Bijilia solidarioak: CIE gehiagorik ez

Larunbat honetan, urtarrilak 19, atzerritarrak barneratzeko zentroetan (CIE) dauden pertsonen omenezko bijilia solidarioak egin ditugu hiru hiritan. Bartzelonan erreferentziako hitzordu bihurtu da bijilia; Madrilen bigarrenez egin da isiltasun eta otoitzezko ekitaldi hori; eta Sevillan, berriz, lehenengo aldiz egin da. Hiru hiriotan, SJM sarearen erakundeek (Migra Studium Bartzelonan, Pueblos Unidos Madrilen eta Claver elkartea Sevillan) ekitaldien antolakuntzan parte hartu dute.

Bartzelona

Gutxi gorabehera 200 pertsona bildu dira larunbat honetan, urtarrilak 19, Bartzelonako Zona Francan dagoen atzerritarrak barneratzeko zentroan (CIE). Migra Studium Fundazioko (Migratzaileentzako Jesuiten Zerbitzua) CIEra bisitak egiteko taldeak bosgarrenez antolatu du otoitz-bijilia hori, eta hogei bat entitatek egin dute harekin bat.

Kontzentrazioan berriz azpimarratu zen CIEak errotik bidegabeak direla, eta gobernuak zentro berriak irekitzeko asmoa duela ohartarazi zen. Ongietorrian irakurri bezala, CIE-ek alferrikako sufrimendua eragiten dute eta migratzaileak umiliatzeko, kriminalizatzeko eta estigmatizatzeko eraiki dira berariaz; hain zuzen ere, delitugile arriskutsuak soilik kanporatzen direla itxuratu nahi zio iritzi publikoari. Horri erantzuteko, «paperik gabekoen», asilo-eskatzaileen, aberrigabeen eta antzekoen duintasuna aldarrikatu zuen otoitz-bijiliak; izan ere, gizaki izate hutsagatik dagokie duintasun hori.

Otoitzaren lehen zatian, barneratze-zentroak bisitatzen dituzten Migra Studiumeko boluntarioek bildutako lekukotzak irakurri ziren. Salah, Mamadou, Alí eta Kiriren kasuak, baita beste istorio izengabe batzuk ere. Isilpean entzun ziren lekukotza horiek guztiak, CIEaren ateetan bertan, eta haietan saminaren, duintasunaren eta ausardiaren oihartzuna entzun zitekeen. «Beti jarraitu diot bide zuzenari, nire gurasoengandik eta erlijioarengandik ikasi nuen hori. Horregatik, lotsa handia ematen dit espetxe batean egoteak» dio Salahk. Ia-ia hogei urtez Lleidan bizitzen egon ondoren, jadanik harekin loturarik ez duen herrialde batera kanporatu zuten. Edo Kiriren hitzak: «paper bustian idatzita dauden hitzez osatutako mundu batera iristen gara: welcome, ongietorri…»; baina bidegabekeriak ontasunez janzten dituzten hitzak dira. Iritsi nintzenetik bizitza bakartia izan dut, kanporatua izateko arriskupean beti». Edo Guinea-Konakryko mutil baten drama, ibilbidean anaia txikia galdu eta gero.

Otoitzaren bigarren zatian, Bibliako eta Koraneko erlijio-testuak irakurri ziren. Otoitza amaitzeko, ebanjelioa irakurri zen (Mt 25:35): «Gose bainintzen eta jaten eman zenidaten; egarri, eta edaten eman; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen». Eta kandelak piztu eta aitagurea abestu zen.

Ilunabarraren hotza, horma eta harresien hotza, eta lekuaren urruntasuna: horrek guztiak gure munduan dauden bidegabekeriazko eta sufrimenduzko zulo beltz ugarietako bati buruzko kontzientzia harrarazi zien Zona Francara gerturatu ziren guztiei. Hoztasun horretan, ordea, ahobatezko deiadarra jaio zen: CIE gehiagorik ez, alferrikako sufrimendu gehiagorik ez.

Madril

Iragan larunbatean, urtarrilak 19, Pueblos Unidos zentroak – San Juan del Castillo fundazioak eta Migratzaileentzako Jesuiten Zerbitzuak (SJM) bijilia solidarioa antolatu zuten bigarren urtez, «CIE gehiagorik ez» lelopean, atzerritarrak barneratzeko zentroetan (CIE) itxitako pertsonen omenez. Gutxi gorabehera 80 lagun bildu ziren Alucheko metroaren plazan, zentro horretatik oso gertu. Madrilgo Migrantes con derechos eta Mesa por la Hospitalidad sareetan elkartutako eliz erakunde sozialek ere parte hartu zuten.

Ekitaldian zehar, erakundearen iritzia irakurri zen: zentro horiek itxi daitezela, eta giza eskubideak gehiago errespetatzen dituzten beste hautabide batzuk bila daitezela. Berriz azpimarratu zen bidegabea dela deliturik egin ez duten pertsonak zentro horietan giltzaperatzea, eta «egiaz, kartzela gisa funtzionatzen dutela» adierazi zen. Iraganean mugan eta CIE-etan izandako afrikar batzuen musika taldeak eta Pueblos Unidos zentroko erabiltzaileek ekitaldia girotu zuten, Europaren eta Afrikaren arteko harremanari eta zentroen ankerkeriari buruz hausnartzeko abestiak abestuz.

Pueblos Unidos zentroaren gertuko hainbat lagunek parte hartu zuten irakurketetan: besteak beste, Iván Lendrino zuzendariak; Madrilgo Pastoral Sozialeko bikario José Luis Segoviak; eta Baobab programaren arduradun Brígida Moretak. Olerkiak errezitatu ziren, eta barneratutako zenbait lagunen lekukotzak ere irakurri ziren. Amaitzeko, une batez elkarrekin otoitz egin zuten bertaratutakoek, isilean, askatasunez gabetutako pertsonen omenez kandelak piztu bitartean. Goiz hotza zen Madrilen, baina hala eta guztiz ere hainbat lagun hurbildu zen, deiadar batean gauza bera eskatzeko: ez dugu CIE gehiagorik nahi.

Sevilla

Igandean, urtarrilak 19, Sevillako erdigunean (Virgen de los Reyes plazan, Sevillako katedralari bizkarrez), Círculo de silencio aldarrikapen-ekitaldia eta No más CIE otoitz-bijilia egin ziren, zirimiriak ia-ia egun osoz iraun arren.

SJM elkarteak sustatu zuen Sevillako ekitaldia, Migrazioen Diozesiar Ordezkaritzarekin lankidetzan, Joaquín Castello apaizaren parte-hartzeari esker. Horrez gain, hainbat erakundek lagundu zuten; besteak beste, Sevillako Cáritas diozesarrak eta haren baitako Nazaret proiektuko harrera-etxeak; HOAC Sevilla elkarteko kideek; zenbait parrokiak, esaterako, Santa Cruzek; eta zenbait erlijio-lagunartek, besteak beste, Hermanitas de la Asunción kongregazioak.

Ekitaldian, SJMk prestatuko CIE gehiagorik ez posizionamendua irakurri zen eta Andaluzian CIE berririk ez irekitzeko eskatu zen, izan ere, jadanik bi CIE ditu, bata Algecirasen eta bestea Tarifan. Era berean, eskubideak urratzen eta alferrik sufriarazten duten instituzio horiekin akabatzeko eskatu zen. Azkenean, perutar musikari batek Leonard Coheren «Hallelujah» interpretatu zuen Panen txirula batean, eta José Antonio Delgado Millánek idatzitako «Desde el otro lado» abesti-olerkia abestu zen.