Tarajalgo tragediaren V. urteurrena

Asteazkenean, otsailak 6, bost urte bete ziren Espainiako mugan inoiz izandako tragedia handienetako bat gertatu zenetik. Hamabost lagunek bizitza galdu zuten Tarajalgo hondartzan, Ceutan, auzitan jarritako polizia-jarduketa batean: goma-pilotak tirokatu zituzten, eta ez zieten laguntzarik eman Ceutako kostara iritsi nahian igerian ari ziren migratzaileei.

Lege-auzia itxi ondoren, Cádizeko Probintzia Auzitegiak kasua berriz irekitzeko agindu zuen, 15 pertsona horiek zer baldintzetan hil ziren eta segurtasun-indarren aldetik deliturik egin zen argitzeko; izan ere, argudiatzen duenez, ez zen egon tragediaren lekukoei entzuteko asmorik. 2014ko otsailaren 6ko zorigaiztoko egun harez geroztik, hainbat erakunde ari dira bizirik atera zirenei eta biktimen familiei laguntza ematen. Oraindik ere, bost urte igaro eta gero, justizia lortzeko, egia jakiteko eta ordaina jasotzeko borrokan jarraitzen dute. Egun hauetan urtero mugetan hiltzen diren pertsonei egiten zaien omenaldia da gertaera hori ez ahazteko eta egun hartan kolpetik kendu zitzaien duintasuna berriz emateko modurik onena.

Oraingoan, 150 bat pertsona bildu ziren Barne Ministerioaren aurrean, Madrilgo Castellana pasealekuan, protesta egitera, giza eskubideak errespetatzen dituzten migrazio-politikak eskatzeko berriz ere, eta tragedia hartan hildakoen oroimenez. Hainbat erakundek egin zuten deialdia; besteak beste, Coordinadora de Barrios, Red Solidaria de Acogida eta Red Interlavapiés sareak, eta bertan bizirik atera zirenen edo halako bizipenak izan dituztenen lekukotzak irakurri ziren, egun hartako benetako audioak entzun ziren, olerkiak errezitatu ziren, eta aldarrikapen nagusiak azaldu ziren baterako adierazpen batean.