Evroseko frontean, giza eskubideak eta kazetaritza librea hiltzen ari dira (Javier Bauluz)

Javier Bauluz fotokazetariaren kronika Grezia eta Turkia arteko mugatik. Esteka honetan, egilearen argazki-galeria.


Turkia eta Grezia arteko mugaldetik atera berri naiz, han 10 egunez kazetari-lanetan ikertzen aritu ondoren. Atera dudan ondorio nagusia hau da: tartean diren aktore nagusiek –alegia, Turkia eta Greziako gobernuek, Europar Batasunak eta nazioarteko faxismo berriak– “kanoi bazka” eta gudu-zelai gisa erabiltzen dituzte Europara iritsi nahian ari diren errefuxiatuak, gezurren bidez beren propaganda interesatua egiteko.

Joko horretan, errefuxiatuen eta herritar “askeen” giza eskubideak dira biktima nagusiak. Greziak bertan behera utzi du asilo-eskearen oinarrizko eskubidea, Giza Eskubideen Europako Tribunalak Melillako kasuari buruz oraintsu emandako sententzia aipaturik. Espainiako ministro Marlaskaren errekurtsoari “esker” emandako sententzia horren arabera, gizakiek ez dute babesa eskatzeko eskubiderik Europako lurraldean legez sartu ezean. Egun ezinezkoa da hala sartzea, ordea.

Europar Batasunak inplizituki onartu du giza eskubideak “aldi baterako” ezeztatzea; izan ere, aktiboki parte hartu du Greziaren eta Turkiaren arteko muga erabat ixteko, Frontex-eko polizia-indar ugarirekin. Muga zeharkatzea lortzen duten gutxi horiek eremu sekretu batean sartzen dituzte eta bertan tratu txarrak jasotzen dituzte, The New York Times egunkariaren ikerketa baten arabera, edo Lesboseko irla batean dagoen itsasontzi militar batean pilatzen dituzte, giza eskubideen defentsan aritzen diren erakundeek legez kanpokotzat duten deportazio baten zain.

 

Elkarrizketatu ditudan lekuko zaurituen hitzetan, Europak neurrigabeki darabil indarra Evros ibaiaren mugan, jipoiak emanez, jendeari bere gauzak eta mugikorrak lapurtuz, eta legez kanpo “itzularaziz”. Gainera, etengabe botatzen ditu negarrak eragiteko gasak –nik neuk horren argazkiak atera eta filmatu egin dut, Europako harresiaren oinetan gertatzen ari den “Intifadan” emandako bi egunetan– eta arma eta munizio hilgarriak erabiltzen ditu –oso metro gutxitara entzun dut halakoen txistu bizia eta ehunetik gora tiro-hots kontatu ditut, gerrako armenak itxuraz–.

Turkiako gobernuaren arabera, dozenaka zauritu eta hiru hildako ere eragin dituzte europarren tiroek Pazarkuleko mugaren igarobidean, Greziako gobernuak zeharo ukatu arren. Hortxe datza Europako herritarren eskubideen urraketa: bi gobernu-iturri horietatik bat ere ez da sinesgarria; izan ere, biek ala biek debekatuta dute kazetari independenteek sarbide librea izatea eta zer gertatzen ari den egiaztatu eta dokumentatu ahal izatea, Evros muga-ibaia luzearen bi ertzeetako edozeinetan. Orain, gainera, uholdeak izan dira inguru horretan, Europako Bulgariak bere presak ireki dituenez.

Pazarkuleko (Edirne) igarobidean, Turkiak bat-bateko errefuxiatu-eremu bat antolatu du, 2015ean Idomeniko zorigaiztoko eremuan zegoena baino egoera askoz okerragoan. Milaka lagunek, etsi-etsian, Turkiako gobernuaren hitzak sinetsi zituzten “Europako ateak irekita zeudela” esan zuenean, eta inoren lurraldean harrapatuta geratu ziren Turkiak irekitako muga igaro eta Greziakoa erabat itxita aurkitu zutenean.

