Besozabalik Jardunaldiak: harrera-esperientziak besoak zabalik

Urriaren 23, 24 eta 25ean, BESOZABALIK jardunaldiak partekatu ditugu Arrupe Etxean. Ellacuría Fundazioak, Loiolaetxeak eta ALBOANek antolatu dituzte, migratzaileen eta errefuxiatuen harrerari buruzko esperientziak ezagutarazteko. Arratsaldero, 60 lagun baino gehiago elkartu gara gogoetak eta bizipenak trukatzeko.

Lehenengo egunean, Pepa Torresek Madrilgo Lavapiés auzoan bizitako esperientziaren berri eman zigun. Azaldu zigun komunitatea euskarri bihurtu zela, «bizitzaren sokan orekari eutsi» behar dioten pertsonentzako «zirko sare» bat izango balitz bezala. Peparen ondotik Babes komunitarioa iritsi zen. Jesusen Lagundia duela zenbait hilabete hasi zen Euskadin programa hori garatzen, euskal eta espainiar gobernuekin, ACNURekin eta Euskadiko Cáritasekin batera. Kanadako ereduan inspiratutako ekimen bat da. Haren bitartez, eragile bakoitzak errefuxiatutako familien zerbitzura jartzen ditu bere baliabideak, nork bere erantzukizunpean. Bi esperientzia horiek HORMETAN LEIHOAK IREKITZEN ari dira.

José Ignacio García jesuitak gure begirada Europara zabaltzen lagundu zigun, eta konturarazi gintuen nola, tradizioz eta historikoki emigratzaile eta immigrante lurraldea izan arren, egungo asilo eta migrazio politikek gero eta traba handiagoak jartzen dituzten migratzaileak eta errefuxiatuak hartzeko. Tamalez, ezerk ez digu pentsarazten joera hori aldatuko denik, gizartean ez badago aurka egin diezaiokeen mugimendu sendorik. Bilboko Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko Catherinek eta Irungo Harrera Sareko Ionek ere ildo beretik azaldu ziguten beren esperientzia. Bi sare horiek tokian toki antolatzen dira, bakoitza bere udalerrira iristen diren migratzaileen beharrei erantzuteko: adibidez, zenbait gau igarotzeko tokia bilatzen dute eta elkarrekin aisialdi jarduerak egiten dituzte. Aurkitzen duzun pertsonaren egoerak zuregan eragina izatea onartzea da kontua, eta hala, baiezko erantzuna eman dakioke arratsaldea martxan jartzean plazaratu genuen galderari: EUROPA, LURRALDE ABEGITSUA?

Ostiral arratsaldean, Tangerreko artzapezpiku emeritua izan genuen gurean: monsinore Santiago Agrelo. Marokon bizi zeneko oroitzapenen eta han ezagutu zuen jendearen berri eman zigun, eta «bihotzez bihotz» irabazi gintuen; esan zuenez, hori zen bere asmoa. Arratsaldeari amaiera emateko, SUKALDERAINO sartu ginen Bego, Enrique eta Felixen etxeetan, eta azaldu ziguten zein erraza den norberaren etxea beste herrialde batzuetako jendearekin partekatzea, HOSPITALITATEA BELDURRIK GABE bizi duzunean.

Abegiz betetako jardunaldiak izan ziren, eta bizipen zehatzak eta hurbilak ekarri zituzten hizpidera; gizarte solidario eta abegitsu baten parte izan nahi duen ororentzat itxaropen eta gidari diren bizipenak.