‘Visibilizar lo Invisible’: etxeko lanetan diharduen emakume migratzailea

Migratzaileentzako Jesuita Zerbitzuak (SJMk) ‘Visibilizar lo Invisible’, Mujeres Migradas y empleo del hogar’ izeneko txostena aurkeztu du azaroaren 13an. Txostenak azterketa zehatza egiten du etxeko eta zaintzako lanetan diharduten emakumeen errealitateari buruz, eta emakume horiek lan-baldintza duinen alde egiten duten borroka  aitortzen du. Izan ere, emakume horiek hainbat diskriminazio jasaten dute, horrelako egoerak normalizatu dituen gizarte baten gutxiespenaren eta aintzatespenik ezaren ondorioz.  Eta etxeko lanetan oro har gertatzen diren eskubide-desparekotasun itzelak biderkatu egiten ditu langile horien eskubide-urraketak.

SJMko kide diren erakundeek Bilbon (Ignacio Ellacuria fundazio sozialak), Madrilen ( Pueblos Unidos zentroak eta San Juan del Castillo fundazioak), Sevillan (Claver elkarteak), Valentzian (SJM Valenciak) eta Valladoliden (Íncola sareak) egindako azterketa sakona oinarri hartuta, honako helburu hauek ditu txostenak: etxeko eta zainketako lanetan diharduten emakumeen eskubide-urraketen berri ematea, emakume horiek jasaten dituzten egoera bidegabeak erakustea eta emakumeek beren egoera hobetzeko eta herritartasuna erabiltzeko egiten duten antolakuntza eta salaketa-ahalegina agerian jartzea. Era berean, txostenak gizarte-erakundeen eginkizuna aztertu eta jardunbide egokiak identifikatzen ditu, eskubideak urratzen diren egoeretan emakumeak babesteko eta etxeko langileei haien borroka eta aldarrikapenetan laguntzeko.

Ikerlanak honako egoera hauek identifikatu ditu, besteak beste: lan-irregulartasunen eragin handia (emakumeen erdia ez dago alta emanda Gizarte Segurantzan eta erdiak baino gehiagok ez du idatzitako kontraturik); lan-eskubideak etengabe urratzea (galdetutako emakumeen % 70i ez zaizkio presentzia-orduak ordaintzen eta kontratuan aurreikusten ez ziren lanak egiten dituzte); eta esplotazio-egoerak (egoera hori bereziki larria da barne-erregimeneko etxeko langileen kasuan). Azken kasu horretan, elkarrizketatutako barneko emakume gehienek 12 lanordu baino gehiago egiten dute egunean, atsedenik gabe, opor-egunak eta jai-egunak errespetatu gabe eta jardunaldien artean edo asteburuan ezarritako atseden-orduak hartu gabe. Eta, are kezkagarriagoa, elkarrizketatutako emakumeen herenak salatu du laneko jazarpena, indarkeria, iseka edo sexu-abusua jasan dituela.

SJMren ustez, funtsezkoa da eragile sozialak eta politikoak mobilizatzea, gai horren inguruko jarrerak hurbildu eta adostasunak sortzeko, pertsonen duintasuna errespetatzeko eta etxeko langileen babesa eta eskubide guztiak bermatzeko.  Hori dela eta, nahi dugu gure politikoak Visibles.org webgunean kausa horrekin eta zaintzako lanari duintasuna emateko borrokan nahitaezkoak diren 8 lerro zuriekin konprometitzea.


IRAKURRI TXOSTENA HEMEN