Bigarren Mundu Gerratik inoiz izan den errefuxiatu-krisirik handiena jasaten ari da mundua. Konpondu ezinezkoak diruditen gatazkak ditugu hainbat lurraldetan; esaterako, Sirian, Afganistanen eta Afrikako Adarrean. Hori dela eta, lurralde horietako herritar zibilak etengabe ihes egiten ari dira, beren bizitzak salbatzeko eta etorkizun hobe baten bila.
Errealitate horrek interpelatu egiten gaitu eta alderdi hauei buruzko hausnarketa egitera behartzen gaitu: gure harrera-ahalmena, sufrimenduarekiko enpatia sentitzeko ahalmena, eta horrenbeste min, desberdintasun eta bidegabekeria sorrarazten dituzten egoeretan laguntzeko dugun gaitasuna.
Hori dela eta, Jesusen Lagundiko Gizarte Sektoreko erakundeok gure ezagutza eta lana baliatu nahi ditugu, migratzaileekiko eta errefuxiatuekiko elkartasuna agertuko duen eta haien gizarteratzea ahalbidetuko duen kultura bat sustatzeko. Harrera, lankidetza, intzidentzia, sentsibilizazioa eta hezkuntza erabiliz, espazio bat sortu nahi dugu, pertsona horiei entzuteko, laguntzeko, babesteko eta ongietorria egiteko.
Jesusen Lagundiko Gizarte Sektoreko erakundeon lanak hiru lehentasun nagusi ditu: migrazioak, nazioarteko lankidetza, eta gizarte-bazterkeria arriskuan dauden adingabeak eta gazteak. Gure xedearekin bat datozen beste zenbait arlotan ere esku hartzen dugu, gizarte-bazterkeria egoeran dauden hainbat talderekin lan eginez.
Deskarga ezazu Jesusen Lagundiaren 2016ko urtekaria. Errefuxiatuen, lekualdatuen eta gerratearen, gosetearen eta jazarpenaren ondorioz euren herrialdeak uztera behartuak dauden pertsonen munduan zentratua dago.