JRS LACen txostena Mexikoko migrazioaren testuinguruari buruz

Erdialdeko Amerikako exodoak direla eta, Mexikoko giza mugikortasunaren testuinguruari buruzko txostena argitaratu du Latinoamerikako eta Karibeko Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzuak (JRS LAC).

Erdialdeko Amerikako iparraldeko herrialdeek krisi historiko, sakon eta konplexua bizi dute. El Salvador, Honduras eta Guatemalan gero eta handiagoa da indarkeria, gaizkile taldeen, antolatutako delitugileen, narkotrafiko kartelen eta nazioarteko mafien arteko etengabeko liskarrak direla eta. Zigorgabetasuna eta ustelkeria dira nagusi, eta erakunde demokratikoak oraindik ahulak dira; hori horrela, eskualdeko estatuen instituzionaltasun faltaren ondorioz aurrera egin du antolatutako krimenak. Giza hilketak, haur eta nerabeak taldeetan sartzea, sexu-indarkeria eta behartutako lekualdaketa dira indarkeria horren emaitza. Aurreko guztiaren ondorioz, Erdialdeko Amerikan bizi den egiturazko indarkeria atzean utzi nahi duten pertsonen mugimendua sortu da. Horren erakusgarri da 2018ko urrian Hondurasetik abiatu eta bidean hainbat guatemalar eta salvadortar bildu zituen “Migratzaileen karabana”.

Bestalde, kanpainan hitz eman bezala, Donald Trumpek migrazio-politika zorrotza gauzatu du migratzaileen eta nazioarteko babesa behar duten pertsonen aurka, jazarpenean, kontrolean eta mugak gogortzean oinarrituta. Estatu Batuetako presidenteak migratzeko eta errefuxiatzeko sistema gogortu du, deportazio masiboak gehitu ditu, eta presio ekonomiko handia ezarri die Mexikori eta Erdialdeko Amerikako herrialdeei migratzaileak Estatu Batuetara iristea galaraz dezaten. Politika horiek Erdialdeko Amerikako, Mexikoko eta Estatu Batuetako migrazio-dinamikara erakarri dute nazioarteko begirada; izan ere, horien ondorioz luzatu egin da eskualdeko gatazka. Bitartean, krimen transnazionalaren eragileek negozio nahiko aberasgarria sortu dute migratzeko premian oinarrituta, migratzaileak zaurgarritasun handiagoko egoeren arriskupean utzita.

 

KONTSULTATU TXOSTENA ESTEKA HONETAN