Migra Studium Fundazioaren Erlijioarteko Espazioak haur musulmanen bisita jaso du

Apirilaren 2an, larunbatean, Bartzelonako Migra Studium Fundazioaren Erlijioarteko Espazioak haur musulmanez osaturiko talde baten bisita jaso zuen. Erlijioarteko Espaziotik milaka haur baino gehiago igarotzen dira urtero, erlijio desberdinen funtsezko elementuak ezagutu eta erlijio-aniztasuna baloratzeko helburuarekin. Oraingo honetan, talde guztia musulmanez osatua zegoen. Kataluniako Kontseilu Islamikoak Raval auzoan duen komunitatetik, haurrak Migra Studium Fundaziora joan ziren, beren egunerokotasuna inguratzen duen erlijio-aniztasuna zertxobait gehiago ezagutzeko irrikan.

Begiak ondo irekita, esanekoak eta irribarretsu, hamabost begirada ikusmin horiek beren tutoreekin batera igo zituzten Fundazioko eskailerak. Haurrek berehala nabarmendu zuten desberdintasunarekiko ezaguntasuna. Aberastasun kulturala nagusitzen den testuinguru batean bizi direla esan behar da. Erne eta bizkor, hezitzaileak proposatutako dinamiketan sartzeko prest agertu ziren uneoro.

migra_espai_int

Bizitutako esperientzia lau hitzetan definitu daiteke: zu, nortasuna, adiskidetasuna eta isiltasuna. Hezitzaileak galdera zuzen eta garbi bat jaso zuenean sortu zen lehen inpaktua: “Eta zu… zein erlijiotakoa zara?”. Izan ere, galdera horrek begien bistan utzi zuen “zu” eta “ni” kontzeptuen arteko topaketa, hau da, elkarrengandik gerturatzeko, distantziak murrizteko eta harreman berri bat abiarazteko aukera duten bi munduren arteko topaketa.

Bigarren adierazpena mutil irribarretsu baten ahotik etorri zen, hark bere gurasoak jatorriz Indiakoak zirela eta erlijio musulmana praktikatzen zutela esan baitzuen. Bera nongoa zen galdetzean, “Indiakoa” ihes egin zion ahotik. Hezitzaileak berriz ere… “Hemen jaio zara?”, eta orduan, erantzun zuzena eman zuen: “Bai”. Nortasunaren lapsus horrek gauza asko islatzen ditu.

Hirugarrena: “adiskidetasuna” hitza azaleratu zen, taldea museoan sartu eta bisitak aurrera egin ahala. Mutil batek, kristautasunarekin lotutako zenbait objekturekin jolasten ari zela, lagun kristau asko zituela adierazi zuen bat-batean eta poz-pozik. Museoan, pieza bakoitzak hitz egiten zuela zirudien, eta halako batean, hiru alderdi barne hartzen zituen elkarrizketa bat abiarazi zen: objektua, ustez, mugiezina; neska edo mutila; eta hezitzailea. Eta orduan, elkarrekin lotzen gaituzten esperientziak agertzen hasi ziren. Jesusez hitz egitean, adibidez. “Zuentzat oso profeta garrantzitsua da, ezta?”. Baiezkoa. “Kristauentzat Jainkoaren Semea da”. Orduan, errespetuz betetako isiltasuna gailendu zen, begiak ondo irekita eta Jainko beraren esperientzia partekatzen zutela konturatu baitziren.

Desberdintasunera irekita dagoen Espazio horrek harremanak sendotu nahi ditu jatorri desberdinetako komunitateekin, eta hitz egiteko modu bat kristau-kidetzapen desberdinetako pertsonen edo pertsona-taldeen artean esperientzia espiritualak eta erlijiosoak partekatzea izan daiteke. Horixe da, hain zuzen, neska-mutil musulmanen talde txiki horrekin gertatu dena. “Horiengandik gertu sentitzen gara”, adierazi dute Migra Studium Fundazioaren Erlijioarteko Espaziotik. “Bai, komunitate musulmanarengandik gertu sentitzen gara. Askotan ez da ondo ezagutzen, eta beste batzuetan gutxietsi egiten da. Gaitzetsi ere egiten da batzuetan. Eta batzuetan, Islamarekin zerikusirik ez duten jarrera bortitzekin lotzen da, bidezkoa ez izan arren.”

IMG_1900-1460027980