Venezuelako herriarekiko elkartasuna

Iragan urriaren 28an eta 29an, Venezuelako migrazioarekiko eta harrera-herrialdeekiko Elkartasunaren Lehen Nazioarteko Biltzarrean parte hartu zuen Entreculturas-ek Bruselan. Europar Batasunak, Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisariotzak (ACNUR) eta Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak (OIM) antolatu zuten biltzarra.

Nazioarteko komunitateak ere ordezkaritza izan zuen bertan, 500 lagun bertaratu baitziren hainbat erakunderen izenean: Latinoamerikako gobernuak, Europar Batasuneko zenbait estatu kide, Estatu Batuak eta beste herrialde emaile batzuk, Europako Parlamentua, garapen-bankuak eta nazioarteko beste finantza-erakunde batzuk, Nazio Batuen agentziak, fundazioak eta GKEak, Eliza eta enpresak, besteak beste. Haien helburua egoera zein larria den nabarmentzea zen, argi eta garbi azalduz zer ari den gertatzen eta zergatik den beharrezkoa eta premiazkoa nazioarteko laguntza handitzea.

Venezuelako krisiak Latinoamerikan azkenaldian izandako pertsonen lekualdaketa handiena eragin du, eta hango zifrek munduko bigarren migrazio-krisi larrienaren berri ematen dute. Azken urteetan 4,5 milioi venezuelarrek egin dute herrialdetik ihes, baina, gainera, 2020. urtearen amaieran zifra hori 6,5 milioira haziko dela zenbatetsi da. Migratzaileen eta errefuxiatuen kopurua etengabe ari da goraka, eta herrialdetik ateratzen direnak gero eta egoera prekarioagoetan ateratzen dira.

Venezuelako migratzaileen eta errefuxiatuen % 82 eskualde horretako herrialdeetan geratzen ari da, baina herrialde horiek ekonomia ahulak dituzte eta nazioarteko laguntza jasotzen dute. Guztiek adierazi dute premiazkoa dela milaka haur eskolatzeko bitartekoak izatea, gazteak prestakuntza teknikoko sistema nazionaletan txertatzea, eta zailtasunak dituztela tituluak eta elkargoko kidetzak bizkorrago konbalidatzeko. Laguntza humanitarioarekin batera, Latinoamerikako herrialde guztiek integrazioa duten jomugan, venezuelar herria geratzeko iritsi delakoan. 

Entreculturas-ek biltzarrera joateko gonbidapena jaso zuen Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzuarekin (JRS) eta Fe y Alegría-rekin batera eskualdean egiten ari den lan humanitarioarengatik. Beste GKE batzuekin batera, Entreculturas-ek posizionamendu bateratua atera du argitara, ikusitakoaren arabera erantzun humanitarioa hobetzeko alderdi garrantzitsuenak zein diren adierazteko.

HEMEN IRAKUR DEZAKEZU ENTRECULTURAS-EK ETA BESTE GKE BATZUEK ELKARREKIN EGINDAKO ADIERAZPENA

BILTZARRARI BURUZKO INFORMAZIO GEHIAGO