#HospitalitateBideak hasten dituzte

 

Indarrez abiatu gara #Hospitalitatebideak ekimenaren edizio berrian. Joan den asteburuan, ehunka lagunek parte hartu zuten lurraldean zehar egindako lau ibilaldietan, deiadar bera eginez: migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideak babestuko dituen Europa bat nahi dugu. JRS Europaren #ThePowerofVote kanpainaren esparruan, Europar Batasunaren balioak defendatu ditugu: babesa, askatasuna, duintasuna, berdintasuna eta lankidetza; izan ere, oinarrizko habeak dira gizarte bidezkoagoa, anitzagoa, abegitsuagoa eta solidarioagoa lortzeko.

VALENTZIA

Valentzian, hainbat jarduera egin dira #Hospitalitatebideak ekintzaren barruan.  Jarduerak joan den larunbatean hasi ziren, maiatzak 11, Malvarrosako hondartzan. Miss Pachammama erakundearekin batera, hondakinak biltzen aritu ginen. Ekitaldiak #MarSinPlastico ekimenari erantzuten dio, eta Arrupe Zentroko, SJM Valentziako eta Entreculturas elkarteko hogei bat boluntario bildu zituen, garai hauetan Mediterraneoan ohikoa den eguzki distiratsuaren azpian, Malvarrosako hondartzaren zati bateko plastikoak eta zaborrak garbitzeko. #Hospitalitatebideak abegi-kanpainaren esparruan kokatzen da maiatzean egindako jarduera hori. Helburua urtero milioika pertsonak migratzera behartzen dituzten kausak nabarmentzea zen. Beste arazo larri batzuen artean (esaterako, gatazka armatuak), klima-aldaketa da migratzeko arrazoi nagusietako bat, hondamendi naturalak sortzen baititu, hein batean, gure kontsumo-ereduen ondorioz.

Maiatzaren 17an, ostirala, abegi onaren aldeko ibilaldiaren bigarren edizioa antolatu zen arratsaldean. SJM, Entreculturas, Mujeres en Acción eta Magis elkarteetako 20 bat lagun atera ziren Arrupe Zentrotik Malvarrosako hondartzarako bidean, Europan harreraren eta eskubideen alde egiteko, eta migratzaileen eta errefuxiatuen babesa, askatasuna, duintasuna eta berdintasuna errespeta dadila eskatzeko.

MADRIL

Joan den larunbatean, maiatzak 18, bigarren urtez jarraian antolatu zen #Hospitalitatebideak ekintza Madril hiriburuan. Madrilgo Tokiko Plataforma Apostolikoak, Pueblos Unidos-ek, Entreculturas Madrid-ek eta Comillas Pontifize Unibertsitateak antolatutako Hospitalitate kanpainari esker, 80 lagun baino gehiago atera ziren Comillaseko Unibertsitateko Maldonado jesuita-zentroa eta Alberto Aguilera kalea banantzen dituzten hiru kilometroak ibiltzera.

Hasierako ekitaldia Maldonadoko Aita Arrupe aretoan egin zen. Lehenik eta behin, Iván Lendrinok, Pueblos Unidos-eko zuzendariak, Madrilgo errefuxiatuen harrera-egoera azaldu zuen. Ondoren Daniel Villanuevak (SJ), Entreculturas eta Alboan elkarteetako zuzendariorde exekutiboak, hartu zuen hitza: Hospitalitate kanpainaren zentzu apostoliko eta soziala azaldu, eta nazioarteko lankidetza giza mugikortasuna aztertzeko tresna garrantzitsua dela gogorarazi zuen. Lina Amer Baker irakiar errefuxiatu gazteak eman zion amaiera ekitaldiari. Hospitalitate kanpainak egin zion abegia Espainian, eta bertan bizitako integrazio-esperientziaren eta etorkizunerako dituen ametsen berri eman zuen.

