Espainia ez da errefuxiatuentzako herrialde bat (eta ez du izan nahi)

comunicado26s-red

Duela bi urtez geroztik Europara etortzen ari diren errefuxiatuen kopurua Bigarren Mundu Gerraz geroztiko handiena da. Errefuxiatu horietako asko siriar familiak dira, gerratik ihesi datozenak, baina badaude, halaber, Iraketik, Eritreatik, Venezuelatik eta El Salvadorretik etorritako pertsonak. 2015eko udan, Greziara eta Italiara iritsitako errefuxiatuen kopuru handiak guztiz gainditu zuen herrialde horien harrera-gaitasuna, eta Europa mailako erantzun baten premia planteatu zuen. Barne eztabaida askoren ondoren, Italian eta Grezian zeuden 160.000 errefuxiatuak bi urteren buruan herrialdeen artean ekitatearen arabera banatzea hitzartu zen. Kopuru hori oso txikia zen, baina Europar Batasunak erantzun bateratua eta solidarioa emateko norabidean egiten zuen lehen urratsa zen. Espainiak konpromisoa hartu zuen Europak ezarritako birkokatze- eta berrezartze-kuotetatik 17.337 errefuxiatu hartzeko. Dena den, bi urteko epe hori amaitu da, eta Espainiak ez du bete bere konpromisoa. 1.983 errefuxiatu soilik birkokatu ditu (% 11). Gainerako errefuxiatuek zain jarraitzen dute Greziako eta Italiako hotspot direlakoetan, eta beste ehunka mila pertsona Europar Batasuneko kanpo mugetan sartu ezinik daude. Bien bitartean, gobernuek mugak kanpora eramateko eta mugak ixteko politiketan aurrera egiten dute, itunak eginez segurutzat nekez jo daitezkeen hirugarren herrialdeekin, hala nola Libiarekin, Turkiarekin, Libanorekin, Nigerrekin eta Txadekin.

Bi urte hauetan, ikusi dugu Espainiako Gobernuak ez duela borondate politikorik eta lidergorik birkokatze- eta berrezartze-hitzarmenak betetzeko. Baina badago gehiago. Europak ezarritako kuotak ez betetzeaz gain, Espainiak jokabide deitoragarria du asiloaren beste arlo batzuetan.

Pertsona errefuxiatuak ez dira kuoten bidez soilik iristen; haietako asko zuzenean iristen dira Espainiara, beren baliabideen bidez. Espainiako kostaldera patera bidez iristen diren errefuxiatuen kopuruak eta Ceutako eta Melillako lurreko mugen bidez iristen diren errefuxiatuen kopuruak gora egiten jarraitzen dute, Mediterraneoko erdialdeko eta ekialdeko bideak igaroezinagoak eta arriskutsuagoak bilakatu ahala. 2015ean, Espainiara 14.600 asilo-eskatzaile iritsi ziren; 2016an, 15.570, eta, aurten, 2017an, aurreikuspenen arabera, kopurua iaz halako bi izango da. Askorentzat, Espainia Europako beste herrialde batera igarotzeko herrialdea baino ez da. Dena den, Europako araudiak behartu egiten ditu asilo-eskatzaileak iristen diren Europako herrialdean babesa eskatzera. Europako beste herrialde batzuek egunero itzultzen dituzte asilo-eskatzaileak Espainiara. Dena den, Espainiara iristen direnean, pertsona horiek harrera-sistematik kanpo gelditzen dira, askotan kalean; izan ere, Espainiatik irtetean pertsona horiek harrera-eskubideei uko egin zietela ulertzen du Gobernuak. Pertsona horien babesgabetasuna agerikoa da, eta aise eror daitezke bazterkerian.

