SJMren CIE 2018 txostena: “Jatorri diskriminazioa”

SJMk 2018. urtean zehar CIEetan barneratutako pertsonek jasandako jatorri diskriminazioa adierazten du egindako azken txostenean

  • Marokokoak eta Aljeriakoak dira 2018an barneratutako pertsonen bi herenak. Jatorri diskriminazio hori, heltzen direnetik barneratu arte izaten dute, beren aberriratzea bideragarriagoa delako.
  • Nabarmen handitu da CIEetan barneratutako adingabeen kopurua: 2018. urtean 89 izan dira, 2017. urteko 49en aldean.
  • CIEek sufrimendu eremuak izaten jarraitzen dute. Hor, babesgabetasun egoerak areagotzeaz gain, oinarrizko eskubideak urratu ere egiten dira (hizkuntza interpretazioa, lege eta osasun arloko laguntza, asiloa eskatzeko aukera, tratu apalesgarri eta iraingarriak…).

Migratzaileentzako Zerbitzu Jesuitak (SJM) Atzerritarrak Barneratzeko Zentroei (CIE) buruzko 2018ko Urteko Txostena aurkeztu du Madrilgo Arartekoaren egoitzan egindako ekitaldi batean. Txostenaren izenburua “Jatorri diskriminazioa” da, Magrebeko pertsonei emandako tratu bereizgarriarengatik. Izan ere, herrialdera heltzen direnean, polizia-etxetik igarotzen dira CIEn amaitzeko. 2018. urtean barneratutako pertsona guztietatik, bi herenak (% 68), bi nazionalitate hauetakoak ziren:  marokoarra edo aljeriarra.  Horren aldean, abuztutik, Saharaz hegoaldeko edo Asiako pertsonarik ez da barneratu CIEn, heltzen direnean Atzerritarrak Denboraldi batean Artatzeko Zentroetara (CATE) joaten direlako, eta, hortik, harrera humanitarioko bitartekoetara, ezin direlako beren jatorrizko herrialdeetara itzuli.  72 orduz atxilotuta egoten diren hasierako fase honetan dagoeneko diskriminaziozko tratu hori hautematen da Magrebeko pertsonekin.

2018. urtean 7.855 pertsona barneratu zituzten, beraz, aurreko urtearen aldean % 11 igo zen kopuru hori. Horietatik, % 98a gizonak ziren. % 78 baino gehiago, herrialdean legez kontra sartzeagatik hasitako itzultzeko espediente batengatik barneratu ziren. Hala ere, barneratutako 179 emakumeetatik, % 40 bakarrik barneratu zituzten arrazoi horrengatik.

Guztira, 89 adingabe barneratu zituzten 2018. urtean CIEetan, Barne Ministerioak onartu duen moduan. 2017ko kopurua baino nabarmen handiagoa da, 48 adingabe barneratu zituztelako.  Horrez gain, CIEtik egindako nazioarteko babeseko eskaera kopuruak gora egin zuen 2018an. Guztira, 1.776 eskaera egin ziren, eta horietatik, % 30,6, izapidetzeko onartu zituzten. Lurraldean dauden zortzi CIEetan egondako egun kopurua, batez beste, 26,08 izan zen.

Nahitaezko aberriratze kopuru osoa (kanporatzeen eta itzultzeen batura) % 22 handitu zen, 11.384 arte, hau da, 2018an baino 31 pertsona gehiago aberriratu ziren egunero. Nabarmena da gauzatutako itzultze prozesuen kopuruak izandako igoera: 2017an baino % 33 handiagoa. Horrez gain, CIEtik kanporatu eta itzulitakoen kopurua % 58 arte handitu zen.

SJM sareko erakundeetako pertsona taldeek 807 pertsona bisitatu zituzten 2018an bost zentrotan: Aluche (Madril), Zona Franca (Bartzelona), Zapadores (Valentzia), Isla de las Palomas (Tarifa) eta La Piñera (Algeciras) Bisita horietan, ahultasun egoerak eta agian eskubideen urratzeak hautematen jarraitzen dira: egiturazko urritasunak zentro gehienetan, adingabeen detekzio falta, eta gaixotasun fisiko eta mentalak dituzten pertsonen arreta falta; gabeziak lege arloko eta hizkuntza interpretatzeko laguntzan; mugak komunikazioak erabiltzeko; tratu apalesgarri eta iraingarriak, eta zailtasunak eta eragozpenak asilo eskaerak egiterakoan. CIEak bisitatzen dituzten GKEen lana eta kontrol epaitegietako eta Arartekoaren behaketa kritikoa kontuan hartuz, bizi baldintzak hobetzea eta zentroetan eskubideak bermatzea eskatzen dute.

MZJk urritasun handiak ikusten jarraitzen du zenbait CIEetan krisi-egoerak kudeatzean; baita indarkeriazko gertaera larriak ere. Horren aurrean, barneratzeko zentroak bisitatzen dituzten erakundeek, Arartekoak, kontrol epaileek eta administrazioko beste erakunde batzuek egoera horiek salatzea eta aldeztea ezinbestekoa da migratzaileen eskubideak defendatzeko.

Azken batean, barneratzearen gehiegizko erabilera finkatzen da, hegoaldeko mugan legez kontrako immigrazioaren aurka borrokatzeko tresna gisa. Hala ere, oraindik ez du disuasio-eraginik, eta, edozein kasutan, sufrimendu handia ekartzen du.  Salaketa horrekin, funtsezko errebindikazioa egiten da: barneratzeak eta askatasun-gabetzeak amaitzea, CIEak ixtea eta gizarteratze-prozesuak errazten dituzten eta onberagoak diren beste aukera batzuk aztertzea.

 

KONTSULTATU HEMEN SJM-REN 2018ko TXOSTENA