‘Aurpegi berriak, dinamika berberak’ txostena, Mexikoko migrazioei buruz

Migratzaileen nazioarteko eguna dela eta, Entreculturasek Erdialdeko Amerikako migrazioetan jarri du arreta, eta, zehazkiago, Mexikon, “Aurpegi berriak, dinamika berberak. Mexikoko migrazio-prozesuak” txostena aurkeztuta. Migratzaileak Defendatzeko Erakundeen Dokumentazio Sareak (REDODEM) jasotako datuak erabili dira txostena egiteko. Sarean, Mexikoko Errepublikako 13 estatutan banatutako 23 aterpe, etxe, estantzia, jantoki eta erakunde daude bilduta. Aurkezpena egiteko prentsaurrekoan Migratzaileentzako Jesuita Zerbitzuak (SJM) parte hartu du, Mexikon eta Espainia hegoaldeko mugan dauden migrazio-fluxuen arteko paralelismoen berri emateko; izan ere, bertan dihardu SJM erakundeak, Melillako hirian migratzaileei laguntza emanez. Eta Juanita Bagések, Madrilgo Complutense Unibertsitateko Arte Ederretako irakasleak, “Miradas que Migran” izeneko erakusketaren bidez ikasleekin migrazioen errealitateari buruz sentsibilizatzeko egin duen lana hurbildu digu.


Elisabeth Figueroa Ruizek, REDODEMeko idazkari teknikoak, txostenean bildutako zifra nagusiak adierazi ditu, sarea osatzen duten guneetan biltzen diren pertsonak eta mugikortasun-fluxuak era askotakoak direla nabarmentzeko.

REDODEMek 36.000 pertsona baino gehiago erregistratu ditu, eta horietatik gehienak gizonak dira eta herrialdearen hegoaldean erregistratu dira. Adin talde nagusia lan egiteko adinean dauden pertsonak dira, eta horrek agerian uzten du jatorriko herrialdeetan jarduera ekonomikoa izatea bideraezina dela, eta hortaz, halabeharrez jo behar dutela erbestera. Elisabethek profil ahulenei buruzko datuak eman ditu orobat: besteak beste, emakume haurdunak eta REDODEMek erregistratutako 3.881 haur eta nerabeak. Hain zuzen, erregistro guztien % 10,7 adingabeak izan ziren, eta nabarmentzekoa da haien artetik % 57,7 bakarrik ari zela bidaian. Horrekin batera azpimarratu du neskatoak eta emakumezko nerabeak askoz ere zaurgarriagoak direla bidaian zehar, gizonezkoekin alderatuz gero.

Elisabethek azaldu duenez, laguntza emateaz gain, helburu bikoitza du REDODEMen lanak: batetik, mugikortasunean dauden pertsonen egoera erregistratzen eta dokumentatzen dute, baina haien aurka egiten diren delituen eta urratzen zaizkien giza eskubideen berri ere jasotzen dute, politikak aldatzeko ekintzen oinarri izan daitezen, eta giza eskubideak ardatz dituen ikuspegia har dadin.

Migratzaileen egoera zaila are gehiago larritzen du Peña Nietoren sei urteko agintaldian ezarritako migrazio-politikak, agerian utzi baitzuen erakundeen aldetik ez zegoela inolako interesik mugikortasun-egoeran dauden pertsonen premiei erantzuteko, giza eskubideak ardatz dituen ikuspegi batetik. Mexikok Migrazioei buruzko Munduko Ituna sustatu zuen nazioartean, baina, hala eta guztiz ere, segurtasunaren ikuspegia eta migratzaileak kriminalizatzen dituen narratiba arriskutsua dira nagusi haren politika nazionalean.

Magdalena Silva Rentería ahizpak, REDODEMeko koordinatzaile eta Emakume Migratzaile eta Errefuxiatuak Hartzeko, Prestatzeko eta Ahalduntzeko Etxearen (CAFEMIN) sortzaile eta zuzendariak, bere hitzaldia baliatu zuen migratzaileak, giza eskubideen defendatzaileak eta harrera-etxeak berak kriminalizatzeko kanpaina xenofoboetan hedabideek zer eginkizun eta eragin izan duten nabarmentzeko: “2019. urtean, Guardia Nazionala etxe horietan 9 aldiz sartu dela dokumentatu dugu orain arte; hori horrela, sistematikoki urratzen dira migratzaileen giza eskubideak”.

Magdalena ahizpak, halaber, bi mugetan dagoen egoera nabarmendu du: batetik, hegoaldean, “jende-metaketa masiboak daude, egoera penagarrian, gobernua migrazio-fluxua geldiarazten saiatzen ari den bitartean” eta iparraldean, Estatu Batuekin dagoen mugan, “metatze-egoera berbera bizi dute, eta errefuxiatu-izaera eskatzeko hainbat hitzordu antzuren ondoren, jatorriko herrialdeetara deportatzen dituzte”.

