Atzerapausoa izan da migratzaileak eta errefuxiatuak babesteko prozesuan, zeinak ez baitu legezkotzen haiek berehala itzultzea

#Migrantes con Derechos sarearen adierazpena, migratzaileak berehala itzultzearen inguruan GEEAk emandako epaiari buruzkoa

Giza Eskubideen Europako Auzitegiko (GEEA) Sala Nagusiak ezetsi egin du N.D.k eta N.T.k Espainiaren aurka aurkeztutako demanda, 2017ko urriko lehenengo epaiko irizpidea aldatuta

Epai hori atzerapausoa da migratzaileak eta errefuxiatuak babesteko prozesuan, eta desengainatu egin ditu mugak kontrolatzeko prozeduretan giza eskubideen bermeak defendatzen dituzten gizarte zibileko erakundeak

Akatsa litzateke pentsatzea halako epai batek migratzaileak berehala itzultzeko prozedura legezkotzen duela

GEEAko Sala Nagusiak ezetsi egin du N.D.k eta N.T.k Espainiaren Erresumaren aurka aurkeztutako demanda (8675/15 eta 8697/15 errekurtsoak). Migrantes con Derechos sarearen arabera (zeina Migrazioen Gotzain Batzordeak, Cáritasek, CONFERek eta Justizia eta Bakearen Batzorde Nagusiak osatzen baitute), epaiak min egin die migratzaileei eta errefuxiatuei, baita mugak kontrolatzeko prozeduretan giza eskubideen bermeak defendatzen dituzten gizarte zibileko erakundeei ere. Hala ere, akatsa litzateke pentsatzea erabaki horrek legezkotu egiten dutela migratzaileak «mugan baztertzeko» prozedura; hau da, migratzaileak berehala itzultzeko prozedura.

Epaiak elementu doktrinal oso garrantzitsuak ditu. Lehenik, legezkotasuna kentzen dio Barne Arazoetako Ministerioak darabilen mugaren kontzeptu operatiboari. Epaiak aitortzen du auzi-jartzaileak Espainian sartu zirela eta Espainiaren jurisdikziopean zeudela; hortaz, bertako eta Europar Batasuneko ordenamendu juridikoa aplikatu behar zitzaien, baita giza eskubideei zegokienez ere. Hortaz, oro har, Espainiako agintariek ezin dute esan Estatuko segurtasun-indar eta -kidegoen euspen-lerroa zeharkatu gabe hesia saltatu dutenak Espainian sartu ez direnik. Eta ezin du egon migratzaileak mugan baztertzeko prozesua erregulatzen duen araurik aurresuposizio horretan oinarrituta.

Bigarrenik, GEEAk aitortzen du migratzaileak mugan kanporatzeko, itzultzeko eta baztertzeko edo haiei sartzen ez uzteko prozedura orok gutxieneko berme batzuk errespetatu behar dituela: pertsona identifikatzea, haien inguruabar pertsonalak ezagutzea, eta babesa eskatzeko eta lurraldetik behartuta ateratzeko erabakiaren aurkako errekurtsoa aurkezteko aukera ematea, abokatu-defentsako eta interpretazioko zerbitzuak eskainiz. Pertsona bat baino gehiago taldean itzultzen, baztertzen edo kanporatzen direnean (ez dago gutxieneko kopururik, ezta ezaugarri komun batzuk izatea ere), haiek kolektiboki kanporatzen dira, eta hori ez dator bat giza eskubideen Europako ordenamenduarekin. Ezin da egon kasuen tratamendu pertsonalizatua ezagutzen ez duen prozedura bat erregulatzen duen arau bat.

Egia da GEEAk bi salbuespen onartzen dituela prozedura pertsonalizatua izateko bermeei dagokienez: bata, banakoak modu aktiboan laguntzen ez badu identifikazio-lanetan; eta, bestea, muga legez kanpo eta ezarritakoak ez beste toki batzuetatik zeharkatzeko masa-efektuaz eta indarkeriaz baliatu badira. Kasu horietan, ezin da eskatu oro har balio duten bermeak aplikatzeko.

Azkenik, epaiak badu alderdi oso kezkagarri bat. Auzitegiak ezetsi egin du hainbat pertsona kolektiboki kanporatu direlako alegazioa, auzi-jartzaileek ez baitute frogatu ezinezkoa zela Beni Enzarreko igarobideko Asilo eta Babeseko Bulegora iristea, ezta asiloa eskatzea ere Espainiaren enbaxadan edo kontsuletxeetako batean.

Elizak gertutik laguntzen die hesiaren bi aldeetako migratzaile eta errefuxiatuei, eta zuzenean ikusi du Saharaz hegoaldekoek inoiz ezin izan dituztela zeharkatu Marokoko mugako kontrol-postuak Beni Enzarreko Asilo eta Babeseko Bulegora iristeko: Marokoko segurtasun-indarrek ez diete uzten mugara hurbiltzen, indarkeria erabilita. Gogoan izan behar da 2018an Migrazioen Gotzain Batzordeak Ceuta eta Melillaren eta Marokoren arteko mugetan migratzaileak berehala itzultzeari uzteko eskatu ziola Gobernuari.

Areago, azken urte eta erdian zenbait pertsonak lehen baino are zailtasun gehiago dituzte Asilo eta Babeseko Bulegora iristeko: siriarrak, palestinarrak eta irakiarrak. Yemendarrek eta egiptoarrek beti izan dituzte zailtasunak: marokoarrek soilik dituzte ateak zabalik, eta, besteren dokumentazioa erabiliz gero, baita aljeriarrek eta tunisiarrek ere.

Kezkagarria da Sala Nagusiak aukera horri eustea, baita kontsuletxe eta enbaxadetan bisak edo asiloa eskatzeko aukerari ere, garbi uzten baitu ez duela inola ere ezagutzen guk egunero pairatu behar izaten dugun errealitate hori. 

Migrantes con Derechos sareak lanean jarraituko du migratzaileekin eta errefuxiatuekin, mugako prozeduretako legezko bermeak bete daitezen eta Estrasburgoko Auzitegiak aipatutako legezko bide horiek benetakoak eta eraginkorrak izan daitezen. Era berean, espero dute Konstituzio Auzitegiak irmoki eta argi adieraztea Konstituzioaren aurkakoa dela legezko berme horiek mugatzea.