Eskubidedun Migratzaileak-ek pozik hartu du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiaren aurka emandako epaia, mugetako kanporatze sumarioak direla eta

Estrasburgon urriaren 3an jakitera emandako epaiak babestu egiten du Caritas, CONFER, Jesusen Konpainiaren Gizarte Sektorea eta Justizia eta Bakea erakundeok planteatutako eskaeretako bat.

Espainian, Eliza katolikoaren barruan, migratzaile eta errefuxiatuekin lan egiten duten eta «Eskubidedun Migratzaileak» kanpaina bultzatzen ari diren erakundeek ­–Caritas, CONFER (Erlijiosoen Espainiako Batzarra), Jesusen Konpainiaren Gizarte Sektorea (Hospitalitatea hor sartzen da) eta Justizia eta Bakeagoraipatu egiten dute Estrasburgon atzo jakitera emandako Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren (GEEA) epaia, 2014ko abuztuaren 13an Melillako mugan bi pertsonari aplikatutako kanporatze sumarioari buruzkoa.

Epaiak (aurkakoa Espainiarentzat) berretsi egiten du bi pertsona horiek beharrezko bermeak bete gabe itzuli zituztela Marokora, irregulartasunez betetako prozesu baten baitan, gainera. Gure erakundeen bidez behin eta berriz salatu ditugu jardunbide horiek, eta epaian, orain, garbi adierazita dago migratzaileen eskubideak urratu egiten dituztela aipatutako jardunbideek.

Europako Auzitegiak, epai horretan, besteak beste azaldu du kanporatze kolektiboa izan zela, giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen babeserako hitzarmenaren 4. protokoloko 4. artikuluan xedatutakoaren kontra. Auzitegiak halaber azaldu du kanporatze sumario horren ondorioz eskatzaileei ez zitzaiela inolako aukerarik eman errekurtso bat aurkezteko; hau da, ezin izan zutela agintari eskudun baten esku jarri kanporatze kolektiboa ez aplikatzeko zuten eskubidearen urraketa. Horregatik, Hitzarmenaren 4. protokoloko 4. artikuluarekin lotuta, Hitzarmenaren 13. artikulua ere urratu dela dio Auzitegiak.

Azpimarratu egin behar da epaiak desmuntatu egiten duela Espainiako Gobernuaren asmoa. Izan ere, Espainiako Gobernuak adierazi zuen kanporatutako biktimak ez zirela Espainiako lurraldean sartu, mugako euste-elementuak zeharkatzen ari zirela bota zituztelako atzera, “mugaldeko kontzeptu operatiboa” deritzona aplikatuz. Horri dagokionez, Europako Auzitegiak argi eta garbi adierazi du Estatu batek (Espainiak) ezin dituela bere lurraldearen eta beste Estatu baten (Marokoren) arteko mugak alde bakarretik aldatu, egoera jakin baten beharrak betetzeko.

Nabarmen azpimarratu nahi dugu GEEAk epai hori eman ahal izan duela han inguruan zeuden kazetari batzuek jasotako froga grafikoari esker; bideo bati esker, hain zuzen ere. Izan ere, eskatzaileak ondo bereizten ziren bideo horretan. Hori, zoritxarrez, salbuespen bat da, mugako euste-lanak fokuetatik kanpo eta lekukorik gabe izaten baitira. Horregatik da hain garrantzitsua kasu horien berri ematea, horrela agerian jartzen baita zer arrisku objektibotan jartzen dituzten migratzaileak eta errefuxiatuak kanporatze sumarioak aplikatzen dituztenek.

Epai honek balio behar du botere publikoek bertan behera utz ditzaten immigrazioarekin eta giza eskubideekin loturiko jardunbide irregular horiek, ezin baitira inolaz ere onartu Europar Batasuneko inongo Estatutan, Europako Auzitegiak berretsi duenez. Horregatik guztiagatik, Gobernuari eskatzen diogu berehala indargabetu dezala atzerritarren eskubide eta askatasunei buruzko 4/2000 Lege Organikoaren X. Xedapen Gehigarrian ezarritakoa.