Ecología y Acogida Ana Leal, ‘Laudato Si’-an oinarriturik irekitako gunea

Valladolideko Komunitate Apostolikoak, Probintziaren laguntzarekin, bizikidetza-gune berria ireki du INEAn. Laudato Sian inspiratuta irekitako harrera- eta topaketa-gune bat da, eta bat dator gizakien eta guztion etxearen zaintzan oinarritutako neurri ekologikoekin. Komunitate kontzeptu berria da: solidarioa, hirian integratzeko prozesuan laguntza behar duten migratzaile- edo errefuxiatu-familiekin partekatzen duelako egunerokoa, eta dibertsitatearen aberastasunari irekia, taldean nahiz bakarka partekatutako esperientzia bat, prestakuntza-aldi bat, erretiro espirituala, ikasketa-orduak, aire berriak, boluntario aritzea edo bizitzan aldaketa bat behar duten kideak eta lagunak biltzen dituelako. Trantsizio-toki inspiratzaile eta eraldatzailea da, eta bi haur dituzten senar-emazte brasildar batzuei harrera eginez jarri genuen martxan.

Gune horrek Ecología y Acogida Ana Leal izena darama. Ana Red Incola, Entreculturas, Fundación INEA eta Come Sano Come Justo erakundeetako boluntarioa izan zen, eta bere bizitza gaztearekin eta heriotzarekin argi utzi zuen posible dela azken hatsera arte besteen zerbitzura bizitzea, zeregin horri maitasun guztia emanez. Oso gogoan dugu Ana eta horregatik haren izena darama proiektu xume honek. Valladolideko jesuiten inguruko kide eta erakundeek parte hartzen dugu bertan, bakoitza bere harri-koxkorra ekarriz, eta era batera edo bestera guztion artean egiten ari garen lan bat da. Komunitate solidario honek, etxe ireki eta jasangarri honek, haurrak dituzten immigrante-familiei harrera egiten die. Horrekin batera, Trantsizio Ekologikoko Eskola eskaintzen du, esperientzia hori bizi nahi dutenentzat prestatu diren 25 logela bikoitzen bitartez. Gutxi barru, Jesusen Lagundiaren Sektore Sozialeko ikastaroko parte-hartzaileak izango dira instalazioetan. Badakite, prestakuntza jasotzeaz gain, bizimodu komunitario onuragarri eta eraldatzailea izango dutela bertan:

Alor sozialean, dibertsitatea –espirituala, kulturala eta belaunaldi artekoa– eta pertsonen espazioak errespetatzen dituen gune bat delako. Errespetu hori da harrera, atsedenaldian isilik egotea, guztionak diren lekuak eta gauzak zaintzea eta etxeko lanetan laguntzea, sukaldean, jantokian, garbiketan nahiz baratzean.

Alor ekologikoan, oinarrian dituen neurri “ekologikoak” aurrera eramaten direlako. Janari begetarianoa, ahal dela ekologikoa, eta gure baratze ekologikotik. Gure xaboi, gel eta detergenteak ekologikoak dira, baita garbitzeko produktuak ere. Energiaren erabilera arrazionala da: neguan arropa beroagoak erabiltzea eta udan etxea fresko mantentzea, energia elektrikoa neurrigabeki ez erabiltzeko. Horrela, egunerokoan gauzatzen da guztion etxearen zaintza. Gauzak bestela egin daitezke. Saia gaitezen.

Alor ekonomikoan, komunitate jasangarria lortzeko beste bizimodu batzuetara irekita gaudelako. Lana eta lanaren fruituak harturik oinarri. Baratzeak elikagai freskoak ematen ditu uda partean, eta kontserbak negurako. Gauzak egiteko beste modu batzuk iradokitzen dituen austeritate bat da. Partekatzen dutenek gastuetan lagundu dezakete, etxea jasangarria izan dadin eta baliabiderik ez duten pertsona eta familiei harrera egiten jarraitu ahal izan dezagun.

Alor intelektualean eta espiritualean, gune bat baino gehiago delako: bizitzarako eta trantsiziorako eskola bat da (konbertsio ekologikoa), eredu jasangarriagoa, bidezkoagoa eta integratzaileagoa lortzeko bidean. Eskolaren inguruak aukera ematen du naturaren edertasunaz gozatzeko, agroekologia praktikatzeko eta jasotako ondasun oparoak  –kantua, otoitza, ospakizuna, sukaldea, irakurketa, zerbitzua, ibilaldia, naturari behatzea, eta abar– era askotara eskertzeko.

Horizonte berriak ditugu jomugan: bizikidetza eta elkartasuna, eta nork bere ingurua eta burua zaintzea. Besteenganako maitasunean eta zerbitzuan zentratutako espazioak irekitzea. Bizitza pertsonal eta komunitariorako mistika berri bat.

 

Harremanetarako: acogida.analeal@gmail.com