Entreculturas fundazioak “Escuela Refugio” izeneko kanpaina abiarazi du, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela eta

Errefuxiatuen Nazioarteko Egunarekin bat etorriz, Entreculturasek Escuela Refugio” izeneko kanpaina aurkeztu zuen ekainaren 20ko goizean, gatazka- eta babes-egoeretan hezkuntzarako eskubidea berma dadila aldarrikatzeko xedez. Mundu osoko errefuxiatuen erdia adingabeak dira. Nazioarteko eta barneko gatazken biktima dira haur eta gazte horiek. Gainera, gatazkak, areagotzeaz gain, denboran gero eta gehiago luzatzen dira eta pertsona kopuru handiagoari eragiten diote. Duela 10 urtetik hona, nahitaez lekualdatu behar izan duten pertsonen kopuruak etengabe egin du gora, 70’8 milioira iritsi arte. Eskolatu gabeko 4 umetik 1 krisiak eragindako testuinguruan bizi da.

“Entreculturasen, gure erakunde kideekin batera, egunero lan egiten dugu eskolak haur horientzako babesleku izan daitezen. Aldarrikatzen dugu eskolek bake-lekuak izan behar dutela, indarkeriarik gabeak; adiskidetzeko eta topaketarako lekuak, egoera edozein dela ere, izan gatazketan edo indarkeria-testuinguruetan, indarkeria horretatik ihes egin duten errefuxiatu eta lekualdatuen esparruetan edo larrialdi humanitarioko beste edozein egoeratan”, azaldu zuen Raquel Martínek, Entreculturaseko Komunikazio eta Nazioarteko Harremanen zuzendariak.

Eskolek babestu egiten dute eta, aldi berean, babestuak izan behar lukete. Hala ere, erasoen xede izaten jarraitzen dute. “2014 eta 2018 artean, hezkuntzari zuzendutako 14.000 eraso baino gehiago erregistratu dira 34 herrialdetan; eta horietatik 18tan, gutxienez, eraso horiek neskato eta emakumeei zuzendu zaizkie, soilik beren generoagatik. Eskolarako bidean ere arrisku handia dago neskato eta emakume gazteentzat; izan ere, ustekabean harrapatu, bahitu edo sexualki eraso ditzakete.

Burundin eta Kongoko Errepublika Demokratikoan, adibidez, hezkuntzari zuzendutako erasoak jasotzen dituzte. Sanganyi Namangala Tamy Kongoko errefuxiatua da Burundiko Kinama errefuxiatuen esparruan, baita Errefuxiatuen Batzordeko presidenteordea ere, eta babesarekin lotuta izan duen historia kontatu digu. “2008ko urriaren 10ean, Rutshuru-ko nire etxean (Kivu-ren iparraldean), senarra eta seme-alabetako bi hil zizkidaten eta ni bortxatu ninduten. Matxinoek bahitu eta basora eraman ninduten. Han, hilabetez egon nintzen etxekoandre-lanetan. Sexu-indarkeria eta indarkeria fisikoa sufritu nituen. Gerra-garaian dena da posible. Haurren hezkuntzarako eskubidea urratu egiten da. Eskolak gatazka-lekuak dira; erasotzaileek gerra-leku gisa hartzen dituzte, armak biltegiratzeko edo base militar gisa. Haurrak borrokatzeko erreklutatzen dituzte. Eskolak suntsitzen dituzte, egurrezko ateak eta mahaiak erre eta berotzeko erabiltzeko. Gerran zehar, ikasteko leku gutxiago daude. Gazteak dira etorkizuna, baina, oinarrizko hezkuntzarik gabe, zaila da etorkizun bat izatea”, adierazi du.

Kinama errefuxiatuen esparruan, Burundin, Sanganyik Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzuarekin (JRS, gaztelerazko siglengatik) eta Entreculturas Fundazioarekin kolaboratzen du, gazteak oro har hezkuntzaren eta, bereziki, neskatoen hezkuntzaren garrantziari buruz sentsibilizatzeko. François Xavier Nsababandik, Burundin Entreculturas Fundazioko Hezkuntza eta Bizibideko Proiektuetako eta Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzuko zuzendari denak, honako hau azaldu du: “JRSak errefuxiatuen esparruetako bost eskoletan esku hartzen du. Landako eskolek eta beste eskola batzuek erasoetatik salbu egon behar dute. Gerrak dauden herrialdeetan, eskolak suntsitzen dituzte, eta batzuetan, ikasleak hil ere bai. Hori dela eta, gatazka-lekuetan lan egiten dugu, errefuxiatuak lagundu, babestu eta defendatzeko, haien hezkuntzarako eskubidea bermatze aldera. Eskolek ez dute sekula erasoen xede izan behar, baizik eta bake-lekuak, indarkeriarik gabeak. Eskola babesleku segurua da mundu osoko milioika haur errefuxiaturentzat”.

Ondoren, Irene Ortegak, Entreculturaseko Herritarren arloko koordinatzaileak, Madrilgo La Paloma ikastetxeko haurrei eman zien hitza, prentsa-oharrera joan baitziren. Haiek eta Burundiko Kinama errefuxiatuen esparruko Lehen Hezkuntzako haurrek eginiko marrazkiak erakutsi zituzten, eskolak nolakoak izatea nahiko luketen islatuta. Lan hori “Escuela Refugio” kanpainaren baitako sentsibilizazio-proposamenetako bat izan da. “Etortzen bazarete, zuen lagunak izango gara”; “Kontatu nahi dizut nire eskola gustatzen zaidala, asko ikasten dut eta nire lagunekin jolas dezaket”; “Niretzat eskola leku polita da”. Horiek dira irakurri ahal izan ditugun mezuetako batzuk. Haurrek oso argi dute, bai Madrilen bai Burundin, eskolak zer-nolako esanahia duen beren bizitzetan. Eta oso argi dute, halaber, pertsona guztiak, bai Madrilen bai Burundin, berdinak garela eskubideei eta duintasunari begira. Hautematen dute gure esentzian komuna den zerbait badagoela, aniztasun eder gisa azaleratzen dena.


KONTSULTA EZAZU HEMEN ESCUELA REFUGIO EKIMENAREN WEBGUNEA

DESKARGA ITZAZU HEMEN KANPAINAREN MATERIALAK