Nafarroako Parlamentuak ateak zabaltzen dizkio Erdialdeko Amerikako migratzaileen Giza Eskubideen defendatzaileei

Otsailaren 20an, Justizia Sozialaren Munduko Eguna ospatzeaz batera, Nafarroako Parlamentuko Bizikidetza eta Elkartasun Batzordeak harrera egin zion Ipar eta Erdialdeko Amerikako Migratzaileentzako Jesuiten Sarearen (RJM-CANA) delegazio bati.

 

Karla Rivasek, Honduraseko Hausnarketa, Ikerketa eta Komunikazio Taldekoak (ERIC), eta Andrea Villaseñorrek, Mexikoko Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzu zuzendariak Batzordeari azaldu zioten zer-nolakoa den milaka pertsonaren egoera, urtero, Erdialdeko Amerikatik Estatu Batuetara migratzen dutenean, Mexikoko bidea erabilita.

Erdialdeko Amerikako ipar triangelutik, hau da, Honduras, El Salvador eta Guatemalatik, irteten den eta Estatu Batuetara abiatzen den migrazio-mugimendua munduko handiena da. Azken hilabeteetan, migratzaileen kopurua areagotu egin da, Karabanen antzera, bata bestearen atzean antolatuta. Batzuetan exodo esaten diote.

Jesusen Lagundiak Latinoamerikako migrazioei emandako  erantzuna bertako Migratzaileen Jesuiten Sarearen (RJM LAC) bidez eratzen da. Sare horren partaidea da RJM CANA, Erdialdeko Amerikako migrazio-korridorearen jatorrizko, iragate eta helmugako herrialde guztietan aritzen dena.

Aipatutako lan-saioa hasi baino  lehen, Batzordeko partaideek STAND BY: Mugetatik haratago erakusketa bisitatu zuten: Ikusgai dago Parlamentuko atarian otsailaren 28ra arte. Iván Benítez argazki kazetaria izan zen bisitaren gidaria. ALBOANek antolatu du erakusketa eta bertan migratzaileen Karabanetako irudiak biltzen dira, Mexiko zeharkatzean. Halaber, Siriako pertsona errefuxiatuen bestelako argazkiak ere ikus daitezke.

Karla Rivasek eta Andrea Villaseñorrek oso agenda estua izan dute Nafarroan, eta aipatutakoaz gain, Gaztediaren Etxean hitzaldi bat izan zuten joan den asteartean, eta topaketak izan zituzten Nafarroako Gobernuko eta Iruñeko Udaleko Lankidetza arloekin eta tokiko erakundeekin, baita Tutera eta Iruñeko ikastetxeetan bisitak egin ere. Ondoren, hitzaldiak eman zituzten Bibon, Gasteizen eta Donostian.