Liburuak eta mezuak bidali zaizkie Libanon errefuxiatuta dauden haur siriarrei

Munduko edozein txokotan, haur bat liburu bat irakurtzen ari denean, bakean dago, eta jolasten eta ikasten ari da. Haurtzaro zaileko tokietan, halako uneek garrantzi handiagoa dute, errealitatetik urruntzen eta irakurketaz gozatzen laguntzen baitiete haurrei. Hala gertatzen zaie Libanon errefuxiatuta dauden eta Entreculturas elkartearen babespeko Errefuxiatuentzako Zerbitzu Jesuitaren (JRS) eskoletara joaten diren haur siriarrei.

«Apadrina un libro» ekimenaren bidez, ikasle horiek bakean egon dira une batez, jolasteko aukera izan dute, eta lotura sentitu dute Espainiako beste haur batzuekin. Ekimen hori abenduan jarri genuen martxan, La Fabulosa liburu-dendarekin batera, eta Espainiako Argitaletxe Independenteen Elkartearen laguntzarekin. Ekimen horri esker, 71 ipuin ilustratu (hitzik gabeak) hartu dira babesean, eta Libanora bidali, haur errefuxiatuentzako mezuekin batera; haurrek mezu horiei erantzun ahal izan diete.

Ekimenak bi une garrantzitsu izan zituen ipuin-kontalarien bi tailerri esker: bata abenduan egin zen, Madrilgo La Fabulosa liburu-dendan, eta bestea urtarrilean, babesean hartutako liburuak iritsi zirenean, Bourj Hammoudeko (Libano) Frans Van der Lugt (FVDL) ikastetxean.

Libanoko tailerrean 7 eta 8 urteko 21 ikasle izan ziren, eta tutoreak, Noorrek, dinamizatu zuen. Datozen hilabeteetarako, JRS zerbitzuaren helburua da hitzik gabeko liburuak ipuin-kontalarien tailerretan erabiltzen jarraitzea, bai FVLD ikastetxean, bai Jbeileko Nucolas Kuiters ikastetxean, baita Bar Eliaseko Telyani, Meksi eta Nahrya ikastetxeetan eta Baalbekeko Nour I, Nour II eta Dar Al Hanan ikastetxeetan ere.

Entreculturas elkarteak herrialde horretan dituen proiektuen arduradun Miguel Santiustek bi tailerretan parte hartu ahal izan zuen, eta, haren hitzetan, «gure ahaleginek errefuxiatu ahulenentzako babes-, ikaskuntza- eta berreskuratze-eremuak sortzean jarri behar dute arreta. JRS zerbitzuaren bidez, balioetan oinarritutako kalitatezko hezkuntza eskaintzen dugu, baita premiazko gauzak ere; esaterako, arropa, janaria eta garraioa. Oso garrantzitsua da norbaitek laguntzen diela eta babesten dituela sentitzea; funtsezkoa da duintasunari eta itxaropenari eustea.»

Liburuez gain, tailerrean parte hartu zuten ikasleek Madrilgo haurren mezuak jaso zituzten, agurrez, jakin-minez eta itxaropenez beteak, eta erantzun ere egin ahal izan zieten. Irakurketaren magiak itxuraz elkarrengandik urrun dauden tokiak eta istorioak elkarrengana hurbiltzeko eta elkarri lotzeko aukera eman du: liburuek lotu egiten dute, eta bakea eta babesa ematen, munduko edozein txokotan zaudela.

Eskolatu gabeko 300.000 haur errefuxiatu
2011n gerra hasi zenetik, gutxi gorabehera milioi eta erdi siriar Libanon errefuxiatu dira, Asturiasen tamainako herrialde txiki bat. Errefuxiatu horien erdiak adingabeak dira. Libanok ahalegin handia egin du errefuxiatuen hezkuntza bermatzeko; horren haritik, haientzako berariazko txanda bat prestatu du, arratsaldez, baina oraindik 300.000 adingabe ditu eskolatu gabe.