Sirian 7 urtez gerran: babes dezagun hezkuntza

Sirian 2011n gerra hasi zenetik, 5,5 milioi pertsonak baino gehiagok egin dute ihes herrialdetik, beste 6,1 milioi lekualdatuta daude herrialdean bertan, 450.000 hil egin dira eta 1,5 milioi, zauritu. Gerra suntsitzailea ari da izaten, eta ez hildako eta lekualdatu asko dagoelako soilik, baizik eta erakundeak eta herrialdearen funtzionamendurako beharrezko diren sistemak txikitzen ari direlako ere bai.

Milioika pertsonak ihes egin dute setiotik, babes bila. Milioika haur indarkeriaren biktima izan dira eskolara bidean edo eskolan bertan zeudela. Gainera, beste askok hezkuntzarako eskubidea galdu dute, herrialdea gerran dagoelako edota handik ihes egin behar izan dutelako.

Dagoeneko badira 7 urte gerra hasi zela, eta azken asteetan gogortu egin da, gainera. Bada, urte horietan guztietan zehar, 2,4 milioi haur siriarrek hezkuntzarako eskubidea galdu dute (1,75 milioik Sirian jarraitzen dute, eta 730 mila ondoko herrialdeetan daude, Libanon, kasu) eta Siriako 3 ikastetxetik 1 suntsituta dago edo beste erabilera batzuetarako hartu da. Haurrei hezkuntzarako eskubidea kenduz gero, haien oraina eta geroa galtzen da; ikasteko, jolasteko eta haurtzaro eta helduaro duina izateko aukera ebasten zaie. Denbora hori ez da berreskuratzen.

Behartuta lekualdatu egin behar izan duten 12 milioi pertsonetatik gehienak herrialde mugakideek hartu dituzte, hala nola Libanok, Jordaniak, Turkiak eta Irakek; horretarako baliabide eta zerbitzu gutxiago dituzten herrialdeek, hain zuzen ere. Testuinguru horretan, Europar Batasuna gatazkatik ihesi datozen pertsonen harrera mugatzen ari da gure herrialdeetan, hainbat akordioren bitartez. Europar Batasunaren eta Turkiaren arteko hitzarmena da horietako bat; izan ere, hitzarmen horren bidez, asilo-eskubidea duten pertsonek Europarantz egiten dituzten fluxuak gerarazi egiten ditu Turkiak, ordainsari ekonomiko baten truke.

Libanok, gaur egun, milioi bat errefuxiatu siriar ditu herrialdean. Herrialde txikia da, baina, hala ere, mundu osoan errefuxiatu gehien hartzen dituen hirugarren herrialdea da, eta, biztanleria osoa kontuan hartuta, errefuxiatu gehien dituena. Errefuxiatuentzako Zerbitzu Jesuita (JRS) 2008tik ari da Libanon lanean, 3.500 haur errefuxiaturen hezkuntzarako eskubidea bermatzen saiatzen, Entreculturas erakundeak babesten duen eta Hospitalidad kanpainaren baitan egiten den jardunean, zehazki.

Hospitalidad.es-en, Errefuxiatuentzako Zerbitzu Jesuitaren deiari erantzun nahi diogu, eta iritzi publikoa mobilizatu, hezkuntza babestea premiazkoa dela aldarrikatzeko eta, aldi berean, haurrak babesteko, gatazkaren biktima zuzenak izaten ari baitira bai Siriako mugen barnean bai kanpoan. Horrez gain, gure herrialdeetako abegi onaren kultura defendatu nahi dugu. Halaber, helburu horiek betetzen lagunduko duten politiken aldeko apustuak egiteko eskatzen diogu gobernuari, bai nazio mailan, bai EBn, bai eta Nazio Batuen esparruan ere.

  • Eskatzen dugu Espainia, nazioarteko espazio desberdinetan, protagonista izan dadila Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioarekiko errespetua sustatzen eta eskolak babesten, Giza Eskubideen Kontseiluan. Horrez gain, eskatzen diogu Europako migrazio- eta asilo-politikak giza eskubideekiko koherenteak izatearen alde lan egiteko.
  • Halaber, Espainiari eskatzen diogu migrazio-mugimendu handien aurrean ardura elkarbanatzeko modu eraginkorrago bat bermatzeko, errefuxiatuak gatazkan dagoen herrialdearen ondoko herrialdeetan kontzentratu ordez; izan ere, horrek ondoez- eta zaurgarritasun-egoera gehiago eragiten ditu maiz. Espainiako gobernuak askoz gehiago egin dezake, eta egin behar luke, errefuxiatuak bide legaletatik etorri ahal izatea errazteko.
  • Azkenik, Espainiak garapenerako lankidetzarako politika publiko sendo batean inbertitu beharra dauka (Garapenerako Laguntza Ofiziala), 10 errefuxiatutik 8 gatazka-eremuen mugan dauden herrialdeetan bizi baitira, hau da, gutxiago garatutako herrialdeetan, eta horregatik, errefuxiatuak hartzen dituzten gobernuek integraziorako politikak indartu behar dituzte, pertsona errefuxiatuek dagozkien eskubideak izan ditzaten, hezkuntzarako eskubidea, adibidez.
  • Halaber, Espainiak areagotu egin behar du larrialdi- eta gatazka-egoeran dauden herrialdeetako hezkuntzarako finantzazioa, modu esanguratsuan areagotu ere, eta denboraz aurreikusita; horretarako, ekintza humanitariora zuzendutako guztizko laguntzaren % 4 bideratu behar luke larrialdi-egoeran daudenen hezkuntzara, eta egun Europar Batasunak bideratzen duen % 6ra hurbilduz joan beharko luke.