Migratzaileen irregulartasun administratiboari aurre egiteko neurrien dekalogoa aurkeztu du SJMk

Ohiz kanpoko krisialdi sozial, ekonomiko eta sanitario honetan, administrazio publikoen lana pertsona guztiak gizarteratzera bideratu behar da bereziki; batez ere, kalteberatasun-egoeran dauden pertsonak badira. Migratzaileen kasuan, zaila izango da gizarteratzeko helburua lortzea, horrekin batera ez bada haien egoera administratiboa erregularizatzen.

Egoera irregularrean dauden pertsonek gizarte-bazterketa eta lan- eta sexu-esplotazioa sufritzeko arrisku berezia dute, eta haietako asko bizi dira giza eskubideak argi urratzen dituzten egoeretan: osasun-zerbitzuak erabiltzeko arazoak, larrialdi honetan lanpostuak aurkitzeko zailtasunak –eta beharrezkoak dituzte aurrera ateratzeko–, gizarte-harremanik eza, diru-sarreren faltari erantzuteko prestazio publikorik ez… Migratzaileentzako Jesuiten Zerbitzuak ez du etenik egin migratzaileei laguntzeko eta haien kasuak eta historiak dokumentatzeko bidean, eta premiazko neurrien dekalogo hau proposatu du, jadanik existitzen diren lege-mekanismoetan oinarrituta, bat-bateko irregulartasun administratiboa prebenitzeko, profil kalteberen edo lan-harreman informala duten pertsonen erregularizazioa sustatzeko, eta irregulartasuna ez dadin izan eragozgarri datozen hilabeteetan migratzaileen giza eskubideak errespetatzeko eta babesteko.

  1. Premia handieneko neurria hau da: Barne Ministerioak jarraibide publiko bat ematea Estatuko segurtasun-indar eta -kidego guztiei, ez dezaten hasi egoera irregularrean oinarritutako zehapen-prozedurarik Atzerritartasun Legea urratzeagatik, gutxienez, gobernuak normaltasun berrira igarotzeko iragarri duen plana amaitu arte. Hala, egoera irregularrean dauden migratzaileak atxilotuak izateko beldurrik gabe atera ahal izango dira kalera.
  2. Argi eta garbi funtsik gabekoak ez badira, bizkor onartzea hasierako egoitza-baimenen eskaera guztiak, baita egoitza-baimenak berritzeko eskaera guztiak ere, izapidetzeko zain daudenak.
  3. Espainiara itzultzeko protokolo argia egitea alarma-egoera dekretatu zenean Espainiatik kanpo harrapatuta geratu edo jatorriko herrialdeko kontsulatuko zerbitzuen gomendioei jarraikiz herrialdetik atera ziren atzerriko legezko egoiliar guztientzat.
  4. Bat-bateko irregulartasunik gertatu ez dadin, Atzerritartasuneko Erregelamenduaren 71. artikuluak egoitza- eta lan-baimenak berritzeko xedatzen dituen irizpideak malgutzea, gutxienez 12 hilabeteko trantsizio-aldi batean. Gutxieneko kotizazio-aldiei buruzko irizpideak murriztea eta irizpide malgua erabiltzea indarrean dagoen lan-kontratu bat eduki beharrari buruz.
  5. Atzerritartasun Erregelamenduko lehen xedapen gehigarrian aurreikusitako mekanismoa aktibatzea. Egungo gizarte-egoeraren ondorioz salbuespenezko egoitza-baimenak emateko irizpideak eta prozedurak egitea.
  6. Arrazoi humanitarioen ondoriozko egoitza-baimenak lehentasunez ematea, eta Atzerritartasun Erregelamenduaren 126.3 artikulua malgutasunez aplikatzea, bizi dugun egoera dela-eta beren herrialdeetara bisa izapidetzera itzuli ezin diren atzerritarrei halako baimenak emateko.
  7. Ohiz kanpoko egoeren eta interes publikoko arrazoien ondoriozko egoitza-baimenak ematea, eta adiera zabalean eta egungo egoera kontuan harturik interpretatzea “interes publikoko arrazoiak” esamoldea, Atzerritartasun Erregelamenduaren 127. artikulua eta 2008/115 (EE) Zuzentarauaren 6.4 artikulua aplikatuz.
  8. Salbuespenezko egoeraren ondoriozko baimenak luzatzea, Atzerritartasun Erregelamenduaren 130. artikulua eta ohiz kanpoko egoeren ondoriozko baimenak luzatzeko aukera onartzen duen oraintsuko jurisprudentzia harturik oinarri. Kontuan hartzea zer-nolako eragina izango luketen norbaiten egoera pertsonalean egoitzakoak ez diren baimenak izapidetzeko zailtasunak eta irregulartasun administratiboak.
  9. Erakunde publiko baten tutoretzapean egon ohi ziren gazteen bat-bateko irregulartasuna saihesteko mekanismo juridikoak finkatzea. Figura juridiko horiek nahikoa malguak izan daitezela, prestakuntza-proiektu batean nahiz lan-merkatuan hastea ahalbidetzeko.
  10. Atzerritarren dokumentazioaz arduratzen diren polizia-kidegoei aginduak ematea berritze-prozeduretan baiezko isiltasun administratiboaren eraginkortasuna onartzeko protokolo bat egon dadin eta dokumentazio-izapidea arin egin dadin.

 

CONSULTA AQUÍ EL DECÁLOGO COMPLETO (cas)

CONSULTA AQUÍ EL DECÀLEG COMPLET (cat)