Emakumeok Martxan programaren aurkezpena

Otsailaren azken hamabostaldian, Emakumeok Martxan programaren aurkezpen ofizialak egin ziren Euskadin eta Nafarroan. Aukera berezi horretan gurekin izan zen Justine Masika, eta haren lekukotzaren berri jaso genuen. Justine Kongoko Errepublika Demokratikoko Synergie des Femmes pour les Victimes des Violences Sexuelles (SFVS) sarearen presidentea da, eta Iruñean, Donostian eta Bilbon egindako aurkezpenetan izan zen. Haietan parte hartu zuen, halaber, ALBOANeko zuzendariak, María del Mar Magallónek. Horrez gain, berdintasunaren alorreko hainbat aditu izan ziren gurekin: Mª Teresa Fernández de la Vega, Mujeres por África Fundazioaren presidentea eta Estatuko Kontseiluaren presidentea; Teresa Laespada, Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuneko diputatua; Itziar Ruiz-Giménez, Nazioarteko Harremanetako irakaslea eta Afrikari buruzko Ikasketen Taldeko koordinatzailea Madrilgo Unibertsitate Autonomoan; eta Amparo Tomé, soziologoa eta hezkuntzaren soziologian espezializatutako ikertzailea.

Emakumeok Martxan Afrikako indarkeriatik bizirik ateratzea lortu duten emakumeei eta neskatoei laguntza emateko ekimen bat da, eta Rafael Miezaren legatu eskuzabalari esker gauzatu ahal izan da. Ongi jakinik erantzukizun handia dela legatu eskuzabal hori jasotzea, ezein ekintza martxan jarri aurretik diagnostiko bat egin genuen babes-eskearen eta migrazio-prozesuen munduan indarkeria bizi duten emakumeen premia nagusiak zein diren identifikatu ahal izateko. Ikerketa hori egiteko, indarkeriatik bizirik ateratzea lortu duten 150 emakumeren lekukotza ausart eta bihotz-zabalak bildu genituen. Gainera, beste 300 pertsonarekin aritu gara lanean, emakume horiei laguntzen dieten taldeak, tokian tokiko agintariak, tokian bertan aritzen diren nazioarteko erakundeetako langileak eta ikerketa egin den herrialdeetako profesionalak barnean hartuta.

Diagnostikotik atera diren ondorioak ikusita, 8 herrialdetan –Nigeria, Burundi, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Hego Sudan, Kenya, Etiopia, Hegoafrika eta Maroko– 10 proiektu abiarazteko ekintza-plan bat ari gara taxutzen. Haren bidez, 6.500 emakumerengana eta gutxi gorabehera 500 gizonengana iritsiko gara. Parte hartu duten emakumeen lekukotzek markatu digute hurrengo lau urteetarako bide-orria.

Mila esker haiei guztiei, hain ausartak eta eskuzabalak izateagatik!

Emakumeok Martxan programaren diagnostiakoa eskuragarri dago