Mugetako biktimak oroitzeko ekitaldiak

 

El Tarajaleko tragediatik 4 urte bete diren honetan, mugetan bizia galtzen duten migratzaileak oroitu ditugu zenbait ekintza eta eskaeraren bitartez

Otsailaren 6an El Tarajaleko ezbeharraren IV. urteurrena izan zen. Hain zuzen, duela lau urte, 15 pertsona hil ziren El Tarajal hondartzan, Ceutan, Espainiako kostaldera igerian iritsi nahian. Guardia Zibilari leporatu zitzaion uretan igerian zihoazen pertsonen kontra disuasio-elementuak jaurti izana; alabaina, duela gutxi bigarren aldiz artxibatu zen agenteen aurkako auzia. Hala ere, GKEek berriro errekurtsoa jarri dute.

Urteurren horren harira, biktimak oroitzeko hainbat ekitaldi egin ziren hilaren 6an Madrilen, erakunde eta kolektibo askoren artean antolatuak. Goizeko 11:30ean eskaera formal bat aurkeztu zen Europako Parlamentuaren eta Batzordearen Madrilgo egoitzan, otsailaren 6a Mugetako Biktimen aldeko Europako Egun izenda dezatela eskatzeko. Hainbat herrialdetako 127 erakundek baino gehiagok, horien artean Hospitalidad.es kanpainak, bat egin dugu eskaera horrekin, biktimak ofizialki oroitzeko egun bat ezar dadin.

Gero, 20:00etan, mugetako biktima guztien aldeko memorial sinboliko bat egin genuen. Biktima horien artean daude, besteak beste, duela lau urte El Tarajal hondartzan hildako 15 pertsonak eta aurreko asteburuan Melillako kostaldeen inguruan desagertutako 47 gorpuak. Ekitaldi horretan, biktima guztien omenez, zirkulu bat egin genuen kandelekin, musika egon zen eta mundu osoko mugetan bizia galdu duten pertsona batzuen izenak irakurri genituen. Guztira 250 pertsona inguru bertaratu ziren. Amaitzeko, adierazpen poetiko bat irakurri genuen, non gizarte zibilak egia, justizia eta erreparazioa eskatzen dituen El Tarajaleko tragediako biktimen senideentzat, ordutik lau urte igaro diren honetan.