‘Abegikortasun-bideak’ ekimena gerraren eta indarkeriaren izugarrikeriatik ihes egiten duten eta beren bizitza salbatzeko ibili behar duten pertsona guztiei egiten zaien omenaldia da.
Sirian, 12 urteko gerraren ondorioz, 13 milioi herritar baino gehiago erbesteratu egin dira nahitaez. Afrikako, Latinoamerikako, Ukrainako eta munduko beste leku batzuetako gatazkak medio, 100 milioi pertsona baino gehiagok ihes egin behar izan dute indarkeriatik, pobretzetik, bizitzeko baliabiderik ez izatetik edo klima-aldaketatik, bakearen eta etorkizun oparo baten bila. Europan ere milioika pertsonak egin zituzten bideak iraganean eta gaur egun ere egiten jarraitzen dute, bakearen, giza eskubideekiko errespetuaren eta balio demokratikoen gizarteak eraikitze aldera.
Bide horiek irekita jarraitu behar dute abegi eske Europako atea jotzen duten pertsonentzat eta baita ere trukearen aberastasunaren eta gure bizitzarako abegi oneko hiri, herri eta eskualde izateak eskaintzen dituen aukeren sinbolo gisa. Etorkizuna elkarrekin eraiki ahal izango dugu baldin eta Bakean oinarritutako abegikortasun, elkartasun eta inklusioko kultura bat sortzen badugu soilik.
2023an, ‘Bakearen aldeko Bideak’ ekimena jarri genuen martxan Espainian, ECCA Social, Educsi (jesuiten ikastetxeak) eta Jesuiten Ikasle Ohien Espainiako Federazioarekin lankidetzan, eta Europa osoan, berriz, Europako Errefuxiatuentzako Jesuiten Zerbitzuarekin (JRS Europa), JECSErekin (jesuiten ikastetxeen Europako sarea) eta ECJArekin (Ikasle Jesuiten Europako Konfederazioa) batera. Ehunka pertsona atera ziren oinez ibiltzera kontinente osoko hainbat hiritan, bake eta abegi oneko kultura bat eskatuz.
© Sergi Cámara
Bake Bideak ekimena Frans Van der Lugt jesuitak utzi zigun ondarean du jatorria. 2014an hil zen Homseko setioan, ia 50 urte Sirian bizitzen eman ondoren. Bertan, etxalde bat eta zentro komunitario bat sortu zituen, hiriaren kanpoaldean. Frans Van der Lugt izugarri maite zuten bere komunitatean, eta oso ezaguna zen mendian urtero hainbat egunez ibilaldiak egiteagatik sinesmen erlijioso eta jatorri guztietako gazteekin. Bide horiek aitzindariak izan ziren gizateriaren defentsan, eta herrien arteko bakea eta bizikidetza sinbolizatzen dituzte ideologiez, sinesmen erlijiosoez, jatorriaz eta generoaz haratago. Bide horiek indarkeria, desberdintasun eta etsaitasun mota guztien gaitzespena irudikatzen dute.
Espainian, Abegikortasuna kanpainan, Van der Lugt aitaren ondarea jaso genuen, eta 2018an ekimen solidario hau sortu zen. Geroztik, jarraipena izan du, eta milaka pertsona atera dira bidea egitera dozenaka hiritan, errefuxiatuen duintasuna babesteko modua bezala.
Zure laguntza funtsezkoa da errefuxiatuekiko eta migratzaileekiko elkartasun- eta inklusio-kultura eraikitzeko.