#HospitalitateBideak: ehunka pertsona ari dira oinez gizarte hartzaile eta solidario baten alde

Ehunka pertsona ari dira oinez errefuxiatuekiko eta migratzaileekiko inklusio- eta harrera-gizarte baten alde #HospitalitateBideak ekimenaren edizio berrian. Dozenaka kilometro egin dituzte 10 hiri baino gehiagotan Espainiako Jesusen Konpainiaren Sektore Sozialak sustatutako martxa solidario horietan, eta migratzaile eta errefuxiatuen babesaren, askatasunaren, duintasunaren eta berdintasunaren alde egin dute. Frans van der Lugt apaizak elkarbizitzaren eta aniztasunaren alde egindako lanean oinarrituta eta #The PowerofVote kanpainaren eta Errefuxiatuen Nazioarteko Egunaren (ekainak 20) harira, milaka pertsonak migratzaile eta errefuxiatuen giza eskubideak bermatzeko politikak aldarrikatu dituzte, samina, sufrimendua eta heriotzak saihestuko dituztenak indarkeriatik, pobreziatik edo klima-baldintza latzengatik ihes egiterakoan.

Maiatzean zehar, hilaren 26ko Europako hauteskundeen aurreko mobilizazio- eta sentsibilizazio-kanpainaren ekitaldi moduan, JRS Europa erakundearen #The PowerofVote ekintza-markoaren barruan hainbat ibilaldi eta jarduera antolatu ziren honako toki hauetan: Valentzia, Madril, EAE (Loiola). Kordoba eta Sevilla. Gainera, maiatzaren 22an #HospitalitateBideak mugimenduarekin lotutako aldarrikapen sozial eta politikoz osatutako eskuliburu bat eman genien Europako Parlamentuko ordezkariei Madrilen. Honako toki hauetan ibili gara oinez azken hilabetean:


GALIZIA

Galizian, Entreculturas erakundearen hiru delegazioen lan bateratuari esker, ekainaren 1ean (larunbata) dozenaka pertsonak hartu zuten parte Santiago de Compostelako ibilaldian. Boluntarioak, langileak, teknikariak eta gainerako parte-hartzaileak Galiziako hiriburuan bildu ziren errefuxiatuen eskubideen aldeko mugimenduez betetako jardunaldian parte hartzeko.

Ibilaldiaren helburua “botererik gabeko guneetan” gelditzea izan zen, baina giza mugikortasunarekin, elkartasunarekin eta harrerarekin lotura handia dutenak. Lehen geldialdia O Toural plazako atarian izan zen, non etxerik gabeko pertsonek lo egin ohi duten. Bigarrena Vieiroko Caritasen izan zen, beren burua apaintzeko, mintzatzeko eta mahaia partekatzeko beharra duten pertsonentzako topagunea. Azkenik, Vagalume izeneko proiektua ikusi zuten, Santiagoko oblatuek antolatutakoa, salerosketaren biktima izan diren emakumeei babesa eskaintzen diena. Emakume horiek esplotazio sexuala jasan dute, eta etxe horretan laguntza, babesa, errespetua eta duintasuna topa dezakete.

ALACANT

Abegi Onaren aldeko II Martxa Alacanteko Serra Grossara igo zen joan den ekainaren 14an (ostirala). Ehunka pertsonek egin zuten bat gizarte-erakunde eta -kolektiboaren deialdiarekin, #SomosRefugio ekimena abiarazi zutenak. Horien artean #EskubidedunMigratzaileak sarea, Entreculturas elkartea eta CEAR komisioa zeuden. Inmaculada Jesuitas eskolan hasi zen martxa, eta igoera-kilometroak ibili zituzten. Amaieran, hainbat ekitaldi sinboliko egon ziren, Mediterraneoa protagonistatzat zutelarik, heriotza- eta sufrimendu-agertoki bihurtu baita.

