SJMk atzerritarrak barneratzeko zentroen gardentasuna eskatzen du

Gaur aurkeztu da Migratzaileentzako Zerbitzu Jesuitak (SJM) atzerritarrak barneratzeko zentroei buruz 2010az geroztik urtero egiten duen txostena. Aurtengoan izenburu hau eman zaio txostenari: “Ahulak, ahularaziak”. SJMk ematen duen laguntzaren bitartez, ahulen artean ahulenei sakon begiratzeko aukera dugu: gaixoak, salerosketen biktimak, asilo-eskatzaileak, inork bisitatzen ez dituen pertsonak…  Haiei guztiei eskaintzen diegu idazki hau.

Txostenak orokorrean aztertzen ditu Espainiako atzerritarrak barneratzeko zentroei buruzko edukiak, batez ere SJMren lana garatzen den zentroetako jarduna aintzat hartuta (Bartzelona, Madril eta Valentzia).

Barne Ministerioak emandako datuen arabera, 2015ean 30.614 kanporatze-prozedura hasi ziren, eta 20.552 kanporatze-agindu eman ostean, haietatik 6.869 burutu ziren. Baina, Espainiatik kanporatutako pertsonen kopuru horretatik 2.871 soilik bota zituzten atzerritarrak barneratzeko zentroetatik. 2015ean atzerritarrak barneratzeko zentroetan 6.930 pertsona sartu zituztela kontuan hartuta, ateratzen den ondorioa da haien % 41,42 soilik kanporatu zituztela herrialdetik.

Horregatik, aurkezpenean, Miguel Gonzalezek, Migratzaileentzako Zerbitzu Jesuitaren koordinatzaileak, atzerritarrak barneratzeko zentroak “mugak kontrolatzeko gailu” gisa erabiltzen direla adierazi du. Zentro horiek “ohiz kanpoko egoera juridikoa” sortzen dutela nabarmendu du, eta etorkizun hobea soilik nahi duten pertsonak “giltzapetzen dituztela edo haien askatasunak larriki murrizten direla” azaldu du. “Jokaera hori ez da bidezkoa”, azpimarratu du koordinatzaileak.

Txostenak adierazitakoari jarraituz, ohartarazi behar da potentzialki “kanporaezinak” diren hainbat eta hainbat pertsona daudela zentro horietan giltzapetuta. Madrilen, bisitatu genituen pertsonen % 49 kanporatu zituzten; % 51 aske utzi zituzten, kanporatu gabe. Bartzelonan, berriz, bisitatu genituen pertsonen % 45 soilik kanporatu edo itzuli zituzten azkenean; % 53 aske utzi zituzten; % 2 atzerritarrak barneratzeko zentroetatik espetxera eraman zituzten, ezin baitzituzten kanporatu, eta zentroan sartu aurretik ezarritako kartzelazigorrak betetzen jarraitu zuten.

informecie20151

Santiago Yergak, Pueblos Unidos elkartearen atzerritarrak barneratzeko zentroei buruzko programaren koordinatzaileak, Espainiatik egindako kanporatzeak eta itzultzeak aztertu ditu, Poliziaren Zuzendaritza Nagusiak eta Barne Politikako Zuzendaritza Nagusiak (biak Barne Ministerioari atxikiak) emandako datuak oinarri hartuta. Kanporatze eta itzultze horiek eragin dituzten legezko kausen berri eman du: Espainiara irregularki itsasontziz iritsi eta zentroetan sartu dituzten pertsonak, estatuko edo Europar Batasuneko beste estatu kide bateko nazionalitatea duten kanporatuak, edo atzerritarrak barneratzeko zentroetan adingabe gisa identifikatu dituztenak. Amaitzeko, zentro horietatik egin diren nazioarteko babeseskaerei buruz hitz egin du.

Azpimarratu du, atzerritarrak barneratzeko zentroetatik egindako sorterriratzeen kopuruak behera egin badu ere, guztirako zenbatekoei eutsi egin zaiela. Beraz, atera daitekeen ondorioa da  “kanporatze espresak” sendotu egin direla, migrazio-fluxuak kontrolatzeko tresna kaltegarri gisa.  Halaber, adina zehazteko prozeduretan dauden gabeziak aipatu ditu, izan ere, atzerritarrak barneratzeko zentroetan sartu ondoren identifikatu zituzten 19  adingabe. Hirugarrenik, adierazi du atzerritarrak barneratzeko zentroetan nazioarteko babes-eskaera oso gutxiren izapidetzea onartzen dela (196), Espainia dagoen testuinguru geopolitikoari erreparatuta. Azkenik, adierazi du hainbat emakume sartzen dituztela Algecirasko zentroan, atzerritarrak barneratzeko zentroetan sartzen dituzten emakumeen ia erdia (% 41,53). Horrek gogorarazten digu hegoaldeko muga kontuan hartu eta hari erreparatu beharko diogula etorkizunean ere.

Amaitzeko, atzerritarrak barneratzeko zentroetako barnearaudiak homogeneizatzeko eskatu du, bai eta atzerritarrak barneratzeko zentroak arautzeko erregelamendu tekniko eta zehatza garatzeko ere, barneratutako pertsonen eskubide eta betebeharrak berdinak izan daitezen.

Bestalde, José Javier Ordóñez abokatuak azaldu du Bartzelonako, Madrilgo eta  Valentziako atzerritarrak barneratzeko zentroetan SJMk egiten duen lana, boluntario talde hauen bitartez:  Pueblos Unidos, Migra Studium eta Valentziako ordezkaritza. SJMk bisitatutako pertsonen kopurua (503) 2012az geroztik izandako handiena izan da, eta horren ondorioz,  aurreko urteetako bisiten kopurua ere gainditu da (1.536). Horietatik % 20 emakumeei egindako bisitak izan dira (kontuan hartu behar da Bartzelonako zentroan ez dagoela emakumerik).

Bisitatutako pertsonen nazionalitateari erreparatuta, gehienak Marokokoak dira, bai eta Aljeriakoak, Nigeriakoak, Kolonbiakoak eta Kamerungoak. Ikusten da Espainian denbora luzea egindako pertsonak direla (4 urte edo gehiagoko batez bestekoa) eta familia-lotura zabalak dituztela. Bisitatutako hainbat eta hainbat pertsona egonaldi irregularragatik kanporatzeko agindua eman ostean sartu zituzten zentroan; askotan kalean identifikazio-dokumentuak eskatzearen ondorioz (% 36).

SJMk atzerritarrak barneratzeko zentroetan egindako bisitei esker lagundu eta identifikatu dira gaixo dauden pertsonak, zentro barruan erasoak pairatu dituztela adierazi duten pertsonak, inork bisitatzen ez dituen pertsonak, gizakien salerosketen biktima izan diren pertsonak, adingabeak eta nazioarteko laguntzaren eskatzaileak.

SJMk atzerritarrak barneratzeko zentroak ixteko eskatzen du oraingoan ere; bien bitartean, barneratzea azken aukera gisa soilik erabiltzearen alde dago, kautelazko neurri alternatibo guztiek huts eginez gero. Ostera, kanporatzearen ordez, beste alternatiba batzuk bultzatu behar dira. Orobat, zentroetan sartuta dauden pertsonen bizi-baldintzak hobetzen jarraitu behar dugula azpimarratu du.