Denbora Bankuak eta hospitalitatea: Trukeen Sarea

Errefuxiatuen krisiari buruzko gaur egungo eztabaidak, sektore jakin batzuen karranka populistekin eta gobernu batzuen enpatiarik ezarekin batera, gizarte zibilaren eragiteko gaitasuna jarri du agerian, eta horrez gain, hospitalitatea azaleratu du, antzinatik bazterrean utzita zegoela bazirudien ere. Are gehiago garai hauetan, populismo xenofoboaren harrapakin bakarra hauteskundeak direla kontuan hartuta, Europar Batasunak jazarpena jasaten duten pertsonekiko elkartasun- eta babes-balioak alde batera uztea erabaki baitu Turkiarekin hitzarmena sinatzean. Hitzarmen horren eraginez, orain modu masiboan eta bereizi gabe kanporatu ahal izango dituzte, ez bizimodu hobea lortzeko helburuarekin etorri diren pertsonak, bizimodu baten bila etorri direnak baizik.

Baina horrenbeste egoismo eta axolagabekeria artean beti gailentzen da gizartearen jarrera harkorra eta abegikorra, botere politikoa dutenek ezarri nahi duten narriadura moralari nagusituta. Gizarte-erakunde eta -talde horien artean, Denbora Bankuak (DB) ditugu. Horiek pertsonengan produkzio-bideak baino ikusteko gai ez den ekonomia honen akatsak (eta lazturak) konpontzen saiatzen dira duela zenbait hamarkadatatik. Trukeen Sarean, CeiMigra Fundazioak Valentzian martxan jarri zuen denbora-bankuan, mota guztietako izuetatik ihes egin nahian datozen pertsonenganako hospitalitatea eta harrera sustatzen duten ekimen herritarrekin bat egin nahi izan dugu.

Zer proposatzen dugu Trukeen Saretik?

Trukeen Sareak gehien azpimarratzen duen alderdietako bat migratzaileak gizarteratzeko guneak sortu beharra da. Baina hor da, halaber, kultura desberdinen arteko topaguneak eraikitzen jarraitzeko gogoa. Bi esparru horiei esker, pilatutako jakintzak, gaitasunak eta ezagutzak dituztenek truke zuzenean oinarrituz garatu eta aplikatu ahal izango dituzte horiek, denbora-banku guztiek sustatzen duten zerbitzuen doako hartu-emana eta jarduera solidarioa abiapuntutzat hartuta.

Iritsi berri direnek aurrez aurre topatzen dituzten arazo guztien artean, Espainiako administrazioak atzerrian ikasi duten pertsonen tituluak homologatzeko orduan aplikatzen duen zurruntasuna da nagusienetako bat. Izan ere, horrek negatiboki eragin dezake iritsi berri den pertsonaren autoestimuan, esparru jakin baten aldeko apustu sendoa egin ostean, hura guztiz zapuzten baita pertsona horrek bere karrera, masterra edo doktoretza aitortu ahal izateko gainditu behar duen prozesu konplexuarekin topo egiten duenean. Banku-datuek asko lagun dezakete zentzu horretan, frustrazio hori pixka bat “saihestu” ahal izateko: hasieratik, kasuan kasuko pertsona homologazio-prozesua abian jartzera  animatzeaz gain, zerbitzuak trukatzea proposatzen zaio, ikasten inbertitu dituen urte horietan guztietan bereganatutako ezagutzak abiapuntutzat hartuta; gaztelania ikasteko premia duen informatika-ingeniariak, adibidez, ordenagailuak konpon ditzake gaztelania-eskolen truke, horiek eskainiko dizkion norbait aurkitzen badu.

IMG_5640

Nabarmendu nahi den beste alderdietako bat benetako sare sozial baten sorrera da, hark euskarri gisa jardungo bailuke iritsi berri den pertsonak harrera egin dion gizarteari buruzko erreferente batzuk izan ditzan. Elementu horrek izugarrizko garrantzia du: orain arte integrazioaren subjektu pazienteak izan direnak, hau da, Espainiara duela hamarkada batzuk iritsi zirenak, subjektu agente bihurtzen dira, eta iritsi berri direnen laguntzaile gisa jarduten dute. Zentzu berean, partaidetzarako eta topaketarako gune txikiak sortzearekin batera, gure ustez nabarmen sustatzen dira talde jakin bat osatzen duten pertsonen arteko harreman afektiboak, horiek guztiek helburu jakin batzuk bereganatzen baitituzte. Horrenbestez, onurak hainbat norabide dituela ikus dezakegu: iritsi berriak bere kulturaren inguruan sentsibilizatzen ditu gainerakoak, bere burua aurkezten du eta norbere erreferenteen sarea eraikitzen du harrera egin dion ingurune berrian; gainera, harreran, hospitalitatean, berdintasunean, partaidetzan eta kultura-aniztasunean oinarritutako gizarte baten eraikuntzan parte hartzen du.

 

Mustapha M-Lamin Ahmed (Trukeen Sareko teknikari dinamizatzailea – SJM-E Valentzia).