ASTURIAS

Asturiaseko Tokiko Plataforma Apostolikoak hainbat erakunde sozial hartzen ditu barne, hala nola Hogar de San José Fundazioa, Entreculturas Asturias ordezkaritza, zentro pastoralak eta ikastetxeak (besteak beste Gijóneko Inmaculada ikastetxea edo Oviedoko San Ignacio ikastetxea), baita beste pertsona eta erakunde batzuk ere. Plataformak joan den ekainaren 16an, igandean, antolatu zuen Abegi Onaren Ibilbidea. Asturiaseko hiriburuko Neguko parketik hasita, ehunka pertsonak ibili zituzten Las Caldas udalerriko Priorio gazteluraino zeuden 10 kilometroak.

Harrera-gizarte inklusibo baten aldeko martxa bukatu ondoren, eukaristia egin zuten Priorioko parrokian; gero, parte-hartzaile guztiek elkarrekin bazkaldu zuten. Haurrek jolasteko tartea, solasaldiak, atsedenaldiak eta pasierak ere egon ziren egunean zehar.

VALLADOLID

Valladoliden, Errefuxiatuen Munduko Egunaren bezperan, joan den ekainaren 19an, asteazkenean, ehunka pertsonak hartu zuten parte #HospitalitateBideak jardueran. Ibilaldia Valladolideko erdigunean dagoen Plaza Nagusitik atera zen. Ibilbidea 2018koaren antzekoa izan zen, eta partaideak Simancaseko Bide Zaharrean zehar ibili ziren. Martxa INEA Eskolan amaitu zen, aldirietan.

Valladolideko Tokiko Plataforma Apostoliko Sozialak (Red Íncola Fundazioa, Entreculturas Valladolid eta INEA Fundazioa) antolatu zuen jardunaldia, eta hamarnaka pertsonak egin zuten bat migratzaileen eta errefuxiatuen aldeko ibilaldian: CVX, boluntarioak, langileak, lagunak, lankideak, batukada soziala… INEAra iritsitakoan, hainbat une berezi partekatu zituzten: aldarrikapenez eta itxaropenez beteriko manifestu bat irakurri zuten; dantza kontenplatiboan aritu ziren, lorategietan olibondo bat landatu zuten eta parte-hartzaile guztiei askaria eskaini zieten.

MÁLAGA

Ekainaren 22an, larunbatean, Málagako hainbat erakunde sozialek, besteak beste Entreculturas Málaga eta Hospitalidad elkarteek, Malagako Etorkinekiko Elkartasun Plataforman bat egin zuten, Tokiko GKEE-en Koordinakundearekin batera, Abegi Onaren, harreraren eta migratzaile eta errefuxiatuen gizarteratzearen aldeko lehen ibilaldia antolatzeko. Ibilaldia Erromatar Antzokitik atera zen, eta hiriko hainbat toki esanguratsutatik igaro zen. Ekimena Konstituzio Plazan amaitu zen: manifestua irakurri zuten eta elkarrekin bazkaldu zuten Malagako Arrupe Zentroan.

Ehunka pertsona batu ziren ibilaldira; hainbat lekukotza irakurri ziren lehen pertsonan eta giza eskubideak errespetatzen dituzten babes- eta harrera-politikak aldarrikatu zituzten. Horrez gain, Mediterraneo itsasoko heriotzak geldiarazteko exijitu zuten.

BURGOS

Joan den asteazkenean, ekainaren 26an, Burgoseko Jesuiten erakunde sozialek, Entreculturas Burgos eta Atalaya Intercultural elkarteak buru, Burgos Acoge eta Gurutze Gorriarekin batera, #HospitalitateBideak ekimenaren beste edizio bat egin zuten, eta Done Jakue bidea elkartasunaren bide eta kulturen arteko topagune bihurtu zuten.

Ibilbidea Burgosetik atera zen, eta parte-hartzaileek 13 kilometro egin zituzten, Rabé de las Calzadas udalerriraino. Bertan, azken topaketa egin zen, guztientzako askariarekin eta François Xavier Nsababandi Burundiko JRSko zuzendariaren hitzekin. Hark Entreculturas erakundearen “Escuelas Refugio” kanpaina aurkeztu zuen eta erakundeak Afrikako herrialde horretako errefuxiatuekin egiten duen lana azaldu zuen, baita eskaintzen dituzten hezkuntza- eta prestakuntza-aukerak ere, biztanleak bertako indarkeria-testuinguru horretatik babesteko.