Preguntas Frecuentes sobre la situación como extranjero/a en España durante el estado de alarma

  • Zer gertatu da nire atzerritartasun-tramitearekin?
  • Eta nazioarteko babesa (asiloa) eskatzeko tramitearekin?

 

Migratzaileentzako Jesuiten Zerbitzuak (SJM) galde-erantzunen bilduma labur hau prestatu du, migratzaileek eta asilo-eskatzaileek Espainian alarma-egoera dekretatu den egunetan izan ditzaketen zalantzak eta galderak jaso eta argitu nahian. Aldi honetan, administrazio publikoek ateak itxi dituzte eta bertan behera utzi dira aurrez aurreko tramite gehienak. Dokumentu honen bidez, egoera honetan ager litezkeen galderetako batzuei erantzun nahi diegu.

SJMren erakundeak dauden hirietan, hurrengo agindua arte bertan behera utzi da aurrez aurreko arreta. Hala ere, aldi honetan informazioa eta lasaitasuna eskatzen duten galdera asko agertu dira.

Aurreikuspenen arabera, noiz arte iraungo du Espainiako alarma-egoerak?

Joan den martxoaren 14an, Espainiako Gobernuak 15 egun naturaleko alarma-egoera dekretatu zuen, martxoaren 29 arte. Hala ere, Gobernuak alarma-egoera beste 15 egunez luzatzeko proposamena egin zion Diputatuen Kongresuari, eta joan den martxoaren 25ean Kongresuak luzapena onartu zuen. Hortaz, alarma-egoera apirilaren 12ra arte luzatu da.

Gobernuak berriz ere luzatu ahal izango du alarma-egoera, alarma-egoera adierazteko arrazoiek berdin jarraitzen dutela iruditzen bazaio eta Diputatuen Kongresuak onartzen badu. Beraz, ez dakigu ziur noiz arte iraungo duen.

 

  1. ATZERRITARTASUN-TRAMITEAK

Egun hauetan Administraziora joan behar dut atzerritartasun-tramiteak egitera. Joan naiteke? Eta aspalditik eskatuta banuen horretarako hitzordua?

Tamalez, egungo alarma-egoera indarrean egon bitartean, atzerritartasunaren eta nazioarteko babesaren arloko dokumentazio-tramiteak egiten dituzten administrazio guztiek itxi dituzte aurrez aurreko arreta-guneak, berariaz eta salbuespenez aurreikusitako kasuetarako izan ezik.

Beraz, aurrez adostutako hitzordu guztiak geratu dira bertan behera. Egin behar duzun tramitea ezinbestean aurrez aurre egin beharrekoa bada –adibidez, hatz-markak eman behar badituzu zure egoiliar-txartelerako edo nazioarteko babes (asilo) eskatzaile gisa identifikatzen zaituen agirirako, edo nazioarteko babesa lortzeko elkarrizketa edo bigarren elkarrizketa egin behar baduzu–, egoera-alarma amaitutakoan beste hitzordu bat lortzeko adi egon beharko duzu.

Ez dakigu ziur nola funtzionatuko duen zure probintziako atzerritartasun-bulegoetan hitzorduen sistemak alarma-egoera amaitutakoan.

Nolanahi ere, hitzordua zuk eskatu bazenuen, baliteke atzerritartasun-bulegoaren mezu bat jasotzea mugikorrean (SMS) edo eman zenuen helbide elektronikoan, hitzordu berri bat emateko. Hala ez bada, zure kabuz beste hitzordu bat eskatu beharko duzu.

Hitzordua lagun, abokatu edo gizarte-langile batek eskatu bazuen zure ordez, eska iezaiozu zuri jakinaraztea posta elektronikoz edo mugikorrean (SMS) zure hitzorduaren berri jasotzen badu.

Gainera, gogoan izan alarma-egoeraren adierazpenarekin salbuespenezko arrazoietara mugatuta dagoela gune publikoetako zirkulazioa, eta orain bizi zaren etxean edo harrera-zentroan / migrazio-zentroan geratzea dela hoberena.

Baina, nire hitzorduan aurkeztu behar nuen dokumentazioa (adibidez, nire herrialdeko aurrekari penalen egiaztagiria) datorren asteetan iraungiko da…

Administrazioak baliozkotzat hartuko ditu oraingo alarma-egoeran zehar iraungi diren dokumentuak; beraz, hala eta guztiz ere aurkeztu ahal izango dituzu. Lasaiago geratuko bazara dokumentua baliozkoa den bitartean aurkeztuta, telematikoki (Internet bidez) aurkezteko aukera duzu betiere, aurrerago azalduko dizkizugun gune ofizialetan.

Ebazteko dagoen atzerritartasun-prozesu bat dut. Gerta liteke alarma-egoeran jasotzea erantzuna?

Administrazioak atzerritartasun-arloko funtzionarioei emandako argibideen arabera, ondorengo izapiderik (adibidez, errekerimendurik) behar ez duten eta aldeko ebazpena jasotzekoak diren espedienteak ebatziko dituzte. Beraz, zure espedientea osorik badago eta baldintzak betetzen baditu, litekeena da erantzuna jasotzea.