Horretaz gainera, Espainiako asilo-sistemak oso edukiera murriztua du. Hori jartzen dute agerian, besteak beste, alderdi hauek:

  • Harrera-sistemaren lehen faseak (fase hori sei hilabetera luza daitezke) 5.000 plaza soilik ditu. Argi eta garbi dago plazen kopuru hori ez dela nahikoa, kontuan hartuta zer-nolako krisi humanitarioak bizitzen ari garen eta zenbat pertsona errefuxiatu dauden. Gaur egun, asiloa eskatzen dutenei ez zaie plazarik ematen harrera-sisteman harik eta asiloko elkarrizketa izaten duten arte. Elkarrizketa hori, ordea, hainbat hilabete atzeratu daiteke, eta, kasu askotan, elkarrizketa izan ondoren ere ez zaie plazarik ematen. Horren ondorioz, babes-eskatzaile asko kalean gelditzen dira, nahiz eta harrera-sistema kudeatzeko liburuxkak hau esaten duen: ┬źnazioarteko babesaren eskatzailetzat jotzen da nazioarteko babesa Espainian eskatu nahi duen pertsona, asilo-eskabidea formalizatzeko zain dagoena┬╗; hortaz, babesa eskatzen duen unetik, aukera izan behar du asilo-eskatzaile gisa babesa eta eskubideak eskuratzeko.
  • Pasibotasuna eta atzerapena, asilo-eskatzaileen espedienteak izapidetzeko orduan. Nazioarteko babesa eskatzen dutenen espedienteen izapidetzea sistematikoki atzeratzen da Legean ezarritako sei hilabeteko epetik harago. Badirudi pertsonak asilo-eskatzaile gisa mantentzea eta haien egoera ez konpontzea dela jarraitu nahi den ildoa. Horren ondorioz, espedienteen kopurua inoizko handiena da.
  • Asilo eta Babes Bulegoak gaitasun murriztua du babes-eskatzaileen premiei aurre egiteko. Egunean 100 pertsona arta ditzake, eta, hortaz, ilara luzeak sortzen dira edozein kudeaketa egiteko (jendea zain egoten da jada goizeko 6:30ean, eta, ilarak ireki aurretik, 200 pertsonatik gora egoten dira).

Horregatik guztiagatik, errefuxiatuek ez dute Espainiara etorri nahi, eta sentitzen dute ez direla ongietorriak. Ez zaie arrazoirik falta. Gure asilo-sistemaren ahultasunak eta funtzionamendu txarrak errefuxiatuen etorrera eragozten dute, eta arlo horretako nazioarteko eta nazio mailako konpromisoak betetzeko borondate politiko falta jartzen du agerian.

Europako mugetan dauden pertsona errefuxiatuen harira sortutako salbuespenezko egoeraren aurrean, Hospitalidad.es kanpainaren bidez Espainiako Gobernuari eskatzen diogu:

  1. Lehenbailehen bete ditzala Europar Batasunean hartutako konpromisoak, errefuxiatuak Italiatik eta Greziatik birkokatzeko kuotei dagokienez.
  2. Aktiboki susta ditzala errefuxiatuentzako sarbide legal eta seguru gehiago (berrezartzea, bisa humanitarioak, familiak bateratzeko prozedurak arintzea eta malgutzea, ikasleen bisak, arrazoi medikoengatiko bisak, babesle pribatuak…).
  3. Espainiako sistemaren harrera-plazak ugaritu ditzala.
  4. Harrera-sistema berrikus dezala, emaitzak hobetzeko, pertsona errefuxiatuak Espainian gizarteratzeari dagokionez.
  5. Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako politika nabarmen sendotu dezala. Gatazken ondoan dauden herrialdeek hartzen dituzte pertsona errefuxiatu gehienak. Espainiak ematen duen Garapenerako Laguntza Ofizialak, ordea, murrizketa nabarmenak izan ditu, eta Ekintza Humanitarioko Bulegoaren aurrekontua inoiz baino baxuagoa da. Laguntza Humanitarioak oinarrizko bizi-babesa bermatzen du, eta garapenerako lankidetzak errefuxiatuen gizarteratzea errazten du, harrera-herrialdeetako gizarte-zerbitzuei lagunduz.

Gerretatik, gatazka armatuetatik eta indarkeriatik ihesi Espainiara iristen diren pertsonek jada izugarri sufritu dute. Eskubidea dute duintasunez eta beren eskubideak errespetatuz har ditzaten. Hospitalidad.es kanpaina osatzen dugun erakundeak eta pertsonak prest gaude lehen pertsonan konprometitzeko, goian proposatutako ekimenak egin daitezen. Dena den, gogoratu behar dugu estatuena dela errefuxiatuak eta immigranteak babesteko erantzun nagusia eta Espainia ez dela erantzun egokia ematen ari.