Hospitalitate Sarearen komunitate berria Bartzelonan

Duela egun gutxi batzuk, Migra Studium hospitalitate-sarearen komunitate berri bat jarri da abian Casal Arrupen, Sant Cugat del Vallèsen. Jesusen Lagundiak aldi baterako Migra Studiumi laga dion gune bat da, eta Casal Loiolaren babesa du. Egun kalteberatasun-egoeran dauden migratzaileak hartuko ditu, eta Migra Studium Fundazioko boluntarioen eta kideen laguntza jasoko dute han.

Eskari gero eta handiagoaren eta, Covid-19aren krisialdiak larritutako egoera honetan, migratzaileen premia berrien ondorioz jarri da martxan ekimen berria. Hain zuzen, Migra Studiumek egunotan ikusi ahal izan duenez, jadanik kalteberatasun-egoeran bizi zirenek konfinamendu bereziki gogorra jasan behar izan dute, etxe segururik ez eta premia oinarrizkoenak estaltzeko baliabide ekonomikorik ez izatera eraman dituen egoera batean.

Bi gazterekin abiarazi da ekimena, eta 10 pertsona ere hartzeko gai izango dela aurreikusi da. Pau Vidal jesuita da egun hauetan haiekin batera biziko den jesuitetako bat.

Migra Studiumek duela zenbait hilabetetatik hospitalitate-sare bat du, eta haren bidez, familia eta erlijio-komunitate batzuek etxean hartzen dituzte migratzaile nahiz errefuxiatuak. Covid-19aren krisialdiaren ondoriozko konfinamenduan, sareak jardunean jarraitu du eta, hain zuzen, familia askok beren konpromisoa eta harreraren iraupena luzatu dute. Baina badira, halaber, Covid-19aren krisialdiak nolabait ukitu dituen familiak ere, eta Pilar Paviak, hospitalitate-sarearen koordinatzaileak, esan digunaren arabera, ezin dira harrera egiteaz arduratu. «Konfinamenduko eta osasun-arloko salbuespen-neurrien garai honetan, zailagoa da harrera egiteko eta laguntza emateko nahikoa familia aurkitzea».

Horregatik, premia handienei erantzutera dator San Cugateko hospitalitate-komunitate berria; izan ere, «kalean badago aurrez egoera horretan inoiz egon ez den jendea», dio Pilar Paviak. Hasiera batean, hurrengo hilabeteetan egoera hori arintzeko planteatu da baliabide hori, baina bizi dugun momentuaren ziurgabetasuna kontuan harturik, ez da finkatu funtzionamenduan egoteko eperik.

Abegian hartutako pertsonei etengabeko laguntza emango diete boluntarioek, eta haietako batzuek lineako prestakuntza-jarduerak egingo dituzte, halaber. Kataluniako jesuiten ordezkariak, Llorenç Puigek, nabarmendu duenez, «pertsona kalteberenei, erakundeen aldetik arreta egokia jasotzeko zailtasun handiena dutenei, abegia, laguntza eta arreta emateko proiektu komunitario bat da»; eta bereziki azpimarratu du honako hau: «gure ohiko jardueran bezala, ez da baliabide masibo edo anonimo bat, baizik eta laguntza eta lotura komunitariokoa».

Komunitate berria martxan jartzeaz gain, Migra Studium bertatik bertarako arreta lehenesten ari da egun hauetan, Bartzelonako Nuestra Señora de la Victoria elizan banan-banako orientazio sozial eta juridikoa eskaintzen. Hain zuzen, Migra Studium Fundazioak ere eraikin horretan du egoitza, eta ezarritako segurtasun-arau guztiak betetzeko aukera ematen duen espazio bat gaitu du bertan.