Nadorreko Migrazioen Ordezkaritza Diozesiarra Nafarroan izan da hegoaldeko mugaren errealitateari buruzko lekukotza emateko

Claudia Astorqui eta Mª Jesús Martín, Nadorreko Elizbarrutiko Migrazio Ordezkaritzako kideak biak ala biak, Iruñean izan ziren otsailaren 15etik 21era bitartean, Justizia Sozialaren Munduko Egunaren ospakizunen esparruan. Agenda jardueraz beterik, bi ordezkariek hainbat bilera eta topaketa instituzional egin zituzten Nafarroako Gobernuaren Lankidetza Zerbitzuarekin eta Migrazio Politiken Sailarekin, eta Legebiltzarrarekiko lan-saio batean ere parte hartu zuten, Alboanen zuzendari Martin Iriberrirekin eta Ani Urretavizcayarekin, Alboanen Nafarroako hezkuntza-arduradunarekin.

Era berean, ikastetxeetako ikasleekin, migratzaile eta errefuxiatuekin lan egiten duten gizarte-erakundeekin, eta Nafarroako Garapen Lankidetzarako GKEen Koordinakundearekin bildu ziren bisitan zehar. Gainera, bi hitzaldi publikotan esku hartu zuten, Tuteran eta Iruñean, Nadorren migrazioari dagokionez zer-nolako errealitatea bizi duten jakinarazteko eta Ordezkaritzak egiten duen lanaren berri emateko.

Elizbarrutiko Migrazio Ordezkaritzak jarduera-ildo bat baino gehiago ditu; funtsean, arreta soziosanitarioa eta laguntza humanitarioa ematen die hiriaren ingurumarietako basoetan dauden kokaleku informaletan edo aldirietako etxeetan bizi diren migratzaileei. Gainera, bitartekaritza-lana egiten du migratzen ari den jendearen eta tokiko administrazio eta erakundeen artean, eta oinarrizko osasun-arreta eman eta, batzuetan, premia biziko produktuak banatzen ditu.

Zenbatespenen arabera, egun gutxi gorabehera 3.000 pertsona bizi dira Nador inguruan halako kokaleku informaletan (haurtxo eta haurrak barne). Kasu batzuetan, urtebete edo bi urte artean geratzen dira bertan.

Astorquik eta Martínek, halaber, erakundeei RefAid plataforma eta aplikazioa ezagutarazteko eta harekin bat egitera gonbidatzeko baliatu nahi izan zuten bisita. Tresna horren bitartez, hainbat herrialde eta hiritako erakundeek eskainitako laguntza-zerbitzuak aurkitu daitezke, kokapenaren eta kategoriaren arabera. Errefuxiatuek eta migratzaileek modu anonimoan lor dezakete informazio hori, eta oso baliagarria da, batez ere, Europara iristen direnean.