Hospitalidad.es kanpainaren bigarren urtea

SAKATU HEMEN HOSPITALIDAD.ES KANPAINAREN 2017KO MEMORIA JAISTEKO

 

Amaitu berria den urtea, 2017a, Hospitalidad.es kanpainaren bigarren urtea izan da. Kanpaina hau Espainiako Jesuiten Probintziaren ekimen bat da, eta haren Gizarte Sektoreak bultzatuta eta tokian tokiko hezkuntza- eta unibertsitate-arloko erakundeek nahiz Jesusen Lagundiko pastoraltzek lagunduta egiten da. Hospitalidad.es kanpainak lau ekintza-eremu lantzen ditu: harrera, nazioarteko lankidetza, sentsibilizazioa eta intzidentzia. Jesuitek arlo horietan egindako ekintzen esperientzia oinarri hartuta, bigarren urte honetan lanean jarraitu dugu errefuxiatuen harrera-sistema ofizialaren hutsuneak betetzeko eta sistema horrek bazter uzten dituen arloei heltzeko; hala, gure hirietara iristen diren migratzaileei lagun egiten diegu, lekuan bertan lan egiten dugu haien jatorri-herrialdeen garapena lortzeko, eta sentsibilizazio-ekintzak bultzatzen ditugu jendearen eta politikarien kontzientzian eta iritzian eragiteko.

Gure herrialdean, Europan eta munduan dauden errefuxiatuek bizi duten egoerak gure kontzientzietan eragiten jarraitzen du, nolabait, eta erronka bat jartzen dio gure ekintzari. Gure herrialdera nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonak iristen ari dira, etengabe; indarkeria-egoeretatik ihesi datoz, eta luze itxaron behar izaten duten beren asilo-prozesuak noiz ebatziko zain. Pertsona horiek askotariko profilak dituzte, baina denak daude ahultasun-egoera berean. Irailean amaitu zen EBko birkokatze- eta berrezartze-kuotak betetzeko epea, eta hitzartutakoaren % 14 baino ez du bete Espainiak; beraz, ondoriozta dezakegu Espainia ez dela errefuxiatuentzako herrialdea, eta, gainera, ez duela izan nahi. Era berean, gure kostaldera iristen diren migratzaileak besoak itxita hartzen dira, orain gutxi egiaztatu ahal izan dugun moduan, hala nola Archidonako kasuarekin. Horrez gain, pertsona askok daramate bi urte edo gehiago Espainian. Hori dela-eta, horietako batzuek dagoeneko agortu dituzte sistema ofizialeko laguntzak, eta bazterketa-egoeraren arriskuan jarraitzen dute; beste batzuek, berriz, zailtasunak aurkitu dituzte gizartean eta komunitatean integratzeko prozesuetan. Horregatik guztiagatik, Hospitalidad.es kanpainaren bitartez egiten dugu lana behar-beharrezko da oraindik.

Harrera-baliabideak ugaritu egin dira, eta komunitate berriak eratu dira Hospitalidad.es kanpainako proiektuak abiatu zituzten Tokiko Plataforma Apostolikoetan. Geroz eta jende gehiagok egiten du bat errefuxiatuak hartzeko eta haiei lagun egiteko ekimenekin. Harrera eta lagun egindako pertsonen kopurua hazi egin da 2016arekin alderatuta: 35 nazionalitate desberdinetako 81 pertsona hartu dira harreran, eta 1.200 pertsonari egin zaie lagun. Intzidentziarekin eta gizartearen sentsibilizazioarekin lotutako ekimenak ere ugaritu egin dira: 160 ekimen egin dira Espainiako 40 hiritan. Horrez gain, Afrikan, Europan eta Ekialde Ertainean dauden errefuxiatuei eta lekualdatu diren pertsonei laguntzeko eta zerbitzua emateko jarduerekin jarraitzen dugu.

Gure aldetik, bihotzez eskertu nahi diegu Espainiako probintzia guztietako tokiko nahiz lurraldeko plataforma apostolikoen obra guztietan Hospitalidad.es kanpainaren bitartez garatutako sentsibilizazio-jardueretan eta harrera-prozesuetan esku hartu duten pertsona guzti-guztiei. Maiatzeko #YoTiendoPuentes (Nik zubiak eraikitzen ditut) ekimenek eta #YoSoyTierraDeAcogida (Ni harrera-lurraldea naiz) sinadura-bilketaren amaierak jarraipen handia izan zuten, jendearen mobilizazio-ahalmenari esker. Besteek gu ikustea eta entzutea lortu genuen, eta gure mezua zabaldu ahal izan genuen: gure arima zubiak eraikitzea da, harrera-lurralde berean bizi garen pertsonak garen aldetik geure artean elkartuko gaituzten zubiak eraikitzea. Eta 2018an ere abegitsu izaten eta hospitalitatez jokatzen jarraituko dugu, eta, noski, migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideak defendatzen.