Lo-lekua eta jana ematera mugatzen ez den harrera

Elenak eta Albertek era guztietako zalantzak zituzten beren burua Hospitalidad sareko harrera-etxetzat eskaintzeko aukeran pentsatzen hasi zirenean. Zalantza horiek zirela-eta, gerta zitekeen ezetz esatea, baina azkenean, pausoa ematea erabaki zuten. Orain, bai haiek bai haiekin bizi den Luciano gazte ginearrak oso positibotzat hartzen dute esperientzia. Bideo honetan kontatzen dute.

Hospitalitate-sarea proiektuaren baitan dagoeneko martxan dauden harrera-esperientzietako bat da. Kataluniako Jesusen Lagundiaren egitasmoa da, eta hari lotutako pertsona eta erakunde guztiak inplikatzen ditu. Hainbat pertsonak, familiak eta erlijio-komunitatek beren etxeetako ateak irekitzea erabaki dute, lo-leku bat eta janaria eskaintzeaz gainera bstelako harrera bat ere egiteko; hau da, lotura afektibo eta sozialak sortzeko aukera ere ematen duen harrera egiteko.

Hala, gure hirietara duintasunez eta bakean bizitzera datozen pertsona pila horien egoerari erantzun zehatz bat eskaini nahi dio hospitalitate-sareak. Haien jatorria, kultura edo administrazio-egoera edozein dela ere, harrera-etxeek pertsona horiei sentiarazi nahi diete, onartuak izateaz gain, ospatu ere egiten dugula haiek etorri izana.

Horregatik, gure hirietan abegi onaren kultura sortzen lagunduko duten etxe bila dabil sarea, eta etxean pertsona bat hartu dezaketen familiei eskatzen die pentsatzeko aukera horretan, eta horri buruzko informazioa jasotzeko, Elenak eta Albertek egin zuten bezala.

Xarxa d’Hospitalitat proiektua

Proiektua Fundación Migra Studiumek kudeatzen du, eta zaurgarritasun-egoeran dauden migratzaile eta errefuxiatuei dago zuzenduta. Hain zuzen ere, larrialdiko harrera-programa bat du, kalean dauden edo kalean gera daitezkeen pertsonei epe laburreko harrera eskaintzeko, haientzat egoitza-baliabideren bat kudeatu artean.

Bestalde, hospitalitate-sareak iraupen luzeko harrerarako aukera ere ematen die –6 eta 12 hilabete artekoa– etxea eskaini duten pertsona edo familiei. Migratzaileak edo errefuxiatuak bizileku bat izango du eta ostatu-premia aseta izango du aurrez hitzartutako denbora-tarte batean, baina ez hori bakarrik: konpainia, entzungo dion norbait eta senidetasuna ere aurkituko ditu, eta horri esker, loturak eraikiko ditu, garatzea eta autonomia izatea errazago lortzeko.

Erabateko integraziorako eta autonomiarako bidea diseinatzeko laguntza

Denbora horretan, harreran dagoen pertsonari bere beharren araberako bide bat diseinatzen laguntzen zaio, hainbat alderditan: hizkuntza ikastea, lanerako prestakuntza eta lan-munduan sartzea, aholkularitza juridikoa, eta gizarte-, osasun- eta hezkuntza-zerbitzuak jasotzea. Helburua da pertsona horiek aurrerapausoak egitea, erabateko integrazioa eta autonomia lortzeko.

Proiektuari buruz eta harrera-etxe bilakatzeko aukerari buruz informazio gehiago jaso nahi dutenek edo sarean sartzen diren pertsonei borondatez lagundu nahi dietenek helbide honetara idatz dezakete: hospitalitat@migrastudium.org.


Albistea web orri honetan argitaratu da: Jesuïtes de Catalunya).