Paper hutsak ez diren berme juridikoak

Migratzaile Eskubidedunak sareak ohartarazi du berehala Marokora bueltan ari direla bidaltzen berriki Melillako hesia gainditu duten pertsonak


Ehunka etorkinek Melillako hesiaren gainetik salto egin dute berriki, eta saiakera horretan, pertsona bat hil da. Beste amets bat zapuztu da, eta posible zen hori ekiditea. Migratzaile Eskubidedunak sareak, lehenik eta behin, gure mugetan beste bizitza bat galdu izanak eragiten dion mina eta inpotentzia adierazi nahi du. Hesiak eskubide-urraketen adierazle dira oraindik ere, tragediaren eta frustrazioaren sinonimo. Gure gizatea ez da gai migratzaileen drama eraldatzeko; ez da gai drama hori harrerarako, elkartzeko eta abegi ona erakusteko aukera bihurtzeko. Aukera hori hormen aurka txikitzen da.

Bigarrenik, eta azken orduetan pertsona horietatik gutxienez berrogeita hamarren bat bueltan Marokora bidali dituztela dioten albisteak jaso ostean, Migratzaile Eskubidedunak sarean parte hartzen dugun Elizako erakundeok —sarea presente dago Malagako Elizbarrutian, honako hauen bidez: Malagako eta Melillako migrazioetarako ordezkaritza, migratzaileentzako jesuita-zerbitzua, Hermanas Apostolicas-Santo Angel eta Malagako Caritas— berriz esaten dugu kasu honetan ere bete egin behar direla itzultze-prozedurako berme guztiak:

  • Pertsona bakoitza identifikatu behar da, eta beharrezko mekanismoak jarri behar dira iritsi berri diren pertsona horien artean adin txikikorik badagoen jakiteko.
  • Pertsona horien egoera pertsonalak egiaztatu behar dira: zaurgarritasun-egoeran dauden, zein osasun-egoera duten…
  • Informazioa eman behar zaie, iritsi berriek ulertzen duten hizkuntza batean, nazioarteko babesa eskatzeko aukerari eta horretarako prozedurari buruz, balizko itzultze-prozedurari buruz eta bueltan bidaltze hori saihesteko eskura dauden baliabideei buruz.

Berriro gogorarazten dugu oinarrizko berme horietarako denbora eta baliabideak behar direla; izan ere, beharrezkoa da interpreteak eskaintzea, lege-laguntza ematea (pertsona bakoitzaren egoera entzuteko eta ulertzeko behar beste denbora hartuta) eta bueltan bidaltzeko erabakiaren aurka egiteko baliabide eraginkorrak eskaintzea.

Horrez gain, ohartarazten dugu pertsona horiek halako presarekin bueltan Marokora bidaltzeak Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko 3. artikulua urratuko lukeela. Horixe bera esan dio Giza Eskubideen komisarioak ere Tortura Saihesteko Batzordeari.

Azkartasuna ez da beti eraginkortasunaren adierazgarri, ez behitzat pertsonen bizia eta etorkizuna jokoan daudenean: gehienetan migrazio-bide luze baten esperientzia traumatikoa dakarten pertsona horien bizia eta etorkizuna, alegia. Gizarte demokratiko eta inklusibo baten eskakizun ere badira berme juridikoak, eta ezin diegu muzin egin; are gehiago, indartu egin behar dira berehala, pertsona zaurgarrienak legezkotasunetik kanpo kokatzea nahi dutenen ahotsak entzuten diren garai honetan.

 

PRENTSA OHARRA