MUGETATIK HARATAGO: bizikidetzarako esperientzia

Loiolako Santutegian eta haren inguruetan, hamahiru aste daramatzagu Euskadiko eta Kantabriako ikastetxeetatik datozen gazteak gurean hartzen, ALBOANek eskainitako Mugetatik Haratago bizipen-esperientziaz gozatzera datozenean. Denbora horretan, guztira 12 eta 15 urte arteko 638 gaztek izan dute migratzaileen eta errefuxiatuen azalean jartzeko aukera, askotariko role playing dinamiken bitartez. Hala, behartutako migrazio-egoera bizi duten pertsonen errealitatera hurbildu dira.

Esperientzia dinamizatzen aritzen garen ALBOANeko lantaldearen ustez, Loiolako hiru eguneko egonaldian egiten ditugun jarduera guztiak dira berez baliotsuak. Hala ere, esanahi bereziko uneren bat nabarmentzekotan, lekukotzaren espazioa azpimarratuko genuke; bertan, benetako migrazio-istorioak entzuteko eta adierazteko aukera dute gazteek, eta aurpegia jar diezaiokete esperientzian zehar bizitakoari. Talde gisa, gure ustez bada dinamikan zehar sortutako sentimenduak islatzen dituen beste une bat ere: nork bere “benetako” buruari gutun bat idazten dionean, bizitakoaren berri emateko. Adibidez, honako hau idatzi zuen Zornotzako El Carmelo ikastetxeko ikasle batek:

“Kaixo! Ziurrenik arraroa irudituko zaizu 652 jartzea, baina gaur ez naiz Madi Safiro izan, 652 baizik. Errefuxiatuen eremuan sartzea lortu dut, eta lasaiago nago. Bidea ez da hemen amaitzen, baina eskertzen dut hona iritsi izana. Hiru poliziak pasaportea eskatu didate, eta ez modu onean: haietako batek badirudi gorrotoa didala eta besteek zaborra banintz bezala tratatu naute. Nire semea ongi dago, zorionez, ez diote ezer egin. Iristeko gogoz nago. Besarkada bat. M.S.”

Migrazioari eta babesari buruzko proposamen pedagogiko honek migratzaileen eta errefuxiatuen sentimenduak eta bizipenak nabarmentzen ditu, eta jatorriko herrialdeetatik ihes egitean, bidean nahiz harrera-herrialdeetara iristean giza eskubideak etengabe urratzen zaizkiela salatzen du. ALBOANek, Mugetatik Haratago proiektuaren bitartez, ikasleek errealitate hori modu desberdin eta hurbilean lantzeko aukera ematen die ikastetxeei eta, horrenbestez, gure gizartean gurekin bizi diren migratzaileei harrera positiboa egingo dieten komunitateak eta gizarteak sortzen laguntzen du.