Giza eskubideak bermatzen dituzten muga batzuen alde

Entreculturas-ek, SJM Mexikok eta SJM Espainiak antolatutako elkarrizketa, Erdialdeko Amerikatik Estatu Batuetaranzko migrazio fluxuari eta Afrikatik Europaranzko migrazio fluxuari buruz.


Entreculturas-ek elkarrizketa gune bat jarri du martxan, munduan giza mugikortasun handiagoa duten guneetatik bitan gertatzen ari diren migrazio-testuinguruei buruz: batetik, Mexiko hegoaldeko mugan, erdialdeko amerikarrek Estatu Batuetarantz jotzen dute Comalapa bidez, eta bestetik, Espainia hegoaldeko mugan, Melillatik Europarantz egin nahi duten afrikarren fluxua metatzen da.

Gosaria Cristina Manzanedok aurkeztu eta bideratu du, Entreculturas-eko Migrazioetako arduradunak, eta bertan migratzaileekin lan egiten duten Jesusen Lagundiko bi gizarte-erakundek hartu dute parte. Ricardo Machucak, SJM Mexiko-ren zuzendariak, eta María Vieyrak, SJM Espainiako abokatuak, migratzaileek eta errefuxiatuek mugarako bidean bizi dituzten zaurgarritasun-egoerei buruz hitz egin dute, eta sekuritizazio-politikei eta migrazio-kontrola kanpoko herrialdeen esku uzten duten politikei buruz hausnartu dute, halakoek pertsonen bizitzarako dakarten arriskua alde batera utzi gabe.

Gizarte zibilaren eginkizuna funtsezkoa da migratzaileen kolektiboei laguntzeko eta haien eskubideak defendatzeko. “Erdialdeko amerikarrak Estatu Batuetara joateko Mexiko zeharkatzen ari direnean, gizarte zibilaren erakundeek eta herritar partikularrek artatzen dituzte migratzaile horietatik % 90 baino gehiago”, adierazi du SJM Mexikoko Ricardo Machucak. “Espainia hegoaldeko muga 9.000 lagunek baino gehiagok zeharkatu dute. Magrebtik eta Saharaz hegoaldeko Afrikatik datoz, eta prekarietate eta sufrimendu handia bizi dute Marokoko lurretan”, azaldu du María Vieyrak. Gizarte-erakundeen eta, bereziki, Elizaren erantzuna oso handia eta beharrezkoa da testuinguru horietan. “Guztira 120 aterpetxez osatutako sare bat dago Mexiko zeharkatzen duten 3.500 kilometroetan. Elizak presentzia du eta oso eragile garrantzitsua da”, azaldu du Machucak.

Eskubideen urraketa gizarte zibileko erakundeek etengabe ikusten duten konstante bat da. “Espainian, besteak beste, arazo hauek identifikatu ditugu: lurraldean sartzeko eta, hortaz, nazioarteko babesa jasotzeko zailtasunak; berme juridikorik gabeko itzularazte sumarioak; asilo-eskatzaileen mugimendu-askatasunari mugak ezartzea; integrazioko eta ongizateko politika publikorik eza. Horrek guztiak arrisku handian jartzen du migratzaileen bizitza; izan ere, arriskugarritasun handiagoko bideetara jotzea dute erremedio bakarra” adierazi du Vieyrak. Mexikoko kasuan, “itzularazteak beroan egiten dira, eskubiderik gabe; Guardia Nazionalak giza harresi bat osatzen du, eta ez du migratzaileak artatzeko gaitasunik. Gainera, gero eta muga handiagoak jartzen zaizkio gizarte zibilaren lanari. Babesgabetasun- eta zaurgarritasun-arrisku handia sortzen da migratzaileentzat. Eta Gobernuaren erantzunak legez eta modu ordenatuan migratu behar dela aipatzen du”, Machucaren hitzetan.

Hain zuzen, migrazioaren esparruko politikoei dagokienez, honako hau azaldu du Machucak: “Estatu Batuetan, Trump administrazioak mugaren kontrola kanpora ateratzeko ahaleginak egin ditu. Hori horrela, migratzaileak itzularazteko herrialde segurutzat jo du Mexiko, eta bertara itzularazten ditu migratzaileak, nazioarteko babesa jasotzeko aukerarik gabe, familiak bananduz eta erdiratuz, eta toki jakin batzuk zein arriskutsuak diren ongi jakinik”. María Vieyrak ildo beretik zioen ezen, “Europar Batasuneko estatu kideek hirugarren estatu batzuekin sinatutako hitzarmen batzuetan ere, zeharkako itzularazteak indartu dira: horren adibide dira, besteak beste, Italia eta Libia, Grezia eta Turkia, eta Espainia, Maroko eta Mauritania”.

Hala eta guztiz ere, bada itxaropenik gizarte-erakundeen lanean eta migratzaile eta errefuxiatuen erresistentzia indarrean berean. “Alde ona migratzaileek berek dakarte, beren ametsekin, begiradekin, zailtasunak zailtasun bideari jarraitzeko gogoarekin, etorkizuna duen bizitza-proiektu duina bilatu nahian”.