VII. Edukalboan Jardunaldiak: kulturarteko eta arrazismoaren aurkako hezkuntza

Ekainaren 2an eta 3an, Edukalboan hezitzaile-komunitatearen zazpigarren jardunaldiak egin ziren; oraingoan, kulturarteko eta arrazismoaren aurkako hezkuntza partekatzera eta haren gainean hausnartzera gonbidatzen zuen. Ohiz kanpoko egoera bat bizitzea egokitu zaigunez, ezin izan ginen aurrez aurre elkartu, aurreikusi bezala. Horren ordez, bi bilera birtual egin genituen, eta erantzun bikaina jaso zuten.

Duela gutxi bizi izan ditugun gertaerek gogora ekarri digute egokia eta beharrezkoa dela lanean jarraitzea, jarrera arrazistak baztertu daitezen eta gazte eta nerabeak gai izan daitezen pentsamendua kritikoa garatzeko; hartara, gizarte kulturartekoak eta inklusiboak eraikitzeko zumeak ehundu ahal izango dituzten heldu arduratsuak bihurtuko dira.

Lehen saioan, hezkuntzaren alorreko 75 parte-hartzaile bildu ziren. Gasteizko Egibide ikastetxearen esperientzia ezagutzeko aukera izan genuen, Itxaso Ugarteren eskutik. Jatorri askotako ikasleak izateagatik bereizten den ikastetxe horretan Lanbide Heziketako irakaslea da Itxaso, eta bizikidetza ona eta egindako ibilbidea nabarmendu nahi izan zituen, nahiz eta orobat adierazi oraindik badagoela zer eginik.

Jarraian, Josemari Aymerichek –Iruñeko Sagrado Corazón ikastetxeko irakaslea eta Ikaskuntza eta Zerbitzu Solidarioko espezialista bera– Iruña, hiri irekia esperientzia aurkeztu zigun, ikasle talde batekin batera. Gizarte-hezkuntzako kulturarteko zerbitzuarekin (SEI) elkarlanean egin da, JRS-Europaren Change proposamenetik abiatuta. ALBOANek ere parte hartzen du Change izeneko ekimenean; haren bidez , aldaketa-eragile aktiboak izateko gonbit egiten zaie gazteei.

Ekainaren 3an, Stéphane Gruesori, Maldita.es webguneko Prestakuntzako arduradunari, entzuteko aukera izan genuen 67 parte-hartzailek. Gezurrak hautematearen eta iristen zaigun informazioa egiaztatzearen garrantziaz hitz egin zigun. Jardunaldiak amaitzeko, gure lankide Inés Vicentek CHANGE proiektua aurkeztu zigun: gazte eta nerabeentzako proposamen bat, migrazioaren, errefuxiatuentzako babesaren eta harreraren inguruan enpatia, pentsamendu kritikoa eta parte-hartzea lantzeko.

Ikaskuntzaz betetako bi egun izan dira, eta guk egina genuen plangintzaren aldean oso desberdinak izan arren, esperientziak, zalantzak eta kezkak trukatzeko aukera eman digute, eta gai horietan sakonduz arrazismoa gure gizartetik baztertzeko lanean jarraitu behar dugula berretsi.

Mila esker gurekin izateagatik!