Turkiar agintarien oniritziarekin, Istanbuletik milaka garraiatu zituzten, ehunka autobusetan, eta ahari-buru gisa erabili dituzte Idliben (Siriako mugan) Assaden aurkako gatazka militarrean Europaren babesa lortzeko. Han milioi errefuxiatu baino gehiago daude pilatuta, errusiarren eta errejimenaren hegazkinen bonbek eragindako sarraskiari eta Irango gobernuak bidalitako lehorreko indarrei ihes egin nahian.

Alor militarrean eta diskurtsoaren alorrean, faxismo berriak izan dira garaile Evroseko batailan: orain, aparteko bultzada jaso dute 2016ko urtarrilean Europa errefuxiatutako “terrorista arriskutsuen” inbasiotik defendatzeko aitzakiarekin hasi zen gorakada geldiezinean. Egunotan, Javier Espinosa kazetari beterano estimatuarekin batera, greziar herritar ugariren lekukotzak bildu ditut. “Abertzaletasunez” beteak, eta armatutako brigada zibiletan antolatuta, errefuxiatuen ehiztari bihurtu dira mugan, alkateen, poliziaren eta armadaren ageriko oniritziarekin. Eta faxistek, frantsesek, belgikarrek eta greziarrek adierazitako esaldi, ideia eta diskurtso berak errepikatu dituzte Le Penen eurodiputatu batzuek ere, duela gutxi Evroseko frontera bisitan etorri direnean “Europako kristau zibilizazioaren defentsa” sustatzera.

Bien bitartean, lagun eta kazetari fidagarriek esan didatenez, Lesboseko irlan talde faxistak beren lege zaharra inposatzen ari dira. Zigorgabetasun osoz, Moriako haur errefuxiatuen eskola prekarioa eta NBEren eta GKE-en hainbat zentro erretzeko ausardia izan dute, eta kazetariei, nazioarteko kooperanteei eta errefuxiatuei makilekin, kateekin eta harriekin eraso egin diete, greziar eta europar agintarien erabateko pasibotasunaren aurrean. Bitartean, azken horiek itsasontzi militar batean sartzen dituzte txalupetan iritsi berri diren errefuxiatuak, asiloa eskatzeko giza eskubiderik gabe.

Azkenik, amorru, gezur eta propaganda garai hauetan kazetari jarduteko zailtasunak azaltzen dituen anekdota bat kontatu nahi dut, nik neuk bizitakoa. Duela egun batzuk, bost polizia turkiarrek zakarki atxilotu ninduten, beren burua identifikatu gabe, errefuxiatuek greziar poliziaren aurka abiarazitako “intifada” dokumentatzen ari nintzenean Europako harresiaren magalean. Turkiako armadaren postu batean kaiolaratu ninduten, aire zabalean, eta han greziarren gasak arnasten nituen. Hainbat indar armatu igaro ondoren, jendarmeriaren furgoneta batean itxi ninduten, eskuburdinak jarrita, eta ordu batzuetara aske utzi ninduten, kargurik eta inolako azalpenik gabe, aske geratu ahal izateko nire lana ezabatzera behartu ondoren. Prentsa Pazarkuleko muga-igarobidetik hiru kilometrotara konfinatuta dago.

Testu hau idazten ari naizela, Cascorroko plaza ia hutsean, Madrilen, telebistako talde bat lanean ari da, madrildar batzuei hedabideetan eta bihotzetan nagusitu den koronabirusari buruzko elkarrizketak egiten. Bien bitartean, faxismo berriaren birusak Europa kutsatu, eta barbaroen inbasio faltsuei buruz sartu dizkiguten beldurren mendean utzi du. Le Penek 2016ko hauteskunde-kanpainan esan bezala: “Historiaren haizea aldatu egin da”.

Informazioaren askatasuna eta giza eskubideak hilzorian daude Evroseko frontean.

Javier Bauluz

 

HEMEN IKUS DEZAKEZU JAVIER BAULUZEN ARGAZKI-GALERIA, GREZIA ETA TURKIATIK