UPR txostena: Espainiako asilo-sistema azterketapean

15 gizarte-erakundek (besteak beste, Pueblos Unidos-SJM) Espainiako estatuak nazioarteko babesaren eta harreraren sisteman urratu dituen eskubideei buruzko txosten bat aurkeztu dute Nazio Batuen Aldizkako Azterketa Unibertsalaren esparruan.


NBEren Giza Eskubideen Kontseiluak Espainiako estatuko giza eskubideen egoera aztertuko du 2020ko urtarrilean, Aldizkako Azterketa Unibertsalaren (UPR) bitartez. Mekanismo horrekin, bost urtez behin azterketa hori egiten zaie 193 estatu kideei.

Azterketa horretarako, Nazio Batuek askotariko informazio-iturriak biltzen dituzte: estatuek berek egindako txostenak, NBEren erakundeen eta mekanismoen bitartez bildutako informazioa, eta giza eskubideen aldeko erakunde nazionalek eta gizarte zibileko erakundeek egindako ekarpenak.

Migratzaileen eta errefuxiatuen alde lan egiten duten 15 erakunde PlatRefugio plataforman elkartu dira, azterketa horretan Espainiako estatuaren nazioarteko babesaren eta harreraren sisteman giza eskubideen egoera zein den azaltzeko txostena aurkezteko. Bertan jaso dira Espainian nazioarteko babesa eskatzeko prozesu osoan gertatzen diren urraketa guztiak, hasi mugan edo lurraldean eskatzen denetik, eta eskabidea berritzen den arte.

Txosten hori PlatRefugio plataformaren barruan aurkeztu da, erakunde hauekin batera: ActívaT en Derechos Humanos, Andalucía Acoge, Asociación ELIN, Asociación Pro Derechos Humanos de España, CESAL, Diaconía, SOS Arrazakeria, Foro de abogad@s de izquierdas – Red de abogad@s demócratas, Fundación La Merced Migraciones, Irídia – Centro para la defensa de los Derechos Humanos, Movimiento por la Paz (MPDL), Pueblos Unidos – SJM, Provivienda, Red Acoge eta Stop Mare Mortum.

 

Esteka honetan irakur dezakezu txosten osoa

Zure erakundeak ere bat egin dezala nahi baduzu, inprimaki hau bete dezakezu