Hitzaldia: “Mujeres en la Frontera”, Helena Malenorekin

Madrilgo San Ignacio etxean ‘Mujeres en la Frontera’ hitzaldia eman du Helena Malenok, Caminando Fronteras kolektiboko giza eskubideen aldeko aktibistak. SJMk antolatu du ekitaldia, Pueblos Unidosen eta Comillasko Unibertsitateko Migrazioari buruzko Ikasketen Unibertsitate Institutuaren (IUEM) lankidetzaz, eta bertan ehunka lagunek entzun ahal izan dute Helenaren lekukotza Espainia hegoaldean Marokorekiko mugan dauden emakumeen egoerari buruz.

Hitzaurrean, Ventilla auzoko jesuiten sektore sozialak betetzen duen eginkizunaren errealitatea azaldu du Severino Lázaro jesuitak. Jarraian Pueblos Unidos-eko zuzendari Iván Lendrinok hartu du hitza, bere erakundeak eta SJMk hegoaldeko mugan egindako lanaren berri emateko, eta ondoren Alberto Ares jesuitak Helena Maleno aurkeztu du, haren ibilbide profesional eta pertsonala aipatuz.

Hitzaldiari hasiera emateko, emakumeek mugan, indarkeria orokortuko egoera batean, zer errealitate bizi duten azaldu digu Helena Malenok. “Mugaldeko emakume bat naiz, mugan bizi nahiz eta muga horrek zeharkatu nau”. Azpimarratu du migratzaileek eta bereziki emakumeek aurrera daramaten borrokan oso garrantzitsua dela komunitatea, taldekotasuna. Gainera, bereziki nabarmendu ditu ondoren herrialdean gizarte-arrakastako istorio bihurtu diren mugako zenbait istorio.

Malenok adierazi du 2000. urtean hasi zirela mugan emakumeak ikusten, baina hurrengo hamarkadara arte ez zirela nabarmendu, eta betiere ikuspegi biktimista eta errukior batetik begiratu zaiela, emakumea ardatzean jarri gabe. “Emakumeek beren kontakizuna eraiki eta egiaz zer diren defendatu nahi dute: borrokalariak, liderrak, eta euren duintasunaren, eskubideen eta familien defendatzaileak dira. Emakume migratzaileek erresistentziazko estrategia bat sortzen dute mugan bizi dituzten indarkeria-egoera guztiei aurre egiteko”. Aktibistak ohartarazi zuenez, giza eskubideen defentsarako prozesua erabatekoa izan dadin nahitaezkoa da eskubide horiek berrezartzea.

Kontakizunarekin aurrera egiteko, nekromuga kontzeptua zer den azaldu zuen. “Egun, muga negozioa da. Mugan pertsonak hilaraztea eta bizitzen uztea, salgaitzat hartzea, negozio-sistema bat da eta bi industria nagusi ditu: gerra eta mugaren kontrola, edo gauza bera dena, oinazea eta esklabutza”. Eta mugako migrazio-kontrol horretan, jarduera asko emakumearen aurkako indarkerian oinarritzen dira. Sexu-esplotaziorako giza salerosketa, feminizidioak, eta emakumearen aurkako sexu-indarkeria migrazio-bideetan nahiz gerrarako arma gisa. “Gizarteak arriskutsutzat ditu eta ez du ikusten egiaz zer diren: borrokalariak”. Amatasuna eta familiaren defentsa ere faktore garrantzitsuak dira, bereziki, gertaera lazgarriak daudenean: esaterako, ama-haurrak banantzen direnean edo zaintza kentzen zaienean.

Hitzaldiari amaiera emateko, migratzaileen eskubideak defendatzeko argudioak eman ditu Helena Malenok, gero eta itxiagoa eta muga-kontrol gero eta handiagoa duen mundu batean. “Ez dugu migratzeko eskubiderik, baina ez dugu ez migratzeko eskubiderik ere ez”, dio etxetik urrun etorkizun baketsua bilatzeko borrokan ari diren emakumeei buruz. “Esternalizazio-politikek zuzeneko eragina dute emakumeengan. Emakumeak hainbat gauzaren beldur dira, batez ere, migrazio proiektua ezin betetzeak ematen die beldurra, baina badituzte indar eta lider izateko gaitasun handiak ere”. Hitzaldiaren amaieran, adierazi du ezin dela onartu bere gisan giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonak kriminalizatzea, eta pertsona guztiak duintasunez bizi ahal izatea lortzeko lanean jarraitzeko itxaropenari hel egin dio.

Esteka honetan ikus dezakezu hitzaldiaren bideo osoa.