Mexikoko migrazio-fluxuaren errealitatea konplexua da, eta oso zaila da jatorriko herrialdea zergatik utzi den bereiztea. Askotariko arrazoiak daude: batzuk ekonomikoak dira, baina badira bizitzaren prekarizazioarekin, erakundeen gabeziekin, klima aldaketarekin eta indarkeria orokortuarekin lotutakoak ere. Migrazioa bihurtu da bizitzari eusteko aukera bakarra.

Egoera horren aurrean, ezinbestean onartu behar da pertsona batzuek nazioarteko babesa jasotzeko profila betetzen dutela, eta bestelako ahulezia-egoera batzuk jasan behar dituztela, berez mugikortasun-egoeraren ondorioz jasaten dituztenez gain. REDODEMek 2018an erregistratutako 36.190 pertsonen artetik, gutxienez 4.244k betetzen zuten errefuxiatu-profila. Argi eta garbi adierazi zuten askotariko indarkerien ondorioz utzi zutela jatorriko herrialdea.

Espainia hegoaldeko muga

Ihes egin beharra, migratzaileek sufritzen dituzten arriskuak eta giza eskubideen urraketak, profil jakin batzuen ahulezia eta nazioarteko babesa lortzeko prozeduran sartzeko zailtasunak: Espainia hegoaldeko mugara iristen den migrazio-fluxuan ere errepikatzen dira horiek guztiak. Bertan aritzen da Migratzaileentzako Jesuita Zerbitzua, Melilla hirian bidean dauden migratzaileei lagundu, zerbitzu eman eta defendatzeko.

María Vieyrak, Migratzaileentzako Jesuita Zerbitzuaren abokatuak, antzekotasun horiek berretsi eta SJMk artatzen dituen profilak azaldu ditu: adibidez, sexu esplotaziorako salerosketaren biktima izan daitezkeen emakumeak; Administrazio Publikoaren zaintzapean dauden neskatoak; nazioarteko babesa eskatzen duten adingabeak, heldurik gabe iritsi direnak; Mediterraneoa gurutzatzeko itsasontzi pneumatikoetan Chafarina Uharteetara iritsi ondoren Itsas Salbamenduak lekuz aldatu dituen pertsonak; Espainiako lurraldera sartzeko mugan dagoen hesi txarrantxaduna zeharkatu duten nazioarteko babes-eskatzaileak; eta adingabeak eta gurasoak bananduta iritsi berri diren familiak.

Maríak migrazioaren alorrean dauden askotariko kezkak ekarri ditu hizpidera: besteak beste, legez ezarritako postuen bidez Espainiako lurraldera sartzeko zailtasunak, Espainiako lurraldean dauden pertsonak Melillatik Marokora itzultzeko prozedura sumarioak, Melillan dauden nazioarteko babes-eskatzaileei Espainian askatasunez zirkulatzeko eskubidea mugatu zaiela; eta ez dagoela politika publikorik bizitzaren babesa, heriotzaren dolua eta linboan dauden pertsonen zaintza hobetzen laguntzeko.

Bere hitzaldian, zera nabarmendu zuen: “migrazio-politiken oinarria mugen kontrola kanporatzea bada eta migrazio-fluxuei eusteko ahaleginean jartzen badugu arreta, bideen arriskugarritasuna handituko da eta, hortaz, pertsona horiek bizi dituzten indarkeriak eta arriskuak larritu, eta haien giza eskubideak bermatzen ez dituzten egoerak ugarituko dira”.

Harrera-gizarteak

Egoera horien gogortasuna gorabehera, kezkatuta ikusten dugu gizartean gero eta gehiago direla migratzaileen eta errefuxiatuen aurkako gorroto-diskurtsoak. Herritartasun Globalerako Hezkuntzaren ikuspegitik, Entreculturas-ek Miradas que Migran programa jarri du martxan, migrazioak ikusteko dugun modua aldatzen laguntzeko. Esparru horretan, ikaskuntza- eta zerbitzu-proiektu bat darama aurrera Madrilgo Complutense Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultatearekin lankidetzan. Juanita Bagések, Madrilgo Complutense Unibertsitateko Mugikortasuneko eta irteera profesionaletako dekanordeak eta Miradas que Migran proiektuaren hezkuntza-koordinatzaileak, azaldu digunez, ikasleekin batera munduko mugikortasun behartuaren egoerari buruz hausnartzea da proiektuaren helburua, gazteak beren inguruan harrera-kultura zabaltzeko agente bihur daitezela sustatzeko. Laugarren edizioan, 600 ikaslek baino gehiagok lagundu dute harrera-kultura sortzen eta unibertsitateko komunitatean aldaketarako agente bihurtzen, migrazio behartuei buruz egin dituzten sormen-lanen bitartez.

Entreculturas-ek, sentsibilizazioaren, eragin politikoaren eta hezkuntzaren bidez, giza eskubideetan oinarritutako kulturarteko gizarteak eraiki nahi ditu, haietan migrazioak abagunetzat har daitezen, eta ez mehatxutzat.