batera».

Aldiz, Xavier Jeyaraj idazkariak SJESen duela gutxiko historia berrikusi zuen bere hitzaldian, eta Arrupe erakundea sortzeko zertan oinarritu zen aipatu du. Jarraian, Peter K.A. Turkson kardinalak Elizaren Gizarte Doktrinaren fedetik eratortzen den Justiziaren tratamendua aurkeztu zuen, eta bertaratutakoei dei egin zien, gure gizartean txikiei ematen diegun tratuak definitzen gaituela gogoraraziz.

Lehen saioa amaitzeko, Michael Czerny kardinal jesuitak Eliza gisa konbertsio hirukoitza egiteko gonbita plazaratu zuen: Kulturala, Ekologikoa eta Sinodala. Atsedenaldiaren ostean, Patxi Alvarez espainiar jesuitak, SJESaren aurreko idazkariak, Lagundiaren apostolutza sozialaren ibilbide historikoa azaldu zuen. Obraren misioaren jatorria aurkeztu zuen: alegia, behartsuen artean behartsu izatera bidalitako apaizak, langileen artean bizitzen eta haien aldarriak partekatzen. Era berean, Pedro Arruperen legatua berrikusi zuen, baita Kongregazio Orokorren funtsezko puntuak ere. Hitzaldia amaitzeko, erronka globalei sormenezko erantzun globalak emateko moduari buruz hausnartzera gonbidatu zituen bertan zirenak.

Fedetik eratorritako justiziarekiko konpromisoaren inguruko bi lekukotza hunkigarrirekin amaitu zen goiza. Jenny Cafisok askotariko egoeretan eta erizain gisa behartsuenen zerbitzura emandako bizitza agertu, eta saminaren eta oinazearen erdian Jainkoa nola aurkitzen duen azaldu zuen. Ismael Moreno jesuitak (Mello aita) kezkaz beterik utzi zituen bertaratutakoak Hondurasen Justiziaren defendatzaileek bizi duten jazarpenaren berri eman zuenean, eta azaldu zuen «egunsentien jaunarenganako» fedetik jaiotzen zaiola itxaropena, eta komunitateen harreran eta laguntzen dituen behartsuen erresilientzian aurkitzen duela Jauna.

Arratsaldez, hizketaldi espiritualeko taldeekin amaitu zen jardunaldia, eta eukaristia egin zen Pedro Arrupe aitaren eta mundu osoan zehar 50 urte hauetan fedearen eta justiziaren alde bizitza eman duten 57 «martiri» jesuiten oroimenez.

Hurrengo egunetan, parte-hartzaileen taldeak apur bat sakonago ezagutu ahal izan zuen zituen munduko hainbat jesuita erakunderen lurralde-eremuak eta gizarte-laneko esparruak. Ostegunean, azaroak 7, Frantzisko aita santuak audientzia pribatua eman zien parte-hartzaileei, Vatikanoko Jauregi Apostolikoan, eta gizartearen bazter dauden pertsonekin lan egiten jarraitzera animatu zituen; «hau da, gure garaiko gurutziltzatuen zerbitzura egotera». Gainera, Arrupe aitaren lana goraipatu zuen. «Beti pentsatu zuen fedearen zerbitzua eta justiziaren sustapena errotik lotuta zeudela».

Esteka honetan, ekitaldiko une nabarmengarrienak biltzen dituen dokumentu bat aurkituko duzu. Gainera, SJESen webgunean dagoen informazio berezia eta topaketaren bost egunetako argazkien galeria ere bisitatu daitezke.