SJMk bijiliak egin ditu atzerritarrak barneratzeko zentroetan (CIE) dauden pertsonekiko elkartasuna erakusteko

Pasa den asteburuan, Migratzaileentzako Jesuiten Zerbitzuaren (SJM) sareko hainbat erakundek ohiko otoitz-bijiliak antolatu dituzte, atzerritarrak barneratzeko zentroak (CIE) daudela salatzeko eta zentro horietan bidegabe sartzen diren migratzaileak ikusarazteko. Sevillan, Madrilen eta Bartzelonan egin dira salaketa-, sentsibilizazio- eta elkartasun-ekitaldi horiek, eta Claver elkarteak, Pueblos Unidos-ek eta Fundació Migra Studium fundazioak hartu dute parte haietan.

Urtarrilaren 17an, ostirala, 18:00etan, Sevillako Plaza Berrian, 70 bat pertsonak isiltasun-zirkulu bat egin zuten CIEetan dauden migratzaileen omenez, «Zertarako horma horiek? Itzul diezaiegun itxaropena» goiburupean. Sevillako Migrazioen Diozesiar Ordezkaritzak eta Claver-SJM elkarteak antolatu zuten, eta migratzaileekin lan egiten duten Elizaren hainbat erakundek hartu zuten parte. CIEetako bidegabekeriak eragin dituen barneratze-egoeren eta sufrimendu pertsonaleko egoeren benetako lekukotzak irakurri ziren.

Madrilen, urtarrilaren 18an, larunbata, izan zen otoitz-bijilia, 12:00etan. San Juan del Castillo fundazioko Pueblos Unidos zentroak antolatu zuen, Madrilgo Artxidiozesiko #MigrantesConDerechos eta Mesa por la Hospitalidad sareetako erakundeen laguntzarekin, eta 140 bat pertsona elkartu zituen Alucheko metroaren plazan, Madrilen, CIEtik oso gertu. Atzerritarrak barneratzeko zentro horietan izan diren migratzaileetako batzuek hartu zuten parte ekitaldian, Pueblos Unidos-ek lagunduta, baita talde horiekin lan egiten duten Elizaren gizarte-erakunde batzuek ere.

Pueblos Unidos-en zuzendari Iván Lendrinok eman zion hasiera ekitaldiari, «Hospitalitatearen alde, etsaitasunaren kontra» goiburupean. Ondoren, hauek egin zituzten hausnarketak, besteak beste: Jose L. Segovia, Madrilgo Pastoral Social e Innovación erakundeko bikarioa eta CIEko kapilaua; Javier Baeza, Vallecaseko San Carlos Borromeoko parrokoa; eta José Luis Pinilla, Espainiako Apezpiku Konferentziako Migrazioen Gotzain Batzordearen idazkaria. Elkartasun-jardunaldiari amaiera emateko, hausnartu eta otoitz egin zuten, eta omenaldia egin zieten zentro horietan daudenei, kandelen, musikaren eta otoitzen bidez.

Azkenik, urtarrilaren 18an, larunbata, 18:00etan, Fundació Migra Studium fundazioak 250 pertsona baino gehiago elkartu zituen Bartzelonako Zona Franca inguruko CIEren atean, erlijio arteko ohiko otoitz-bijilia egiteko, «No esteu sols, Prou Hostilitat»Ez zaudete bakarrik; etsaitasunik ez») goiburupean. Askotariko 45 erakunde (besteak beste, Cristianisme i Justicia, Cáritas, zenbait ordezkaritza diozesiar, SOS Racisme, Fundació Pere Tarrés, Consell Islámic de Catalunya eta Acció Católica Obrera) bijiliaren deialdiari atxiki zitzaizkion.

Ekitaldian, kristautasunaren, judaismoaren eta islamaren testu sakratuak irakurri ziren, migratzaileen aurkako etsaitasuna bazter dadila eskatuz, baita hospitalitatea sustatzen dutenen lekukotzak entzun ere. Lau musikarik lagundu zuten otoitzean, eta Ignasi Flores artistak bertaratuen eta gizarte zibilaren ahobatezko oihua jaso zuen CIEren atean margotutako 6 × 2 metroko horma-irudi batean: hospitalitatea nahi dugu. Bartzelonan bizitzen 20 urte baino gehiago eman ondoren zentroetan sartu zituztenen benetako lekukotzak, sufrimendu-, ziurgabetasun- eta bidegabekeria-kasuak, eta eskubideak urratu zaizkienen kasuak irakurri eta hausnartu ziren. Ekitaldiari amaiera emateko, CIEak daudenetik hil diren 11 pertsonen izenak irakurri zituzten Pau Vidalek (Migra Studium-eko CIE proiektuaren arduraduna), Carmen Juaresek (arrazismoaren kontrako aktibista feminista eta Askotariko Emakume Migratzaileen Elkartearen sortzailea) eta Buha Mahfudek (Giza Eskubideak eta Eskubide Zibilak Defendatzeko Iridia Zentroko legelaria).

Hiru bijilia hiru hiritan, mezu bakarrarekin, CIEak ixteko: «Ez isiltasunik, ez axolagabekeriarik; hospitalitatea nahi dugu. Etsaitasunik ez migratzaileen aurka».

Sinatu hemen CIEak ixteko eskaera babesteko