Europako Parlamentuan entregatu ditugu #Hospitalitatebideak ekimenaren proposamen politikoak

Asteazken honetan, maiatzak 22, Madrilen, Hospitalitate kanpainak Europako Parlamentuko ordezkariei entregatu dizkie #Hospitalitatebideak ekimenaren proposamen politikoak, maiatzaren 26an egingo diren Europako hauteskunde berriei begira. Migratzaileekin eta errefuxiatuekin 15 gunetan egin diren eta egingo diren kulturarteko topaketa-ibilbideak laburtzen dituen txosten baten bidez, Europan babesa, askatasuna, duintasuna, berdintasuna eta lankidetza aldarrikatu ditugu, funtsezkoak diren hauteskunde batzuen testuinguruan. Hospitalitate kanpaina sustatzen duten sektore sozialeko erakundeen ordezkaritza batek entregatu ditu eskaera politikoak, datozen hauteskundeei begira, Europako Parlamentuak Madrilgo Castellana pasealekuan dituen bulegoetan.

Aurten, Errefuxiatuentzako Jesuita Zerbitzuak (JRS Europe) Europako estatu kideetan migratzaile nahiz errefuxiatuen alde egiten duen lanean oinarritu dira Hospitalitate ibilaldiak. Diskurtso xenofobo gorakorraren aurrean, eta eskubidezko Europa eraiki beharraz sentikortzeko, #ThePowerofVote kanpaina jarri dute martxan, datozen Europako hauteskundeetan europar herritarrak parte hartzera bultzatzeko, babesaren, askatasunaren, duintasunaren eta berdintasunaren balioak bete, eta migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideak defendatuko dituen Europa bat sortzeko konpromisoz eta gogoz.

Honezkero 400 lagun inguruk parte hartu dute #Hospitalitatebideak ekimenaren 2019ko bigarren edizioan, Valentzian, Madrilen, Euskadin eta Kordoban egindako ibilbideetan. Laster barru, gainera, Galizian, Asturiasen, Valladoliden eta Burgosen ere antolatuko dira jarduerak.