Entreculturas GKEak Luz de las Niñas kanpaina abiatu du

Neska guztiek indarkeriarik, bereizkeriarik, larderiarik eta abusurik pairatu gabe bizitzeko eskubidea dute. Hala ere, gaur egun, indarkeriak eskubide hori ukatzen die milioika neskari mundu osoan: giza eskubideen urraketa iraunkor, sistematiko eta orokortuenetako bat da indarkeria hori. Horregatik, Nesken Nazioarteko Egunean (urriak 11), Entreculturas GKEak La Luz de las Niñas kanpaina abiarazi du, “neskek pairatzen duten desberdintasun-egoera ikusarazteko, neskak indarkeriaren aurka babesteko, neskek beren etorkizuna erabakitzeko duten gaitasuna balioesteko, eta nesken aurkako bidegabekerien kausak aldatze aldera eragiteko”. Horixe adierazi du Raquel Martínek, Entreculturaseko komunikazio eta erakunde-garapeneko zuzendariak.

240 milioi neskaren bizitza mehatxupean dago indarkeriaren ondorioz, munduan 200 milioitik gora neskak genitalen mutilazioa pairatu dute. Urtero, 12 milioi neska ezkonarazten dituzte 18 urte bete baino lehen. 150 milioi neskak baino gehiagok sexu-indarkeria jasaten dute. Eta 34,2 milioi neska eta emakume iheslariak dira edo beren lurraldetik joan behar izan dute. Nesken aurkako indarkeria-forma horiek ondorio psikologiko, fisiko eta sozial larriak eragiten dizkiete, betirako, eta eskolatik, beren haurtzarotik eta beren aukeretatik urrunarazten dituzte.

Sifa Kaitek, Servicio Jesuita a Refugiados Chad erakundeko haurren babeserako koordinatzaileak, iheslari-esparruetako neskek pairatzen dituzten indarkeria-formekin lotuta egiten duen lanari buruz hitz egitean, neska horiek indarkeria-forma “asko eta asko” jasaten dituztela dio, eta honako hauek azpimarratzen ditu: “emakumeen genitalen mutilazioa, behartutako ezkontzak, ezkontza goiztiarrak, etxeko lanak, eskola uztea eta sexu-indarkeria”. Jardunbide kaltegarri horiek guztiak nesken giza eskubideen urraketa oso larria dira, haien autoestimua eta garapena zapuzten dutelako eta haien hezkuntza-jarraitutasuna eragozten dutelako.

Sofía Gutiérrezek, Acción Pública de Fe y Alegría Guatemala erakundeko arduradunak, neskek herrialde horretan pairatzen duten errealitatea ezagutzen du. Errealitate horretan, hain zuzen ere, eragin handia dute sexu-indarkeriaren eta haurdunaldi eta elkartze goiztiarren tasa altuek. Tasa horiek prebalentzia handiagoa dute biztanleria indigenan. “La Luz de las Niñas programak Guatemalan egiten duen lanak honako hauetan jartzen du arreta: indarkeriaren prebentzioa eta eskoletan neskentzat eremu seguruak sortzea”.

 “Nesken argiak distira egitea nahi dugu. Neskek eskubidea dute aukera-berdintasunezko haurtzaroa izateko, beldurrik, mehatxurik eta erasorik pairatu gabe. Hezkuntzak neskak babes ditzake, haien eskubideak babestu, haien bizitzak eraldatu”, esan du Raquel Martínek kanpaina aurkezteko ekitaldian.