‘¿Acoger sin Integrar?’ txostenaren aurkezpena Comillasen

Otsailaren 15ean, ‘¿Acoger sin Integrar?’ txostena aurkeztu zuten Madrilgo Comillasko Eliz Unibertsitatean, Comillasko Migrazioei buruzko Ikerketen Institutuko Migratzaile Behartuei buruzko Katedrak, Migratzaileentzako Jesuiten Zerbitzuak eta Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak egina, Hospitalidad.es kanpainaren baitan. Lan horretan, Espainiako harrera-sistemak zer ezaugarri dituen aztertzen da, batetik, eta nazioarteko babesaren eskatzaile eta onuradunen benetako integraziorako zer baldintza dauden, bestetik.

Comillasko Unibertsitateko Ekitaldi Aretoan, 90 bat lagun elkartu ziren, eta haien aurrean, Julio Martínez apaiz jesuitak, Comillasko errektoreak, egin zuen ekitaldiaren sarrera, Francesca Friz-Prguda Espainiako ACNUR erakundeko ordezkariarekin eta Mercedes Fernández Comillasko Migrazioei buruzko Ikerketen Institutuko zuzendariarekin batera. Friz-Prgudak Europako kontinente osoan zehar hedatutako indarkeria-egoeratik ihesi dauden errefuxiatuak hartzearen aldeko alegatu bat egin zuen. Asiloari eta babesari buruzko munduko eta nazioko datuak aurkeztu ondoren, bitarteko gehiago jartzeko eta ongietorria emateko narratiba sozial bat sortzeko beharra aldarrikatu zuen, munduko herrialde garatuenetako harrera-politikak, behar-beharrezkoak direnak, indartzeko.

Ondoren, txostenaren egileek beren lana aurkeztu zuten. Cecilia Estradak, Errefuxiatuei buruzko Katedraren koordinatzaileak, lanaren aurkezpena egin zuen, eta gero, egileetako batek, Deustuko Unibertsitateko Gorka Urrutiak, ikerkuntzaren xehetasunak, Aristos Campus Mundus bekaren zati bat, erabilitako metodologia eta parte-hartzaileak aipatu zituen, bata bestearen atzetik.

Bestalde, Pep Buades Jesuiten Etorkinen Zerbitzuko (SJM) kideak eta lan-koadernoaren beste egileak Espainian asiloa eskatzen duten pertsonak gizarte- eta lan-arloan nahiz komunitatean integratzeari dagokionez zer ondorio atera dituzten azaldu zuen. Nabarmendu zuenez, sistema ofizialak zabalagoa izan behar du. Oinarrizko gizarteratze hori, funtsean, erroldatzearen bidez egiten da, osasun- eta hezkuntza-arloan sartu ahal izateko, eta balizko ezagunekin dituzten gizarte-sare bakanen bitartez ere gauzatzen da.

Juan Iglesias Migratzaile Behartuei buruzko Inditex Katedraren zuzendariak, eta txostenaren hirugarren egileak, harrera-sistemaren baldintza orokorrak azaldu zituen, alderdi soziologikoen eta ekonomikoen arabera. Babes-eskaera egiten dutenak askotan aldatzen dira etxez, eta, normalean, beste pertsona batzuekin batera hartutako pisuetan edo logeletan bizi ohi dira. Horrez gain, oinarri-oinarrizko baliabideak izan ohi dituzte, biziraupenekoak ia-ia, eta horien gizarte- eta lan-estatusak behera egiten du, hutsune handiak baitaude ikasketen eta prestakuntza-tituluen homologazioetan; horrenbestez, beren kualifikazio-mailatik behera dauden lanak egiten dituzte. Nabarmentzekoa da Espainian errefuxiatuen aurkako etsaitasun xenofoboaren kasu gutxi daudela, baina gizarte-sareek ez dute behar beste indar eta gaitasun asiloa lortzen duten pertsonak gizarteko arlo guztietan integratzea lortzeko.

Harrera- eta integrazio-sistemaren hutsune batzuk konpontzeko, Espainiako Asilo Legea, eskasa eta anbiguoa dena, zein SECA (Europako Asilo Sistema Komuna), anbibalenteegia dena, hobetzea gomendatzen da. Halaber, hutsuneak hauteman dira trantsizio- eta autonomia-faseetan ere: gizarte-laguntzak eta -sareak ez dira nahikoa, eta, horrez gain, autonomia-erkidegoek eta udalek Estatuaren erantzukizuna betetzen dute, tokian tokiko “laugarren fase” baten bidez; noski, koordinazio eta eskumenen zehaztasun falta argia izaten da. Azkenik, aldarrikatzen da asilo-eskaerak askoz ere arinago ebaztea; izan ere, eskaeren % 41, 2015az geroztik aurkeztutakoak, ebazteko daude oraindik.

Esteka honetan kontsulta dezakezu txostena