Atzerritartasun-bulegoak errekerimendua egin dit eta 10 eguneko epea soilik eman didate erantzuteko, edo atzerritartasun-eskaera ukatu didate eta hilabete dut errekurtsoa jartzeko. Zer erantzun behar dut orain?

Egoera-alarma adieraztearekin batera administrazio-epeak bertan behera geratu direla jakinarazi du Gobernu zentralak. Horrek esan nahi du alarma-egoerak hasiera batean iraungo duen 15 egunak baliogabeak izango direla guztiak eta ez direla zenbatuko Administrazioarekin duzun epeetarako (eta gauza bera alarma-egoera luzatzen bada). Alarma-egoerako egun guztiak igandeak balira bezala hartu behar dituzu. Alarma-egoeraren amaiera adierazten denean, berriz ere zenbatuko dira egun baliodunak.

Esaterako, martxoaren 11n jakinarazi bazizuten 10 egun balioduneko epea duzula dokumentu bat aurkezteko, martxoaren 12a eta 13a soilik zenbatuko dira egun baliodun gisa. Ordutik aurrera, geldiarazita dago epea. Alarma-egoera egiaz apirilaren 12an amaitzen bada, egun horretatik aurrera 8 egun balioduneko epea geratuko zaizu eskatutakoa betetzeko. Hau da, kasu honetan, apirilaren 22ko asteazkenera arte.

Egoitza-txartela iraungita dut. Baliozkotasuna automatikoki luzatuko da alarma-egoeraren adierazpenarekin? Zer epe dut txartela berritzeko?

Atzerritartasun-araudiak ezartzen du, arau orokor gisa, zure egoitza-txartela iraungitakoan 90 egun naturaleko epea (hiru hilabete) duzula berritu dadila eskatzeko. Ez baduzu hala egiten, egoera irregularrean egongo zara Espainian.

Administrazioak ez du argitu egoitza-baimenen indarraldia luzatuko denik; beraz, ezin dugu ziurtzat jo hala izango dela.

Hortaz, egoitza-baimena berritzeko 90 egunak alarma-egoeran egon bitartean igaroko direla badakizu edo hala aurreikusten baduzu, saiatu zaitez berritzeko eskaera bitarteko elektronikoetatik aurkezten. Hori zuk zeuk egin dezakezu edo norbaitek egin dezake zure ordez, Internet bidez aurkezteko ziurtagiri digitalik badu, Erregistro Elektroniko erkidearen edo Mercurio plataformaren bitartez.

Atzerritartasun-bulegoak egoera horretarako prest daude jadanik. Aurkeztutako berritze-eskaera kontuan hartuko dute eta, dokumentuak falta badira ere, hori zuzentzeko eskatuko dute eta alarma-egoera amaitu arte ez da hasiko epea zenbatzen.

Orduan… paperik gabe banago eta kalean poliziarekin topo egiten badut, atxilotu nazakete? Atzerritarrak barneratzeko zentro batean (CIE) sar nazakete nire herrialdera kanporatzen saiatzeko?

Atzerritarrak barneratzeko zentroetan, orain barneratuta daudenak aske jartzeko neurriak hartzea da egungo joera, zailtasunak daudelako jatorriko herrialdeetara itzularazteko. Hala ere, atzerritartasun-legeak indarrean daude oraindik eta ezin dugu ziurtatu atxiloketarik egingo ez denik edo egiten ez denik, alarma-egoerak iraun bitartean Espainian legez egon ezean.

Beraz, zure egoera erregularizatzeko zain bazaude, hobeto da etxean geratzea, zure espedientea eta etorkizuna prestatzen. Zure segurtasunerako eta gure osasun-agintariek hala eskatzen digutelako, gaixotasuna ez dadin zabaldu.

Zer egin dezaket alarma-egoera horretan delitu baten biktima banaiz?

Salbuespenezko egoera gorabehera, Espainiako legeria penalak indarrean jarraitzen du erabat. Delitu baten biktima bazara, larrialdietako telefonora (112), polizien larrialdietara (091) edo Guardia Zibilaren telefonora (062) dei dezakezu, eta haiek adieraziko dizute nola jardun. Nahiago baduzu telefonoa ez erabiltzea, hizkuntza-arazoak edo bestelako kontu batzuk direla eta, hurbileko polizia-etxe batera edo Guardia Zibilen kuartelera joan zaitezke, guztiak baitaude salaketak jartzeko irekita.

Gogorarazten dizugu, halaber, genero-indarkeria salatzeko eta biktimei laguntza emateko telefonoek funtzionatzen jarraituko dutela. Eguneko 24 orduetan 016 telefonora dei dezakezu eta han 52 hizkuntzatan ere eman ahal izango dizute laguntza. Aurkitu informazio xeheagoa hemen.

Gogoan izan ez dizutela kalean egoteagatik zigorrik jarriko larrialdi-egoera bategatik atera bazara etxetik edo harrera-zentrotik eta egoera hori salatzera bazoaz agintariengana.

