Jesuitek Erdialdeko Amerikako eta Ipar Amerikako migratzaileekin duten sarearen (RJM CANA) XVI. urteko bilera Mexikon

 “Migratzaileek ez zuten legea hautsi, legeak hautsi zituen migratzaileak”. Horrela laburbildu zuen orain dela egun batzuk sentimendu kolektiboa Erdialdeko Amerikako eta Ipar Amerikako migratzaileekin jesuitek duten sareko bozeramaile batek, Mexikoko Unibertsitate Iberoamerikarrean urriaren 11n egindako prentsa-aurrekoan, RJM CANA sarearen XIV. urteko bileran.

RJM CANA sareak migrazioen arloan diharduten Erdialdeko Amerikako, Mexikoko, Ameriketako Estatu Batuetako eta Kanadako erakunde jesuitak biltzen ditu, baita Lagundiarekin lotura duten beste erakunde batzuk ere. Sarearen helburua da ekintza horiek lotzea eta horrenbestez migratzaileentzako eta errefuxiatuentzako zerbitzua sendotzea. RJM CANA sareak lekualdatutako pertsonen eta haien familien giza eskubideak eta duintasuna babesten ditu, laguntza eta arreta zuzena, ikerkuntza eta eragin sozial eta politikoa bitarteko.

 

mexicomigrantes1

Migrante en la zona de Bojay, México. / FOTO: Monteserín Fotografía

 

Urtero, sareko erakundeak biltzen dira, migrazio-fluxuen bilakaera eta migratzaileen beharrak aztertzeko, eta erantzuteko modu kolaboratiboagoak eta eraginkorragoak bilatzeko. Aurten, Mexikon egin da XVI. urteko bilera, eta bertan parte hartu dute ordezkari hauek: Gemma López Poveda eta Cristina Manzanedo (Entreculturas), Jaime Pons (SJM Espainia), eta Txaro Hernández eta Leire Morquecho (ALBOAN).

Erdialdeko Amerikan, Mexikon eta Ameriketako Estatu Batuetan dauden harresi ikusezinak salatu dituzte bileran. Inork ez du hitz egiten harresi horiei buruz, eta ez da erraza haietan gora joatea. Giza duintasuna urratzen duten harresiak dira, eta migratzaileen eta errefuxiatuen giza eskubideak sistematikoki urratzen dituzte, bai jatorrizko herrialdeetan, bai zeharkatzen dituzten herrialdeetan, baita helmugako herrialdeetan ere. Harresi horiei aurre egiteko, Erdialdeko Amerikako eta Ipar Amerikako migratzaileekin jesuitek duten sareak bost erronka hauek planteatu ditu:

  1. Donald Trumpek eraikiko duen harresi fisikoaren ideiarekin itsututa gaude, baina haratago begiratu behar dugu; Mexikoko eta Erdialdeko Amerikako harresiak ere ikusi behar ditugu, eta estatuei erantzukizunak eskatu behar dizkiegu.
  2. Gizarte zibilaren parte-hartze aktiboa behar da migratzaileei eta errefuxiatuei buruz gobernuak egiten ari diren eta 2018. urtean zehar ere egingo dituzten itun globaletan eragiteko. Urtearen amaieran Nazio Batuen Batzar Nagusiak onetsiko ditu aipatu itunak.
  3. Adierazi behar da, estatuen gabezia eta ahuldadea dela-eta, Erdialdeko Amerikako estatuetan eta Mexikon gizarte zibil antolatua dela migratzaileei eta errefuxiatuei harrera eta babesa ematen diena.
  4. Herritarrek apustu egin behar dute HOSPITALITATEA ematearen alde, eta bizitza zaintzearen alde. Bidezkoa ez den sistema legal, sozial eta ekonomikoaren aurrean erresistentzia adierazi behar dute, eta ekintza kolektiboa bultzatu behar dute. Ildo horretan, gero eta ekintza gehiago egitera deitu dute, hala nola arreta humanitarioa aterpetxeetan eta migratzaileentzako laguntza integrala. Halaber, oso positiboa da Ameriketako Estatu Batuetako hiri santutegietako erresistentzia, baita AEBko gobernuak immigrazioaren aurka ezarri dituen neurrien aurka egin duten tokiko agintari eta batzarkide batzuen ekintzak ere.
  5. Migratzaileek harresiak apurtzen jarraituko dute, bizitza duin eta seguru baten bila. Migratzea legez kontrakoa ez den gizarte bat nahi dugu. Eskubideak bermatuko dituzten politika publikoak nahi ditugu. Eta migratzaileek gure gizarteetan egiten dituzten ekarpen adierazgarriak aintzat hartzeko eskatzen dugu.

 

mexicomigrantes2
FOTO: Monteserín Fotografía
 “Egun hauetan, Erdialdeko Amerikatik iparralderako bidean doazen migratzaileei eta errefuxiatuei zerbitzu emate aldera gure bazkide eta senide latinoamerikarrek sarean egiten duten nazioarteko lan itzelaren eta indarraren lekuko izan gara” adierazi du Cristina Manzanedok. “Eskerrak ematen ditugu CANA sarean partekatu ditugun egunengatik. Eremu honetan asko ikasi dugu eta misio partekatua sentitu dugu. Sareko lana egundokoa da, inguru honetan gertatzen diren aldaketez ohartarazten gaitu, migratzaileei eta errefuxiatuei laguntzeko eta haien migrazio-proiektuetan hobeto defendatzeko. Atlantikoaren bi aldeetan sendotzen hasi diren proiektu partekatuek pozten gaituzte; adibidez, hospitalitatearen aldeko zenbait kanpaina egin dira, eta CANAren arreta-sarean SJM Espainiak ere parte hartzen du”, adierazi du Jaime Ponsek. “Harro nago Entreculturas-ek egin duen lanaz, konpromiso handiagoa hartzeko animatuta nago, eta migratzaileen eta asilo-eskatzaileen kausa justuen alde lan egiteko motibatuta”, azaldu du Gemmak, “baita ez lekualdatzeko eskubidearen alde ere: pertsonak beren herrialdeetan bizitza duina eta bakea izan dezaten lan egin, eta erakunde lagun eta aliatuekin batera gogotsu ekin lekualdatzeak behartzen dituzten kausak jorratzeari”.