Igandean, urriak 25, VII. Topaketa egin zuen Alboan-Gazte Sareak. Indarrez, sentimenduz, kolorez eta musikaz betetako ekitaldi batean, gizarte abegitsuagoak eta kulturartekoagoak eraikitzeko konpromisoa berritu zuen sareak, eta pertsona guztientzako bizitza duina aldarrikatu zen.
Hasiera batean martxorako programatuta zegoen, baina sarea dinamizatzen duen begirale taldeak, jarduera bertan behera utzi behar izateagatik amore eman ordez, lanari ekin zion, egoera lagun ez izan arren topaketa prestatzeko. Formatu misto bat erabiliz –aurrez aurrekoa Bilboko Arrupe Etxean eta alboan.tv kanalaren bitartez– Euskadi eta Nafarroako ehun gaztek eta taldek baino gehiagok parte hartu zuten, eta bete-beteko programa batez gozatu.
Ongietorriak – Marhaba as Salamu ‘Alaykum izan da egun zeharo berezi horrekin bat egiteko eta Hospitalitate kanpainaren esparruan zenbait gai lantzeko gonbita: esaterako, elkarketa, dibertsitatea eta elkarrizketa. Harrera zenbait hizkuntzatan egin ostean (arabiera, euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa), benetan abegitsua izan zen truke-gune erreal eta birtual batean murgildu zen Gazte Sarea. Bi orduan baino gehiagoan, soinu eta dantzak partekatu genituen, bi musikariren eskutik: Iñaki Armendariz txalapartaria eta Sara Arboleda, cumbia kolonbiarraz gozatzera gonbidatu eta kultura afroa, indigena eta koloniala uztartzen dituen erritmo horrekin maiteminarazi gintuen emakumea. Jarraian, Euri Artean konpainiaren Hesiaren atzeko istorioak proiektuko antzezlan batek, Munduko grafitiek eta Amparo Sánchezen eta Macacoren El coro de mi gente abestiak bakea, batasuna eta positibotasuna ekarri zituzten hizpidera. Amaitzeko, La Basuk eta Mikelok aulkietatik altxatu gintuzten mugak hausten dituen rap baten erritmoan.
Denbora luzean ahaztuko ez dugun egun bat izan zen. Gazte Sareak ahalegin eta lan handiak egin ditu topaketa antolatzeko, ozen eta argi oihukatu nahian harrera-lurraldea garela, Hospitalitatea garela.
#hospitalitatea #iamchange
Topaketan izan ez bazinen, hemen ikus dezakezu: Alboan.Tv