Karabana ikusezinak: karabana migratzailea eta Hondurasko migratzaileak Espainian

Egun hauetan Mexiko zeharkatzen ari den karabana migratzaileak erakusten duen dinamika ez da berria, baizik eta azken hamarkadetan anonimatuan errepikatzen ari den errealitatea. Karabana horretan ez ezik, Erdialdeko Amerikako milaka pertsonaren beste karabana ikusezin batzuetan ere jarri behar dugu gure arreta; izan ere, duela urte batzuetatik hona, karabana horietako batzuk Espainiara iristen ari dira, eta beste batzuk Erdialdeko Amerikako beste herrialde eta eskualde batzuetan harrapatuta geratzen dira.


Madril, 2018ko azaroaren 26a. Gaur egun Mexiko zeharkatzen ari den eta Estatu Batuetarantz doan Karabana Migratzailea izenekoa hiru karabanaz osatuta dago, eta haietan, guztira, 7.000 pertsona daude, emakume eta umeak barne. Lehenengo taldea urrian irten zen Hondurastik, eta gehienak (% 85) herrialde horretakoak badira ere, Guatemala, El Salvador eta Nikaraguakoak ere badaude. Erdialdeko Amerikatik eta Mexikotik zeharkatzean, karabanak gobernuen presioa jasan du, gizarteak eta erakundeek kriminalizatu egin dute, eta atxiloketak, desagerpenak, bahiketak eta aberriratzeak egon dira. Duela gutxi talde batek lortu du Estatu Batuen eta Tijuanaren arteko mugara iristea.

Latinoamerikako Migratzaileekiko Sare Jesuitaren (RJM-LAC) sareak adierazi duen bezala, Honduras estatuan defizit demokratikoa eta ustelkeria handia dago, eta, gainera, askatasun publikoak mugatuta daude eta giza eskubideen defendatzaileen jazarpena dago. Bestalde, pobrezia etengabe hazten ari da: Hondurasko BPGd AEBkoa baino hamar aldiz baxuagoa da, eta desberdintasunaren Gini adierazlearen arabera, biztanleen % 60,9 pobreziaren atalasearen azpitik bizi da, eta % 38,4 muturreko pobrezia egoeran.

Horri guztiari gehitu behar zaio herrialdean dagoen indarkeriaren maila handia; urteko homizidioen indizea munduko handienetakoa da, hau da, 56 homizidio 1000.000 biztanleko (Espainian, ordea, 0,7). Indarkeriaren arrazoiak dira, besteak beste, inpunitate handia, gazteen arteko langabezia tasa handia (gazteen % 53 langabezian dago), marak eta talde kriminal antolatuak, eta narkotrafikoaren gero eta presio  handiagoa. Bestalde, osasunari eta hezkuntzari dagokionez, Honduras 189 herrialdeen artean 133. tokian dago Giza Garapenaren Adierazlean, eta biztanleriaren % 11,1 alfabetatugabea da.

Mexikoko eta Estatu Batuetako erantzuna migrazio-politika gogortzea izan da, eta horrek ekarri du Mexiko zeharkatzen duen ibilbidea arriskutsuagoa bihurtzea eta migratzaileak oso  egoera ahulean jartzea, haien integritate fisikoa, psikologikoa eta osasunekoa arriskuan jarri baitira. OMEren datuen arabera, 2017ko lehenengo hiruhilekoan Mexikotik itzuli diren hondurastarren kopuruak % 52,8ko gorakada izan du, 2018ko lehenengo hiruhilabeteko datuen aldean, eta horrek argi eta garbi erakusten du herrialde horren migrazio-politikaren kudeaketaren inkoherentzia; izan ere, herrialde horrek iparraldean  AEBren politika berdinak jasaten ditu.

Horretaz gain, Donald Trump AEBko presidenteak mugako soldaduak mobilizatu ditu, eta karabana osatzen duten pertsonak kriminalak eta herrialdearen segurtasunerako mehatxu bat  direla adierazi du. Eta hori gutxi balitz, AEBko gobernuak eten egin du herrialdean “legez kanpo” sartzen diren pertsonei asiloa emateko aukera. Politika horiek arriskuan jartzen dituzte giza eskubideei eta gizakien mugikortasun eta babesari buruzko nazioarteko hitzarmenak. Gainera, kontuan hartu behar da karabanaren migratzaileak kriminalizatzeak pertsona horien egoera okerragotzen duela.

Espainian antzeko egoera gertatzen da. Espainia da Erdialdeko Amerikako pertsonen asilo-eskaera gehien jasotzen duen herrialdea, eta, atzerriko nazionalitateen artean, 2017an gorakada handiena izan zuen hirugarrena. Iaz, ia-ia mila hondurastarrek eskatu zuten nazioarteko babesa Espainian; hala ere, 30 asilo-eskaera bakarrik ebatzi zuten, eta den-denak ukatu ziren.

Hori dela eta, Latinoamerikako beste erakunde batzuekin lotura estua duten lankidetzarako eta migrazioetarako jesuiten erakunde sozialek osatutako Hospitalidad kanpainatik, bost proposamen nagusi egiten ditugu karabana ikusezinei buruz:

  • Erdialdeko Amerikako migratzaileei arreta humanitarioa eta babesa emateko baliabideak hornitzea.
  • Arazoaren muinera joatea: migrazioen arrazoiak eta eragileak aitortzea.
  •  Espainian asiloa emateko sistema aldatzea.
  • Herrien eta pertsonen artean harrera egiteko kultura sustatzea.
  • Migrazioa aukera eta eskubide bat bezala ikustea.

 

Informazio gehiago nahi izanez gero, agiri osoa eskuratu ahal duzu helbide

 

Gure lanari buruzko informazio gehiago www.hospitalidad.es web orrian kontsultatu daiteke; bestela, gurekin harremanetan jarri ahal zara contacto@hospitalidad.es helbide elektronikoan.