Jarraian ibilbideari ekin zitzaion. Lehenengo geldialdia Europako Parlamentuaren Madrilgo egoitzan egin zen, eta bertan ibilbidearen adierazpenaren laburpen bat irakurri zen. Berriz ere ibiltzen hasi, eta hurrengoan Santa Bárbara plazan egin zen geldialdia, eskaera politikoen adierazpenaren beste zati bat irakurtzeko.

Amaitzeko, Comillas Unibertsitatera heldu ziren 80tik gora ibiltariak, eta han Migrazioei buruzko Azterketen Unibertsitate Institutuko (IUEM) ordezkariek egin zieten harrera. Elkarrekin bazkaldu eta gero, amaiera eman zitzaion Madrilgo hiriguneko kaleak abegiz josi zituen goiz bati, Europan migratzaileak eta errefuxiatuak barnean hartuko dituen kultura bat aldarrikatuz.

KORDOBA

Iragan maiatzaren 19an, igandea, abegi onaren alde abiatu ziren berriz ere 40 lagun baino gehiago, Kordobako mendilerroan Pedrochesetik Santo Domingorako bidea egiteko.

Claver-SJM, Entreculturas, Loyola Andalucía Unibertsitatea, EMET-Arcoiris fundazioa… elkarteek antolatuta, eta familiekin harrera zuzenean bizi izan duten asilo-eskatzaileen parte-hartzeari esker, 10 kilometro gehitu zitzaizkion migratzaileen eskubideak defendatzen dituen Europa bat lortzeko ibilitako distantzia osoari. Babesa, askatasuna, duintasuna, elkartasuna eta lankidetza defendatzen dituen Europa bat.

«Elkartasun-bide hauekin, mendira aterata, mundu osoan milaka migratzailek eta errefuxiatuk egin beharreko bidea sinbolizatu nahi dugu. Ibilbide zail horrekiko elkartasuna agertu nahi dugu, baita bestelako Europa bat aldarrikatu ere, Europako hauteskundeei begira. Bide hauek eginez eta halako oinazeak bizi behar dituzten milaka pertsonak gogoratuz, Europa solidario eta abegitsua aldarrikatu nahi dugu, adierazi du Chema Castellsek, Andaluziako Hospitalitate Kanpainaren koordinatzaileak.

LOIOLA

Joan den maiatzaren 19an, igandea, 200etik gora ibiltarik egin zuten Aizpurutxotik (Azkoitia) Loiolako Santutegirainoko bidea. Euskadiko eta Nafarroako bazter guztietatik iritsi ziren, eta euriak eta hotzak ez zuten gogogabetu elkartasunaren eta abegiaren alde ibiltzeko elkartutako jende guztia.

Urolako bide berdearen 10 km egin ziren ibilian, eta ondoren Loiolako santutegiaren zelaigunean bildu ziren parte-hartzaileak, mugarik gabeko Europa baten aldeko botazio sinbolikoan esku hartzeko. Boto-txarteletan, babesaren, elkartasunaren, berdintasunaren, askatasunaren eta duintasunaren aldeko Europa sortzeko aldarrikapenak irakur zitezkeen.

Jesusen Lagundiaren Euskadiko eta Nafarroako erakundeek (Loiolako Lurralde Plataforma Apostolikoa) bigarren urtez jarraian sustatu dute ekimena, batetik, harrerako eta inklusioko Europa bat eraikitzen laguntzeko, eta, bestetik, Europako hauteskundeetan eskubidezko Europa baten alde bozkatzeko garrantziari buruz sentikortzeko. Eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu duten elkarte hauetako langile, boluntario eta erabiltzaileei: Alboan, Ellacuría fundazioa eta Torre de Babel proiektua, Donostiako Loiola Etxea elkartea, Tuterako Aita Lasa zentroa, Ongietorri Errefuxiatuak, migratzaile eta errefuxiatuen elkarteak, eta askoz ere jende gehiago.