Espainian bisitan nago eta ezingo naiz nire herrialdera itzuli osasun-larrialdia amaitu arte. Espainian egon naitekeen 90 egunen ondoren, egoera irregularrean egongo naiz?

Ez, administrazioak Espainian legez egon zaitezkeen epea luzatu du, osasun-larrialdiarengatik itzuli ezin bazara. Hortaz, Espainian alarma-egoeraren adierazpenak iraun bitartean gutxienez, eta baita zure herrialdeak Espainiatik datozen pertsonen sarrera onartzen ez duen bitartean ere, egoera erregularrean egongo zara Espainian.

Immigranteei Arreta Humanitarioa emateko Programaren harrera-sisteman nago (PAHI). Alarma-egoerak iraun bitartean nire plaza galtzeko aukerarik dago?

Hasiera batean, harrera-sisteman ez da bajarik egingo Espainian alarma-egoerak iraun bitartean. Gainera, talde kalteberek harrera-plaza luzatzeko eska dezakete. Hala bada, hitz egin ezazu programako erreferentziako profesionalarekin (gizarte-langilea edo -hezitzailea).

 

  1. NAZIOARTEKO BABESAREN (EDO ASILOAREN) ESKATZAILEAK EDO ESKATZEKO ASMOA DUTENAK

Espainian nago eta asiloa eska dezaket. Nola egin dezaket?

Asiloaren edo nazioarteko babesaren eskaera aurrez aurreko tramite baten bitartez egiten da: asilo-elkarrizketa. Gaur egun bertan behera daude elkarrizketa horiek eta ez da ematen elkarrizketak egiteko hitzordurik. Saia zaitez bizi zaren hirian edo probintzian asiloa eskatzeko hitzordu-sistemak nola funtzionatzen duen jakiten, alarma-egoera amaitutakoan berehala egin ahal izateko.

Dagoeneko hitzordua baduzu asilo-elkarrizketa egiteko eta mugan, atzerritarrak barneratzeko zentro batean edo aireportu batean bazaude, hitz egin erreferentziako abokatuarekin; izan ere, baliteke zure asilo-eskaeraren prozedura lurraldeko prozeduraren bidez egitea, eta batzutan zure onerako izan liteke hori.

Baina asilo-eskatzailea naiz eta nire txartel gorria iraungitzear dago. Harrera-sistemako laguntzak jasotzen jarraitu dezaket?

Bai. Administrazio arduradunak jadanik aurrez ikusita dauka egora hori eta iraungita egon arren aldi baterako baliozkotzat hartuko du zure dokumentazioa. Argitu xehetasun horiek zure harrera-zentroko teknikariekin edo harrera-sisteman zure erreferentzia den GKEarekin.

Oraindik ez dut egin nazioarteko babesaren eskaera formalizatzeko elkarrizketa, baina… eskatu al dezaket nazioarteko babes-programan sartzeko?

Bai, eska dezakezu. Hitz egin ezazu PAHI programan edo nazioarteko babes-programako harrera-fasean zure erreferentzia den gizarte-langilearekin.

Nazioarteko babesaren eskatzaileentzako harrera-sisteman nago. Alarma-egoerak iraun bitartean nire plaza galtzeko aukerarik dago?

Harrera-sisteman ez da bajarik egingo Espainian alarma-egoera egon bitartean. Lehen fasean bazaude eta zuk beste bizilekurik eduki gabe amaituko bada, hilabetez edo alarma-egoera amaitu arte luzatzeko eskatuko da.

Egunotan Espainiara bidaiatu nahi dut. Aukerarik dut?

Osasun-larrialdi hau dela eta, Espainiak bere muga-kontrola indartu du. Joan den martxoaren 17tik eta datorren martxoaren 26ra arte (luzapen berrien baitan), poliziak kontrolatzen ditu sarrerak, baita Espainiak Europar Batasuneko beste estatu batzuekin dituen mugetan ere (Portugal eta Frantzia). Hasiera batean, Espainian legez bizi bazara edo mugaz haraindiko langilea bazara, sartu ahal izango zara.

Ez baduzu Espainian bizitzeko baimenik, oso litekeena da dokumentu-kontroletan sarbidea ukatzea, bai Europar Batasuneko barne-mugetan, bai Espainia eta Maroko arteko mugan.

Espainiako lurraldera sartzea ukatzen badizute, gogoan izan uko egiteko arrazoiak idatziz jakinarazteko eska dezakezula, eta doako laguntza legala jasotzeko eta interpretea izateko aukera duzula, behar izanez gero.

Zure jatorriko herrialdean edo zauden herrialdean zure bizitza edo osotasun fisikoa arriskuan dagoelako sartu nahi baduzu Espainian, lortu Espainian –eta ahal dela, zure helburuko hirian– dagoen elkarte, GKE edo abokatu baten laguntza, zer egin behar duzun azaldu diezazun.

Beste zalantzarik baduzu edo kontsultarik egin nahi baduzu, helbide honetara idatz dezakezu: info@sjme.org