Hospitalidad.es kanpainak pertsona migratzaileen harrera eta babesa defendatzen ditu aurreko astean izandako G6 goi-bileraren aurrean

Europako sei herrialdeen eta Marokoren arteko bilera “Migrazio irregularraren eta terrorismo yihadistaren aurkako borroka” premisa kezkagarriarekin egin zen.

Pasa den urriaren 16an, Europar Batasuneko sei herrialde handienek, Europako Migrazio eta Segurtasun komisarioekin batera eta Marokoren parte-hartzearekin, goi-bilera izan zuten Sevillan migrazio irregularraren eta terrorismo yihadistaren aurkako borrokari buruz jarduteko. Jesusen Lagundiko Hospitalidad.es kanpainatik kezka erakutsi nahi dugu,  terrorismoaren eta migrazioaren artean lotura egiteagatik, terrorismotik, gerratik eta pobreziatik ihes egin nahi duten pertsonen kriminalizazio orokortua eragiteko joera duelako, bai eta Europako mugen segurtasun eta esternalizazio gero eta handiagoagatik ere.

Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne Ministroaren hitzetan, goi-bilerak “Europar Batasuna eta Mediterraneoa jasaten ari diren Afrikako migrazioaren presioari ordena jartzeko” asmoa du, bai eta “nazioarteko terrorismoaren aurkako borrokari buruz eztabaidatzekoa ere”, Europan dagoen mehatxu larria dela eta. Europar Batasunaren erantzuna mugen segurtasuna handitzearen aldekoa da. Horrez gain, dinamika horretan beste herrialde batzuk ere sartzen dira jokoan, hala nola Niger, Txad eta Libia (pasa den abuztuan Europako G4arekin Parisen egindako bileran egon zirenak), eta horiei Maroko ere batzen zaie, EBko mugen kontrolaren esternalizazioa indartzeko; horrek pertsona migratzaileen giza eskubideen eta mugikortasunerako oinarrizko eskubidearen urraketa dakar, nazioarteko babesa eskatzekoa kasu.

Personas migrantes en la estación de Keleti, Budapest. Foto: Kristof Holvenyi / JRS
Personas migrantes en la estación de Keleti, Budapest. Foto: Kristof Holvenyi / JRS

Uste dugu terrorismoaren eta migrazioaren arteko lotura horrek pertsona migratzaile eta errefuxiatuen kriminalizazioa dakarrela, eta gatazka armatuetatik, hondamendi naturaletatik edo pobrezia- eta esklusio-egoeretatik ihesi datozen pertsonak biktima izatetik susmagarri potentzial izatera pasatzen direla, gorroto- eta gaitzespen-diskurtsoak elikatuz. Horregatik, irailaren 26an EBn pertsona errefuxiatuak hartzeko epemuga bete zenean (% 11ko betetze apalarekin Espainaren aldetik) Hospitalidadetik babestu genuen moduan, sarbide legal eta seguruak ezartzeko beharra aldarrikatzen dugu, pertsona horiekiko dagoen borondate eta konpromiso politiko faltarekiko gure kezka adierazten dugu, eta EBko –eta bereziki, Espainiako– migrazio- eta asilo-politika eraginkorragoa eskatzen dugu, bai eta nazioarteko garapenerako lankidetzako politika bat ere, aurrekontu-baliabide duinak dituena eta mugen kontrolaren mende ez dagoena.. Mugan legez kanpoko kanporatze sumarioak egiteagatik Espainiari jarritako azken kondenak eta Mediterraneoan izan diren etengabeko heriotzen zifrak inoiz baino beharrezkoago egiten dute mota horretako berrikuspen bat, nahitaez migratzen duten pertsonen duintasuna, eskubideen errespetua eta bizitza bermatzeko.

Hospitalidad.es kanpainak Francisco aita santuak abuztuaren 15ean Migratzaileen eta Errefuxiatuen Munduko Egunari buruz emandako mezua hartzen du erreferentziatzat, eta nabarmentzen du pertsona migratzaile eta errefuxiatuen aurrean elizak eta gizarte zibilak eman behar duten erantzuna lau aditz nagusik laburbiltzen dituzten ekintzetan oinarrituta egon behar dela:  hartu, babestu, sustatu eta integratu, muga sozial ikusezinak apurtzeko eta harrera-espiritua sortzeko. Hospitalidad.es osatzen dugun erakunde eta pertsonok prest gaude Francisco aita santuak proposatutako ekimen horiek burutzeko konpromisoa hartzeko, betiere nabarmenduz babesa emateko eta xenofobia eta bazterketa sustatzen duten diskurtsoak ekiditeko ardura nagusia estatuek dutela, adostutako konpromisoak hartzeko eta bakearekin eta harrerarekin konpromisoa duten hiritar globalak sortzeko hezkuntza-politikak gauzatzeko duten gaitasunarekin batera.