Egoera ahulean dauden Afrikako eta Afrikatik kanpoko migratzaileei erantzun osoa emateko asmoz

Urtarrilaren 20tik 22ra, Migrazioari eta Babesari buruzko Nazioarteko Biltzarra izan da Nairobin. Justizia eta Ekologiako Jesuita Sareak (Jesuits Justice and Ecology Network – JENA) antolatu du biltzarra, eta, besteak beste, gizarte-zentroak, Errefuxiatuentzako Zerbitzu Jesuita, unibertsitateak, Lead Magis gazte-sarea, Elizako erakundeak eta misioaren Europako kolaboratzaileak izan dira bertan. Europako kolaboratzaile horien artean, gure erakundeetako batzuk zeuden; esaterako, Entreculturas, Alboan, SJM España, Migrazioak Aztertzeko Unibertsitate Institutua (UPComillas) eta Nadorreko DDM. 

Biltzarrak helburu hauek izan ditu: egoera ahulean dauden Afrikako migratzaileentzako ministerio jesuitak egindako mapaketa osatzea; migratzaile eta errefuxiatuentzako ministerio jesuitak koordinatzeko estrategiak garatzea; eta Afrikako eta Europako ministerio jesuiten arteko nazioarteko elkarlan instituzionala sustatzeko estrategiak prestatzea.

Biltzarraren lehenengo erdian, egoera ahulean dauden Afrikako hainbat tokitako migratzaileek gainditu behar dituzten erronka politiko, sozial eta ekonomiko handiak nabarmendu zituzten hizlariek. Hurrengo saioetan, parte-hartzaileek mapaketa-lan bat egin zuten, eta, gero, eztabaidak egin zituzten taldean, lankidetzan aritu ahal izateko. Biltzarrak sei lankidetza-eremu identifikatu zituen, eta sare-egitura erraz bat zehaztu emaitzei segimendua egiteko.

Justizia eta Ekologiako Jesuita Sarearen (JENA) zuzendari Charles Chilufya SJk esan duenez, «egoera ahulean dauden migratzaileei lagunduz, aitortzen dugu sareko lana dela antolatzeko modurik onena».

 

Behin betiko dokumentu hau adostu zen Nazioarteko Biltzarrean.

 

Migratzaile eta Errefuxiatuei buruzko Nazioarteko Biltzar Estrategikoa

Egoera ahulean dauden Afrikako eta Afrikatik kanpoko migratzaileei erantzun osoa emateko asmoz

«Jesusen Lagundiaren Lehenespen Apostoliko Unibertsaletan eta Frantzisko aita santuaren deieran oinarrituta, guk, jesuitak eta Afrikako kolaboratzaileak, hitzematen dugu egoera ahulean dauden migratzaileak hartu, babestu, sustatu eta integratuko ditugula.

Egoera ahulean dauden migratzaileei laguntzeko egin diguten deieran, hauek ere sartzen dira: nahitaez lekualdatutako pertsonak –herrialde barruan lekualdatutakoak, errefuxiatuak, asilo-eskatzaileak eta herrigabeak–, pertsonen salerosketatik bizirik ateratakoak, iragaitzazkoak eta nahitaez itzuli direnak.

Egoera ahulean dauden migratzaileei elkarlanean lagunduz, arreta berezia eskainiko diegu genero, adin edo ezintasunagatik diskriminatzen direnek.»

 

Justizia eta Ekologiako Jesuita Sareari buruz (JENA)

Justizia eta Ekologiako Jesuita Sareak (JENA) hainbat erakunde hartzen ditu barnean; besteak beste, fedean oinarritutako Jesuiten GKEak (gizarte-zentro ere deituak), hurbileko erakunde jesuitak, bakearen eta garapenaren aldeko aktibista jesuitak eta akademiko ugari. Guztiek Afrika bidezkoa izatea nahi dute, pobrezian ez egotea, bakean bizitzea eta ekologikoki jasangarria izatea. JENAk Afrikako eta Madagaskarreko Biltzar Jesuitako (JCAM) Justizia eta Ekologiako Bulegoaren babesean egiten du lan.