Esperientziak eta truke hezigarria Mugetatik Haratago

ALBOANek ikastetxeekin lankidetzan kulturartekotasunari eta giza mugikortasunari buruz egiten duen heziketa lanean, Ada Yanet Méndez Garcíaren eta Julio César Pérez Osorioren bisita hartu dugu. Guatemalako Fe y Alegría-ko kideak dira biak ala biak. Ada Santa María de Chiquimula herritik dator; bertan, landa eremuan dauden maila anitzeko eskolak koordinatzen ditu. Julio Guatemala Hiritik dator, eta hainbat hezkuntza proiekturen kudeaketaz eta jarraipenaz arduratzen da. Egun, Guatemalako Fe y Alegría-k 52 ikastetxerekin gauzatzen du bere lana, kultura aniztasunak markatutako testuinguru batean.

Bisitan, heziketaren arloan duten eskarmentuaren berri eman ahal izan diete kulturarteko hezkuntzan interesatutako hainbat irakasleri; hain zuzen ere, gurekin lanean aritzen dira irakasle horiek Mugetatik haratago – Más allá de las fronteras proposamen hezigarriaren esparruan. Ekimen horren bidez, beren etxeak uztera behartuta gure ingurunera iristen diren pertsonen errealitatea hurbildu nahi zaio hezkuntza komunitateari.

Irakasleentzako antolatutako bi tailer egin dituzte bisitan zehar, bata Bilbon eta bestea Donostian, eta Mondragon Unibertsitateko Hezkuntza Fakultatea bisitatu dute. Han, Guatemalako Fe y Alegría-ren esperientziaren berri eman diote hezkuntza graduko ikasle talde bati.