Hegoaldeko mugako labirintoa

  • SJMren azken txostenaren arabera (Sacar del laberinto), migratzaileek oztopo juridiko eta administratibo ugarirekin egiten dute topo Melillako mugan, bereziki nazioarteko babesa eskatzen dutenek eta bakarrik dauden adineko atzerritarrek.
  • Jardunbide desegokiek (besteak beste, migratzaileak berehala itzultzerakoan eta haiek identifikatzerakoan, abokatuen laguntza ematerakoan, eta interpretazio-zerbitzuak eta informazioa eskaintzerakoan) ezin dute bermatu migratzaileen eskubideak babestuko direnik.
  • EBko mugak itxi eta kanpoan kudeatzeko politika ezarri denez, migratzaileak itsasotik etortzen hasi dira; horrek erreskateko betebeharren eta itzultzeko prozeduren arteko mugak desitxuratzen ditu mugaren testuinguruan.

Migratzaileentzako Jesuita Zerbitzuak (SJM) hegoaldeko mugari buruzko azken txostena aurkeztu zuen ostegunean; Sacar del laberinto du izena. Argitalpen honetan, migratzaileek Melillan zer testuinguru topatzen duten aztertzen da, eta zenbait jardunbide eta oztopo administratibori buruz hausnartzen; izan ere, jardunbide eta oztopo administratibo batzuek labirinto bat osatzen dute, migratzaileak labirinto horretan harrapatuta geratzen dira, eta, ondorioz, ezin dute erregularizatu beren migrazio-proiektua.

SJMk badaki hesiek eta gainerako disuasio-oztopoek migratzaileei zer sufrimendu fisiko eta psikologiko eragiten dieten. Mugak ixteko eta kanpoan kudeatzeko Europako politikek aurrera egin ahala, gero eta jende gehiago iristen da Espainiara itsasoz. Errealitate hori ere badago Melillan; bertara eramaten dira hiri autonomotik hurbil Espainiako kostaldeko uretan poliziak atzemandako pertsonak, baita Chafarinetan lehorreratu direnak ere. Beste kasuistika bat sortu da, eta kasuistika horretan poliziaren jardunbideek erreskateko operazio eta betebeharren eta itzultzeko prozeduren arteko mugak desitxuratzen dituzte.

Lurreko mugetan gertatzen den bezala, itzultzeko prozeduretan gardentasunik eta berme nahikorik ez egotea lehenengo labirintoa dira migratzaileen eskubideak bermatzerakoan. Besteak beste, abokatu eta mediku nahikorik ez egoteak, nazioarteko babesari buruzko informazio garbi eta eskuragarririk ez izateak edo interpreterik ez egoteak eragotzi egiten dute pertsona ahulak identifikatzea eta babestea (adingabeak eta salerosketaren, indarkeriaren edo jazarpenaren biktimak).

Itzultzeko prozesuetako opakutasunak zaildu egiten du migratzaileak berehala itzultzeko prozedurak behatzea eta Marokorekin sinatutako aldebiko hitzarmena aplikatzea. SJMk behin eta berriro eskatu du Atzerritartasun Legearen (4/2000 LO) hamargarren xedapen gehigarria indargabetzeko, Espainiak migratzaileak berehala itzultzen dituela dioen GEEAren epai bati jarraikiz, baita neurri eraginkorrak hartzeko ere prozeduretako bermeak eta eskubideak ezerezean gera ez daitezen.

Melillan nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonei eragiten dieten egoeren artean, nabarmentzekoa da ezin dituztela baldintza berberetan erabili babesten dituzten eskubideak. Oztopo handiak dituzte prozeduran, ezin dituzte erabili legeriak aitortzen dizkien harrera-eskubide materialak, eta ez zaie uzten beste tokiren batera joaten haietaz baliatu ahal izateko. Duela gutxi, jurisprudentziak nabarmendu du penintsulari asiloa eskatu dioten Ceutako eta Melillako pertsonen mugimendu-askatasuna mugatzeak haien oinarrizko eskubideak urratzea dakarrela.

Bestalde, oraindik ere kezka handia sorrarazten dute adingabeak identifikatzeko prozeduretako gabeziek eta bakarrik dauden adingabe atzerritarrek eskubideez baliatzeko dituzten oztopo administratiboek. Hain zuzen ere, dokumentazioa behar bezala babestu eta eskuratzeari dagokionez, SJMk mugako egoera identifikatu du tutoretzapeko adingabeen zentroetan, eta oztopo administratiboak hauteman ditu adinez nagusi bihurtzean administrazioaren babesa galtzen duten gazteei dokumentazioa helarazteko prozesuan.

SJMk bulego iraunkor bat du Melillan 2016ko ekainaz geroztik, eta, bertan, orientazio juridikoa ematen zaie migratzaile erabiltzaileei, izapideak egiten dira administrazioarekin, eta auzi estrategikoa baliatzen da, eta giza eskubideak behatu. Orduz geroztik, 800 pertsonari baino gehiagori eman zaie laguntza. Haietako asko oso egoera ahulean daude; besteak beste, familia bananduak, bikote ezkondu mistoak, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak, tutoretzapean egondako gazteak, bakarrik dauden adingabe atzerritarrak eta LGTBI profileko asilo-eskatzaileak.

DESKARGATU DOKUMENTUA HEMEN